2009/07/01

David de Ugarteri elkarrizketa: Galderak prestatzen


David de Ugarte

David de Ugarte


Aktualizazioa (2009-07-19): Elkarrizketa ARGIAn


David de Ugarte ziberaktibistari elkarrizketa egingo diot; nire galderak erantzuteko prest agertu da behintzat. Badakit ez dela oso ohikoa erreportaje edo elkarrizketa egin aurretik ezer esatea, baina orain arte egin ez dudan zerbait esperimentatu nahi dut, kazetal jardun parte-hartzaileagoa. Hau da, galderen prestaketa fasetik bertatik aukera eman nahi dut jendeak ekarpenak egin ditzan, uste baitut Internet munduan gabiltzanontzat intereseko pertsona bat izan daitekeela David de Ugarte.


Pentsalaritzat definitzen dute batzuk, Espainiako ziberpunkaren sortzailetzat besteak… Egia esan, currikulum zabala du 39 urteko madrildar honek. Japoniatik at idatzitako mugikorrentzako lehen eleberria idatzi zuen, Lia MAD phreaker; sare sozialei buruzko hiru liburu ere idatzi ditu 11M. Redes para ganar una guerra (2004), El poder de las redes (2005) eta De las Naciones a las Redes (2009); azken hori Pere Quintana, Enrique Gómez eta Arnau Fuentesekin batera. Aurki Filés: democracia económica en el siglo de las redes argitaratuko du (lanaren kopia jada sarean dago).


Bere liburu guztiak domeinu publikoari uzten dizkio, CC lizentziak garai berriko ultrakontserbadoretzat jotzen ditu eta wikipediaren “kudeaketa demokratikoa”rekiko kritikoa da.


Sare sozialetaz galdetu nahi diot, bere hurrengo liburuaz, ziberaktibismoaz, domeinu publikoaz eta CC lizentzietaz, Wikipediaz…


Eta orain blog honen irakurleoi, buztan luzearen (en/fr/es) zatiren batean zaudetenoi gonbita luzatu nahi dizuet zuen intereseko galderak egiteko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario