2008/01/02

Web 2.0 eta hiztun gutxiko hizkuntzak: ikus-entzunezkoentzako azpitutuluak nola sortu

Web 2.0 delako etiketatxoa han edo hemen irakurri ez duten internautak gutxi izango dira honezkero. Marketineko arduradunen hitz zalapartatsu eta hutsez haratago, ez da erraza termino honen inguruko teoria (eta, batez ere, praktika) hitz gutxitan laburbiltzea. Baina gaia hizpide dudanez, ezaugarri nagusienetako baten berri emango dut behintzat.

Besteak beste, edukia da 2.0 motako webguneen funtsa. Eta eduki hori gunearen erabiltzaileek sortzen dute neurri handi batean; honen adibide ditugu Wikipedia, Flickr edo Youtube webguneak, esaterako. Toki hauetan ia eduki guztia erabiltzaileek sortzen dute (youtube-ren kasuan, igotzen dute esan beharko genuke).

Hiztun gutxiko hizkuntzen garapenerako oso garrantzitsua izan daiteke ezaugarri hau; izan ere, erakunde publiko nahiz enpresa pribatuek bere gain hartuko ez dituzten lanak bideratu daitezke web 2.0 motako webguneei esker.

Hona adibide bat garbi bat: ikus-entzunezko edukien ekoizpena ikaragarria izanda ere, oso gutxi dira euskaratu egiten diren filmak nahiz telesailak. Bikoizketa lanak motelak eta garestiak izan ohi dira: hasteko, jatorrizko testuak itzuli egin behar dira, eta ondoren bikoizketa-aktoreen eta soinu-teknikarien lana dator (urrats askoko katea: jende asko, dirua tamainan). Azpitituluen kasuan katea txikiagoa da (eta hortaz, ordaindu beharreko dirua), itzulpen lana nahikoa da-eta. Hala ere enpresa-banatzaile handiek ez dituzte hizkuntza txikiak haintzat hartzen; euskarazko azpitituluak dituzten bideo eskasak ekoiztetxe euskaldunei edo erakunde publikoen dirulaguntzei zor dizkiegu.

Telesail atzerritarrak P2P sareen bidez eskuratzen trebatuek ederki asko dakite bideo-fitxategiarekin batera beharrezkoa izaten dela azpitituluak dituen fitxategia eskuratzea. Azpititulu hauek zaletuek itzuli eta prestatzen dituzte, denon gozamenerako (eta askotan, hegoamerikako gaztelera hobeto ezagutzeko!). Ingelesetik gaztelerarako itzulpenak aurkitzea ez da zaila, baina euskararen kasuan gauzak oso bestelakoak dira.

Wikisubtitles wikia azpitutuluak itzultzeko wiki berezia da. Bere ezaugarri nagusiak bi dira:


  • Wikia izaki, edozeinek lagundu dezake itzulpenaren zati bat egiten (ez du zertan persona bakarraren lana izan behar).

  • Azpitituluak itzultzeko lanabesa izaki, testuak denboraren kodigoaren arabera ematen dira (azpitutuluetarako srt formatua jarraituta).

Wikian itzulpena bukatu ondoren, srt fitxategia eskuratu eta formatu hau onartzen duen bideoak ikusteko programaren bat erabiltzea besterik ez da gelditzen.

Animo, eta ea nor hasten den CSI edo House euskaratzen! ;o)

Informazio gehiago: Wikian itzulpenak egiteko argibideak, gazteleraz


No hay comentarios:

Publicar un comentario