2009/06/03

PDF dokumentuak kudeatzeko tresnak

PDF formatua Adobe Systems enpresak sortu zuen 1993an. Bere helburua erabiltzaile desberdinen artean dokumentuak partekatzea zen, plataformatik eta programatik independentea izango zena. Formatu horretan, irudiak, testua, letra-motak eta bi dimentsiotako bektore-grafikoak sar daitezke. PDF formatuak sortzeko eta irakurtzeko Acrobat suitea garatu zuen Adobek.


Urteetan PDF dokumentuek gero eta ezaugarri gehiago izan dituzte, eta horrek bere erabilera ere handiagoa izatea ekarri du. Hasieran formatuaren espezifikazioak itxiak baziren ere, jendeak PDFak irakurtzeko aplikazioak garatu izan ditu. 2008ko uztailetik aurrera, ofizialki estandar irekia izatea lortu zuen ISO 32000-1:2008 kodearekin.


Adobe Acrobat eta Reader


Hasiera batean guztia Acrobat izenaren azpian baldin bazegoen ere, gaur egun bi aplikazio bezala banatzen dira. PDF dokumentuak ikusteko software ezagunena Adobe Reader da dudarik gabe. Irakulearen bederatzigarren bertsioa dago kalean, eta pantailaren argazkiak egin edo dokumentuan bideoak sartzen uzten du. Orain artekoak bezala doan har daiteke.


Adobe Acrobat aplikazioa osoagoa da. PDF dokumentuak irakurtzeaz gain, sortzeko eta editatzeko ere balio du. Bulegotikako aplikazioekin sortzen diren dokumentuak PDF bihurtu nahi badira Acrobat izeneko botoia erabili behar da. Bertan azaltzen dira ematen dituen aukera guztiak. Bi PDF dokumentu bakar batean bihurtu nahi direnerako ere oso erabilgarria da. Horrez gain, formularioa sortzeko ere balio du. Acrobat aplikazioa ordainpekoa da, eta oinarrizko bertsioa 400 euro inguruan eskuratu daiteke.


Foxit


Azkenaldian ezaguna egiten ari den PDF tresna da Foxit. Bere ezaugarririk garrantzitsuenak abiatzeko behar duen denbora laburra eta bere arintasuna dira. Hainbat plataformatan erabil daiteke, hala nola Windowsen eta Linuxen. Dokumentuak ikusteko balio duen tresnak Foxit Reader izena du, eta horiek sortzekoak, berriz, Foxit Creator. Editatzeko balio duen tresna bat ere badu. Ikusten den bezala, PDF dokumentuekin eragiketa desberdinak egiteko balio duten tresna interesgarriak ditu Foxit etxeak. Tresna horiek, batzuk doakoak eta beste batzuk ordainpekoak dira.


OpenOffice 3


Software libreko bulegotika suite ezagunenak ere baditu PDF dokumentuak kudeatzeko hainbat tresna. Ezagunena bertsio batzutatik gehitua duena da, OpenOfficen irekita dagoen dokumentua PDF bihurtzeko aukera, hain zuzen ere. Horretarako, tresna-barran PDF jartzen duen botoi bat dakar. Baina hirugarren bertsioarekin batera pauso bat harago joan da. Azken bertsioan, PDFak irakurri eta editatzeko aukera dago. Horretarako, OpenOffice instalazio estandarrari luzapen bat gehitu behar zaio, Sun PDF Import Extension izenekoa, hain zuzen ere. Hori hartu eta instalatu ondoren, edozein PDF dokumentu ireki, alda eta gorde daiteke. Oraingoz, horretarako Draw eta Impress aplikazioak erabiltzen ditu, baina etorkizunean Writer erabiltzeko aukera jartzeko asmoa dago. Oraindik Beta bertsioa den arren, argi dago denbora gutxi barru OpenOfficerekin PDF dokumentuen gaineko eragiketa asko egin ahal izango direla.

No hay comentarios:

Publicar un comentario