2009/06/08

Hitza: euskararen aldeko inbertsioa

HITZA proiektua arriskuan dago Lea-Artibaiko Amankomunazgoak  orain arte ematen zion diru laguntza aurten kendu egin diolako. Mutrikuko Udalak diru laguntza mantentzen du, biztanle bakoitzeko urtean 2 euro, beraz 10.000 euro inguru. Nire ustez txalogarria.

Beste hainbat Udalek (Ondarroa, Lekeitio, Markina-Xemein, Etxebarria, Ispaster, Ziortza-Bolibar, Amoroto eta Mendexa) ez diote laguntzarik ematen krisi garaian gaudelako. Honelako egoeratan priorizatu egin behar da, eta badirudi Hitzak ez duela hainbeste garrantzi. Niretzat bai, eta hori da azaldu nahi dudana.

Zergatik da niretzat Hitza garrantzitsua.

Nik ez daukat egunkariak irakurtzeko ohiturarik. Badakit ona dela, baina ez ez det astirik izaten, eta egunean zehar libre dauzkadan minutuetan, ez naiz egunkari potolo eta luze bat irakurtzen jartzen. Munduan eta gure gizartean zer gertatzen ari den jakiteko Internet daukat, gero kotxean irratia jartzen det, eta gabaz Teleberri ikusteko ohitura det, beraz, ez det egunkari potoloak irakurtzen.

Hitza beste gauza bat da. Ez da egunkari potoloa, ez dakar realak edo athletic-ek egindakoaren (edo ez egindakoaren) kronika, ezta ere Donostian edo Bilbon geratzen diren gauzak. Izenak dioen moduan, Lea-Artibai eta Mutrikuko kontuak dakar, besterik ez.

Egunean Mutrikuri buruzko orrialde bat izaten degu, eta berdin beste herrietako albisteak ekartzeko. Publizitatea bai baina ez hainbeste, eta ezagutzen dituzun pertsonen zorion agurrak. Di-da batean irakurtzen da, ez da astuna.

Ni Mutrikuarra banaiz ere, ez diot uko egiten nere Lekittar odolari, ama bertakoa baita, eta estimatzen det bertako albisteak irakurtzeko aukera izatea.

Guzti honekin zera esan nahi det: Hitza irakurtzea neretzat ez da egunkari arrunt bat irakurtzea, beste zeozer da: gertuko informazioa irakurtzeko aukera bakarra, arina eta euskeraz. Berriz diot: eta euskeraz. Beste behin esango det: EUSKERAZ.

Egunkari baten helburua informazio zabaltzea da, eta egunkaria bera bide bat besterik ez da. Euskerazko komunikabideetan ez da horrela, kasu hauetan egunkaria bera ere helburu sozial eta kulturala da, informatzeaz gain, euskera zabaltzen eta bultzatzen ari direlako.

Adibide bat: gure herrietan euskaldunak izan arren erderaz alfabetizatu diren pertsona asko daude, adibidez gure gurasoak. Gaur egun 45 urtetik gora dituzten gehienak beraien formazioa erderaz jaso  zuten, beraz euskeraz irakurtzeko erraztasuna baino, erderaz irakurtzekoa dute.

Kolektibo hauentzako, eta euskeraren militanteak direnak alde batera lagata, Hitza da euskeraz irakurtzen duten informazio bakarra. Zergatik irakurtzen duten ? Ba gertuko informazioa delako. Seguruenez pertsona hauek ez lukete Berria irakurriko (euskeraren militanteak ez badira behintzat), ez bait dute erraztasun hori, bai aldiz Hitza.

Esandakoarekin ez det esan nahi Hitza perfektua denik, ez, ezer ez da perfektua. Agian  batzuetan ez zaizu gustatuko kontatzen dutena, bestetan pentsatuko duzu zure taldearen aldarrikapena ez dela zuk nahi bezela atera, bestetan pentsatuko dezu agintzen dutenen prespektiba atera dutela, bestetan pentsatuko dezu politizatua dagoela, ...., eta askotan horrela izango da. Bestetan gaizki ulertuak ere egon daitezke (ez da erreza izango herriko kazetarientzat herriko informatzailea izatea), baina gauza guzti hauen gainetik zera esango nuke: Bertako informazioa ematen duen komunikabide bakarra da, eta gainera Euskeraz.

Arrazoi guzti hauengatik, uste det Hitza beharrezkoa dugula, eta ez det uste biztanleko urtean 2 euroko laguntza ematea hainbeste denik. Dirua da, dudarik gabe, baina krisi garaian ere mantenu beharrezko inbertsioa, euskeraren aldeko inbertsio estrategikoa.

Honelako proiektu bat martxan jartzea ez da erreza, hainbat lekutan ez dute guk duguna, hiltzen laga behar ote degu ?

Informazio gehiago hemen


No hay comentarios:

Publicar un comentario