2009/07/10

‘Filé’ eredua edo demokrazia ekonomikoa

demokrazia-ekonomikoaAktualizazioa (2009-07-19): Elkarrizketa ARGIAn


David de Ugarteri egin nion elkarrizketa argitaratuko da ARGIA astekarian datorren astean. Elkarrizketaren hasieran diodan moduan, madrildarra aro berriko filosofoa da, etorkizuna orainera ekartzen duen pentsalaria. Gauza askori buruz ematen du bere ikuspegia.  Hala, sare sozialei buruz aritu ginen, jabetza intelektualaz, nazionalismoaz, enpresa eredu berriez…  Baina paperaren tiraniak kanpoan utzi du gauza asko, batik bat arlo ekonomikoarekin lotura dutenak. Horregatik eta berebiziko interesekoa iruditu zaidalako lerro batzuk gehiago eskaini nahi dizkiot hemen.


Aurki Filés: democracia económica en el siglo de las redes argitaratuko du (lanaren kopia jada sarean dago). Horrek eman digu aitzakia “demokrazia ekonomikoaz” eta Filé ereduaz hitz egiteko.


David de Ugarterentzat demokrazia ekonomikoa honakoa da. Bere erantzunaren zati bat ekarriko dut:


Dibertsitateak ere enpresaren barnean bizi behar duela onartzea da demokrazia ekonomikoa. Mende honetan enpresa (kooperatiba) definitzen duena ez dela produktu bat edo produktu linea bat, baizik eta sostengatzen duen komunitateak ezagutza sortzeko, ikasteko eta esperimentatzeko duen gaitasuna. Praktikan: hierarkia oso gutxi, batere ez esateagatik; deliberazio birtual asko; bozketa oso gutxi; esperimentazio asko eta etengabeko ikasketa prozesua.


Hori guztia Filé ereduan zehazten da. Lehenengo aldia zen kontzeptu horren berri nuela. Irakurritakoaren arabera, oso abstraktua egiten zitzaidan. Gaiaz hainbat galdera egin nizkion. Argigarriena honako hau da:


Zer abantaila ekartzen dizkio Filé bezalako eredu batek ekonomiari?


Filé batean parte hartzen dutenen ikuspegitik bizitza askoz ere aberatsagoa da, demokrazia ekonomikoak enpresa autokratiko batean alienatzailea den oro gainditzen baitu: Pertsona bat zara eta ez funtzio bat, guztia eraikia dago gauza berriak ikasi eta esperimenta ditzazun. Benetako segurtasuna, nahi duzunean alde egin ahal izatea dela ulertzen duzu. Zure kudeaketaren zatia zure gain hartzen duzu eta ez daukazu zertan aritu bilera eta batzarretan besteen baliabideengatik borrokan…


Ikuspuntu globaletik, filék ez dio jendearen pasaporteari begiratzen, ezta lurraldea kudeatzen duen gobernuari ere. Bere zergak ordaintzen ditu, ingurunean inbertitzen du eta berdinak diren beste batzuk bilatzen ditu lanerako. Irabaziak ez ditu ez inora, ez inorengana eramaten, baizik eta ingurumenean eta inguru sozialetan kooperatzen du.


Badakit utopikoa dela, baina horrela da, bai gurea bezalako filé txikietan (Sociedad de las Indias Electrónicas) eta baita gurearen aldean testuinguru kultural eta ideologiko oso desberdineko zonaldeetan filé eredurantz doazen talde handietan ere, muridiena kasu (jatorriz Senegalgoak eta bi milioi kide dituztenak).


David de Ugartek argitzen duenez, filé batean ez dago “kudeatzaile” eta “langile” banaketarik; egitura laua da, ez dago hierarkiarik. Eredu honen funtsa bere kideen arteko komunitate izaeran dago. Horretan kooperatibekin bat egiten du, baina de Ugartek nahasketarik egon ez dadin honakoa gaineratzen du: “Filé bat ez da komunitate elementuak dituen kooperatiba, ez da enpresa komunitate bat edo enpresa zehatzetan lan egiten duen jende multzoa. Alderantziz da, nahitaezko proiektu bat sustatzeko oinarri ekonomikoaz hornitzen den komunitatea da”. Hori da azken finean kooperatiben filosofiaren atzean dagoena edo egon behar litzatekeena.  Horregatik esan daiteke eredu honek sostengatzen duen demokrazia ekonomikoaren moldea kooperatiben irakasbideen oinordekoa dela.


Baina komunitate izaera hori ez dago lurralde edo eremu jakin bati lotuta. Duela hamarkada edo mende batzuk komunitate izaerak zerikusi handia zuen gertutasunarekin, inguruan bizi zirenekin. Gaur egun eta neurri handi batean Interneti esker, gerta liteke norberak Txina, Alemania edo Ameriketako norbaitekin edo norbaitzuekin afinitate gehiago izatea bizilagunarekin baino.


Nondik dator Filé izena?


Terminoa Neal Stephensonek (es, en, fr) erabili zuen lehen aldiz The Diamond Age or, A Young Lady’s Illustrated Primer (Diamantearen aroa: neska gaztetxoentzako eskuliburu ilustratua) (es, en, fr) liburuan. Postcyberpunk estiloko zientzia fikziozko eleberri horrek Bruce Sterling-en (es, en, fr Islands in the net (Irlak sarean) eleberriaren gauza asko jaso zituen. Azken hori eleberri politikoa da. Sterling-ek XXI. mendean demokrazia ekonomikoak biziko ziren mundua islatu zuen bertan.


Izatez, Atenasko Clistenesen (es, en, fr) erreforma demokratikoaren ondoren, “Demoa” (es, en, fr) osatzen zuen talde bakoitza zen filéa. Latinez, “tribu” bezala itzuli zen. Horregatik “tribu” hitzak hasieran komunitate errealaren eredua esan nahi zuen; gertutasuna, zenbait balore partekatzea, instituzioak eta oinarri ekonomikoa izatea adierazten zuen. Ondoren eman zitzaizkion “tribu” hitzari “gutxi zibilizatua” eta “primitiboa” adierak. Stephensonek ez zuen gaizki aukeratu hitza.


David de Ugartek ez du honetaz guztiaz teoriko batek egingo lukeen moduan hitz egiten, bere jarduna oso intelektuala dela iruditu arren. Badaki zertan ari den, Natalia Fernández eta Juan Urrutiarekin batera, Sociedad de las Indias Electrónicas elkartea eratu baitzuen 2002ko urriaren 2an, filé modura funtzionatuz. Sare sozialen analisirako teknikak garatu zituzten eta Interneteko zerbitzuak eskaintzen dizkiete hainbat bezerori. Elkarte horren izenaren zergatiak ere daramaten bizitzaren ikuspegia islatzen du:


Nondik dator Sociedad de las Indias Electrónicas izena?


Gure enpresa Sociedad de las Indias Electrónicas deitzen da, asko gustatzen zaigun mito bategatik:


Gaztelauak eta portugesek Amerika esploratzen hasi zirenean, ugaritasunaren lurralde hura paradisua –Mesopotamia ekialdean kokatzen zutena– izan behar zuela eta bertara “beste aldetik” iritsi zirela ondorioztatu zuten. Horregatik egin zuten lehenengo gauza izan zen “puruak” ez zirenei, “kristau berriei” eta moriskoei (es, en, fr) bertara joatea debekatzea. Kalkulatzen da garai hartako jendartearen %60 osatzen zutela.


Internet ulertzen hasi ginenean, konturatu ginen Indiak oraingo honetan India Elektronikoak zirela, esploratzaileak gu ginela eta ezin gintuztela portuan geratzera derrigortu.


Ideiak, kontzeptuak, filosofia biziki interesgarria da. Hori gaur egungo enpresa mundura eramateko, kasuan kasuko adibideak falta zaizkit. Agian David de Ugarteren filéan denbora batez praktikak eginda konpondu daiteke hori. Oraingoz gauza bat daukat argi: Edozein elkarte, erakunde eta enpresatan pertsonak dira garrantzitsua, zaindu egin behar dira. Baina era berean, ez da “eman” edo “hartu” kontu bat.


Guztiok ulertu behar dugu gure jarduna erabakigarria dela azken emaitzan eta emaitza hori ez dela beti zenbakitan neurtzen. Norberaren ongizatea eta garapen pertsonala, ikasketa prozesu etengabe baten partaide izatea funtseskoak dira. Guztion buruan hori izanez gero, talde bat izango gara, berau indartuko dugu eta ondorio eta emaitza positiboak baino ez ditugu aterako. Eta hori lortzeko kideen arteko komunitate izaera erabakigarria da. Baina, izaera horrek naturala izan behar du, berez sortutakoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario