2009/06/25

Alberto Surio: “Irrati telebista publikoak ez luke legez kanpoko taldeen propagandarako bozgorailua izan behar”

Xabier Lapitz kazetariak Alberto Surio EITBko zuzendari berria elkarrizketatu du gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan. Bere adierazpen guztien artean nabarmenduena legez kanpoko ezker abertzalearekiko erakutsi duen jarrera izan da:


“Zer ezker abertzaleri buruz ari gara? Batasunaren ingurukoaz? Sentsibilitate desberdinak daude, erakunde, sindikatu, talde legalak eta ez legalak. Nik uste dut irrati telebista publiko batek ez duela legez kanpoko taldeen ordezkari eta bozeramaileen bozgorailu izan behar. Horrek esan nahi du ezker abertzaleko sentsibilitatea duten pertsonak edo ahotsak ez dutela agertu behar? Ez, ez du hori esan nahi. Esan nahi du legez kanpoko talde edo ordezkariek, nire ustez, ez dutela irrati telebista publikoan propagandarako bozgorailua izan behar”.


Euskara bultzatzeko planei buruz ere galdetu dio Lapitzek. Oraindik hiru egun baino ez daramatzala karguan erantzun dio Suriok eta izateko bihozbera. Edonola ere, “ETB-1 errekuperatu eta jendea kate horretara zaletzeko” bere nahia erakutsi du. Beste hainbat gairi buruz ere aritu da Surio: krisiaren eragina, Nafarroa eta Iparraldeko delegazioak, ETB4, irrati telebista publikoaren eredua…


Guztiaren laburpen zehatza EITBren gunean bertan aurki daiteke. Webgune horretan ordea, ez zaio aipamenik egiten elkarrizketaren amaieran egon den tentsio uneari. Lapitzek galdetu dio ea ba al dakien zergatik Patxi Lopezek ez duen onartu bere programan elkarrizketarik egitea. Surioren erantzuna: “Ez daukat ideiarik ere, zerbait irakurria nuen. Bakoitza libre da egiten dizkioten gonbidapenak onartu edo baztertzeko, erantzun ahal dizudan bakarra da zuzendari orokor bezala ematen dudan nire lehenengo elkarrizketa hau dela”.


Nire ustez elkarrizketak izan ditu tentsio uneak, Izaronews-ek dioen moduan. Ikusteko dago Surioren jarduna nolakoa izango den EITBren gidaritzan. Xabier Lapitzen profesionaltasuna nire ustez agerian geratu da, EITBko langile batek izan ditzakeen interesen gainetik, Lapitz kazetaria gailendu da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario