2009/06/17

Nabigatzaileen belaunaldi berria

Informazio teknologien azken joera aplikazioak webgunean bertan exekutatzea da. Horren adibide garbia dira posta-zerbitzuak, bulegotika aplikazioak eta, azken finean, gero eta webgune aberatsagoak. Horrek web nabigatzailean gero eta funtzio gehiago exekutatzea dakar. Hori dela eta, ezartzen zaizkien eskakizunak bestelakoak dira: arintasuna, abiadura eta abar… Horrekin guztiarekin, web nabigatzailea ordenagailuko aplikazio garrantzitsuenetakoa bihurtzen ari da.


Aste hauetan nabigatzaile ezagun batzuk beraien bertsio berriak kaleratzen ari dira. Batzuetan beta bertsioa izanda ere, guztiz funtzionalak dira eta azken ukituak soilik falta dituzte. Googleren Chrome 2, Opera eta Appleren Safari 4 lasterketa hasteko prest daude. Mozilla Firefox 3 bidea egiten ari den beste hautagai bat da, eta Internet Explorer 8 ere hor dago. Googlek Chrome nabigatzailea atera zuenean, sekulako lurrikara eragin zuen. Nabigatzaileak beste ikuspuntu batetik ulertzea ekarri zuen, eta joera hori nagusitzen ari da. Itxura denez, aipatu diren azken bi nabigatzaileak atzera geratzen ari dira zentzu horretan.


Google Chrome 2


Nabigatzaile honek bere sorreratik harrera ona izan du, bere garatzailea Google izateak badu zer ikusia. Nahiz eta denbora askorik ez izan, jadanik Internet Explorer eta Firefox nabigatzaileen atzetik hirugarren erabiliena da. Hasieratik izan duen berrikuntza garrantzitsuenetakoa erlaitz bakoitza aparteko prozesu batean exekutatzea izan da. Horrek erlaitz bakoitza besteetatik independentea izatea dakar, eta baten bat zintzilikatzen bada ez da nabigatzaile guztia ixten.


Bertsio berriak, azkarragoa izateaz gain, erlaitz pribatua exekutatzeko aukera ematen du. Bertan, ez da gordetzen ez nabigazio-historialik ez eta cookie-rik ere. Hortaz, transakzio elektronikoak egiteko edo informazio konfidentzialarekin ibili behar denerako aukera interesgarria da. Kodearen estandarrak %100ean betetzen ditu, eta pixkanaka beste nabigatzaileek dituzten ezaugarriak ere bereganatu ditu. Oraingoz, Windows plataformarako soilik dago.


Opera 10
Beta bertsioan dago oraindik, baina jadanik ikus daiteke zer-nolako berrikuntzak dakartzan. Azkarragoa da, interfazean hobekuntza nabariak ditu eta, gainera, estandarrak erabat betetzen ditu. Interneteko zerbitzuak gero eta gehiago erabiltzen direla kontuan hartuta, zerbitzu horiek integratzeko esfortzua egin da. Horrela, posta elektronikoak bidaltzeko funtzionalitatea du, baita RSS jarioak gehitzeko ere.


Operak funtzionatzen duen plataformak anitz dira, Windows, Linux eta Mac-ez gain, Solaris eta OS/2 plataformetan ere badabil. Aipatzekoa baita, izan ere, Operak gailu mugikorretarako egokitutako nabigatzaileak dituela: Opera Mini sakelako telefonoetarako eta Opera Mobile smarphone eta PDA gailuetarako. Bertsio horiek guztiak, gailuen prozesamendu gaitasuna kontuan hartuta, horretarako optimizatu zituzten.


Safari 4


Appleren nabigatzailearen bertsio berria ere berrikuntzekin dator. Beste nabigatzaileetan ikusi den bezala, Safari 4ak ere garrantzi handia eman dio exekuzio abiadurari, eta asko hobetu du alde horretatik. Erlaitz pribatuaren funtzionalitatea ere badu, arrastorik utzi gabe nabigatzeko aukera. Estandarrak ere, beste biak bezala, Acid Test 3 proban %100ean betetzen ditu. Gainera, HTML5 eta CSS3 estandarrak betetzen ditu; horiek izango direnez etorkizuneko estandarrak, ezaugarri interesgarria da. Windows eta Mac plataformetan erabil daiteke Safari.


Hiru nabigatzaile hauen berrikuntzak ikusita, badirudi Firefox pixka bat atzera geratzen ari dela. Exekuzio abiadura eta estandarrak betetzea garrantzi handia hartzen ari da, eta zentzu horretan azkar mugitu beharko dute. Bere alde du Firefoxek luzapen eskaintza zabala, baina Google Chromek ezaugarri hori jartzean abantaila ez da hainbestekoa izango. Belaunaldi berriko nabigatzaileak hemen dira; hasi da lasterketa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario