2009/06/10

Nortasuna Interneten

Erabiltzaile bat Interneten sartzean eta ohiko ekintzak egiten hastean, posta elektroniko kontua ireki, sare sozialak erabiltzen hasi, edo beste abarretan, bere nortasun digitala mamitzen hasten da. Bere ekintzekin, sareko hainbat tokitan arrastoa uzten hasten da. Posta elektronikoa bidali, blog bateko sarrera bat idatzi, lagun bati erantzun; egunero egiten den jarduera arrunta da. Horrek guztiak erabiltzailearen sareko nortasuna osatzen du.


Gero eta zailagoa da sarean nortasun anonimoarekin ibiltzea. Izan ere, ia web gune guztietan erregistratzea eskatzen baita. Askotan, erregistratzea ezinbestekoa da haietan jardueraren bat burutzeko. Horren harira, gero eta ohikoagoak dira nortasun lapurretak eta horrek sortzen dituen arazoak. Mota honetako ekintzat %20 inguru igo dira azken hilabetetan. Nortasun ordezkapena jasan duten kasu batzuk sona handia hartu dute, Tuenti-ko grebara deitu zuen neskarena esaterako.


Hori dela eta, azken aldian asko ari da hitz egiten erabiltzaileek Interneten duten nortasunaz. Denboraren poderioz garatuz joaten dea nortasun hori, eta pribatutasunaren ikuspegitik ez ditu argi alde guztiak.


Pribatutasuna


Sare sozialak ezagunak egin aurretik ere pribatutasunaren arazoa bazegoen; horien erabilera hazteak, hala ere, handitu egin du. Sareetan ematen den informazioarekin kontuz ibili behar da; izan ere, norberaren bizitzaren zati bat guztien esku jartzen ari baita. Horrek ez du esan nahi ezer jarri behar ez denik, baizik eta norberak kontziente izan behar duela jartzen duen horretaz. Duela gutxi arte Facebook-ek erabiltzailearen informazio osoa gordetzen zuen, kontua ezabatuta ere. Horrek zalantzan jartzen du erabiltzailearen pribatutasuna. Horrez gain, bakoitzak jartzen duen edukiarekin, erabiltzaile soslai bat osatzen ari da. Hori, ondoren, marketin eta salmentarako sekulako baliabidea izan daiteke. Horregatik izan behar da kontziente ematen den informazioaz.


Nortasuna lapurtzea


Aurrez aipatu bezala, gero eta gehiagotan gertatzen ari da nortasuna lapurtzea. Normalean posta elektronikoaren kontuan eta sare sozialetan egiten d,a eta erabiltzailea leku txarrean uzteko izaten da. Askotan kontu horiek berreskuratzea oso zaila izan ohi da, lege aldetik ez baitago oso argi kontua. Hori dela eta, askotan erabiltzaile biktimak kontu berri bat ireki beste erremediorik ez du izaten.


Mota honetako ekintzen biktimak, sarean jarduera oso aktiboa duten erabiltzaileak izan ohi dira. Horretarako, sarean utzitako arrastoak jarraitu ohi dira. Esate baterako, ohikoa ez den ordenagailu batetik posta kontua atzitzeak uzten duen arrastoa nortasuna lapurtzeko abiapuntua izan daiteke. Kasu horietan, ordenagailuan informaziorik ez uztea komeni da, noski.


Eta hildakoan zer?


Galdera honek ere hainbat zalantza sortzen du. Pertsona bat hiltzen denean, haren ondasun materialekin nola jokatu behar bezala legeztatuta dago. Inork ez du zalantzan jartzen zer egin behar den. Baina zer gertatzen da sareko haren nortasunarekin? Zer gertatzen da haren sare sozialetako, blogetako, eta abarreko edukiarekin?


Legediaren aldetik, sekulako hutsuneak daude oraindik. Gainera herrialde askotako jurisprudentzia sartuko litzateke. Izan ere, ohikoa baita Interneten erabiltzailea herrialde batekoa eta erabiltzen den tresna beste batekoa izatea. Erabiltzaileak bere testamentuan jarri behar ote ditu irekita dituen kontu guztietako erabiltzaile izen eta pasahitzak? Gaia oso delikatua da, baina argi dago heldu beharrekoa dela. Izan ere, pertsona bat hiltzen denean, haren nortasun digitalarekin nola jokatu behar den ez dago batere garbi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario