2009/11/25

Elhuyar Fundazioak VII. Tesi Saria jarri du martxan, Basque Research webgunearen bitartez

Zazpigarren urtez, Elhuyar Fundazioak Tesi Saria jarri du martxan, Basque Research webgunearen bitartez eta UPV/EHUren babesletzarekin. Sariketa honen helburua da unibertsitatean egiten den ikerketaren dibulgazioa egitea, ikertzaile gazteena, batez ere. Horretarako, 2008an EAEko, Nafarroako edo Ipar Euskal Herriko edozein unibertsitatetan aurkeztu eta ontzat emandako tesien laburpenak bidali beharko dituzte parte-hartzaileek maiatzaren 31 baino lehen.

Hiru sari egongo dira jokoan: lehenengo saridunak ordenagailu eramangarri bat jasoko du, bigarren saridunak argazki-kamera digital bat, eta aipamen bereziak MP4 irakurgailu bat. Horiez gain, landetxe batean asteburu bat pasatzeko aukera izango dute lehenengo bi sailkatuek. Gainera, lan irabazleak nazioarteko zenbait webgunetara bidaliko ditugu, argitara ditzaten: Alphagalileo (www.alphagalileo.org), Eurekalert (www.eurekalert.org), Cordis Wire (http://wire.cordis.lu)...

Basque Researchek antolatutako sariketa honetan, tesiaren muina azaldu beharko dute parte-hartzaileek. Laburpen hori gizartera heltzeko moduan egon beharko da idatzita, hau da, modu erakargarri eta dibulgatiboan. Basque Reseachetik azaldu dutenez, “ez dira tesiak epaituko, baizik eta haiek era erakargarrian eta ulergarrian gizarteratzeko ahalegina”. Laburpenak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez idatzita aurkeztu daitezke, edo hizkuntza batean baino gehiagotan. Epaimahaia dibulgazioan adituak diren bost pertsonak osatuko dute, eta irizpide hauek hartuko dituzte kontutan laburpenak epaitzeko garaian: tesia laburtzeko ahalmena, azalpenen zuzentasuna eta erakargarritasuna, izenburua… Sariketaren oinarriak ikusgai daude dagoeneko www.basquerearch.com webgunean. Bestalde, sariketaren laguntzaileak izan dira Sistek Informática y Microsistemas enpresa eta NEKATUR.

No hay comentarios:

Publicar un comentario