2009/06/19

Zer dio Internetek nitaz?

seo-150


Norbaiti edo zerbaiti buruz gehiago jakiteko Internet erabiltzen dugu; beraz kontuz! geure sekretu eta besteek ezagutzea nahi ez dugun xehetasun askoren bozgorailu eta artxibo historiko ere bilaka daiteke eta. Denok irakurri edo entzun dugu kasuren bat: Facebook-en parrandako argazkiak izateagatik kontratatu ez zutenarena, produktu bati buruzko iritzi txarrak irakurtzeagatik konpetentziara joan direnena…


Facebook-eko edukiak guk jarri baditugu, ezabatu ditzakegu, baina zer gertatzen da eduki horiek beste edozein webgunetan baldin badaude? Demagun enpresa bateko kudeatzaile edo marketin arduraduna garela, gure enpresaren izena Googlen sartu eta lehen orrialdeko emaitza gehienak bezeroen kexak eta egunkarietan agertutako “propaganda txarra” direla. Hori ikustea ez da xamurra izango. Galdetu bestela SGAEri. Zer egin dezakegu horrelakoetan?


Honi buruz aritu ziren atzo Guillermo Vilarroig (Overalia) eta Iñaki Lakarra (Mondragon Unibertsitatea), Miramon Enpresa Digitalak antolatutako Ospea eta online monitorizazioa. Zer dio internetek nire enpresaz? Jardunaldian, Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean.


Behin kaltea eraginda, ezin da gauza asko egin edo behintzat oso zaila da konpontzea. Googleri eskatzen badiogu eduki zehatz bat kentzeko, hark webgunearen jabearengana jotzeko esango digu. Eta zer gertatzen da webgunearen jabeak ez badu onartzen kentzea? El País egunkariaren zerbitzu juridikoko Ana Ramosek adibidez dio, El Paísek ezin dituela bere artxiboak aldatu. “Hori historia faltsutzea litzateke. Artxiboak ezin dira ukitu”. Horregatik, inolako irtenbiderik gabe aurkitu baino, hobe erremedioa aurretiaz jartzea.


Hitzaldian entzun nuen guztitik ideia bat geratu zitzaidan argi. Gure enpresaren jarduna edozein dela ere, gure lanen zati bat edukiak sortzera bideratu behar dugu, oso garrantzitsua baita ahalik eta eduki gehien gure kontrolpean izatea. Horiek ongi posizionatzea lortuz gero, eduki kaltegarriak ez dira hain ikusgarriak izango. Beste behin ere etengabe esaten duguna konfirmatzen da: teknologia aurreratuena izan dezakegu, baina hori edukirik gabe hutsa da, ez da ezer, ez du etorkizunik. Horrekin esan nahi dena da garrantzitsua dela erakunde eta enpresek webguneak izatea, baina ez da nahikoa webgune horiek erakusleiho edo salmenta tresna hutsak izatea, erakundeek ere hitz egin behar dute, iritzia eman behar dute, gaiak landu behar dituzte, bloga, prentsa bulegoa edo gutxieneko jardun informatiboa izan behar dute. Horrela baino ez dute lortuko Interneten lehen pantailan (Googleko lehen 10 emaitzen artean) eurek nahi duten “curriculuma” osatzea.


Hala ere, alferrik izango da komunikazio estrategia oso baten plangintza, leialtasun eta jatortasunez jokatzen ez badugu. Jendea ezin da engainatu. Erratu bagara eta aitortzen badugu, hori ulertuko dute, gezurrak entzutea aldiz, ez zaigu inori gustatzen eta horrelako jokaeren oroitzapena, onena baino luzeagoa da, tamalez.


Eta orain sartu Googlen zuen izen-abizenak, ea zuen gustuko “curriculuma” aurkitzen duzuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario