2009/11/25

Elhuyar Fundazioaren VII. Zernola Olinpiadaren sariak banatu dira gaur goizean Donostiako Cristina Enea parkean

Elhuyar Fundazioak antolatu duen VII Zernola Olinpiadaren sari-banaketa eta festa ospatu dira gaur goizean Donostiako Cristina Enea parkean, eta DBH 1 eta 2. mailako 100 gazte inguru elkartu dira. Iñigo Azpitartek, Go!azen musikaleko protagonistak, girotu du gaur ospatu den festa, eta irabazleek Iñigoren beraren eskutik jaso dituzte sariak. VII. Zernola Olinpiadako saridunak hauek izan dira: Lehenengo saria Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako DBH2A ikasgelako gazteek lortu dute; bigarren, Lekeitioko R.M. Azkue ikastetxeko DBH2A ikasgelakoak gelditu dira, eta hirugarren, Donostiako Axular Lizeoko DBH2D gelakoak.

Irabazleez gain, Donostiako La Salle San Luiseko ikasleak ere gerturatu dira festara, laugarren postuan geratu direnak, hain zuzen ere. Goizean iritsi dira gazteak Cristina Enea parkera, eta taldetan antolatu ondoren, orientazio-proba bat gainditu behar izan dute. Iparrorratza eta mapa izan dira haien tresna bakarrak, eta Cristina Enea parkeko 1.100 metro karratuetan zehar ibili behar izan dute. Proba hori amaitutakoan, Iñigo Azpitartek girotutako sari-banaketan parte hartu dute Mandasko Dukearen jauregian.

Sariak

Lehenengo sariaren irabazleek, Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako DBH2A ikasgelako ikasleek, Espejoko aterpetxean bi eguneko egonaldi bat egiteko txartela jaso dute gelako guztientzako, Arabako Foru Aldundiaren babesletzari esker. Bigarren sariaren irabazleek, Lekeitioko R.M. Azkue ikastetxeko ikasleek, berriz, Plentziako aterpetxean bi eguneko egonaldi bat egiteko aukera izango dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker. Azkenik, hirugarren sariaren irabazleek, Axular Lizeoko 2.D gelakoek, egun bateko txangoa egingo dute Sobronera (Araba), eta, han, kanoan eta abentura-parkean ibiliko dira, Sobron Abentura taldearen eskutik. Gazteen garraioaz Aizpurua Autobusak enpresa arduratuko da. Gainera, aurten nobedade bat dago sarietan: laugarren eta bosgarren postuetan sailkatutako ikasgelek, Donostiako La Salle San Luiseko ikasleek eta Gasteizko Jesús Obrero ikastetxekoek, Andoaingo Leitzaran uraren interpretazio-zentroa bisitatzeko aukera izango dute.

VII. Zernola Olinpiadari buruz

2008-2009 ikasturtearen hasieran, Elhuyar Fundazioak VII. Zernola Olinpiada jarri zuen martxan www.zernola.net webgunearen bidez. Hilero, Euskal Herriko 33 ikasgelatako ikasleek zientziarekin eta teknologiarekin zerikusia zuten probak gainditu behar izan dituzte. Besteak beste, honako gai hauek landu dituzte: astronomia, teknologia, ingurumea, informatika… Lan guztiak www.zernola.net webgunean daude ikusgai. Parte-hartzaileek ikasturtean zehar ere sariak jaso dituzte, proba bakoitzaren ondoren. Sari horiek Eusko Jaurlaritzak, Berria-k, Donostiako Aquariumek, Gaztezulo aldizkariak, Zientziaren Kutxaguneak, Kukuxumusuk, Senda Vivak, Astitzeko kobazuloak, Iruñeko Planetariumek, Skunk Funk, Elkar, Karpin Abenturak eman dizkiete, besteak beste. Bestalde, irailean hasiko den VIII. Zernola Olinpiadan parte hartzeko epea jada irekita dago www.zernola.net webgunean.

Argazkietan, Lehenengo saridunak saria Iñigo Azpitarteren eskutik jasotzen, eta orientazio jokoaren une bat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario