2009/11/25

Elhuyarrek ekoizten duen Teknopolis telebista-saioak zientzia-dibulgazioaren Europako telebista-programa onenaren saria jaso du gaur

Elhuyar Fundazioak ekoizten duen Teknopolis saioak zientzia-dibulgazioaren Europako telebista-programa onenaren saria jaso du gaur, Euroscience Associationek (www.euroscience.org) antolatu duen Euroscience Media Awards 2009 sariketaren barruan. Zehazki, Teknopolisi egokitu zaion saria Jonhson & Jonhson popular science TV Award saria izan da. Sari-banaketa Hannoverren (Alemania) ospatu da gaur, eta saria jasotzera Maider Egüés Teknopolisen zuzendari eta aurkezlea, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia eta Beñar Kortabarria Teknopolis saioko erredaktorea gerturatu dira.

Teknopolis zientzia-dibulgazioaren Europako telebista-programa onena dela erabaki duen epaimahaia honako pertsona hauek osatu dute: Derek Nelson, AlphaGalileo Fundazioko negozio-zuzendaria, BBCko produktore ohia eta ESAko (European Media Centre-ko) aholkularia; Carl Johan Sundberg, Euroscience and Karolinska Institute-koa; Philippe Bijvoet, VRT The Flemish Radio and Television Network-ekoa; Frederik Wittock, Johnson & Johnson Pharmaceutical Research Europakoa eta Barbara Gallavotti, italiar telebistako kazetaria.

Maider Egüések adierazi duenez, “Europa mailako telebista-programa onenaren saria jasotzea oso garrantzitsua da guretzat, gure lanaren errekonozimendu bat baita”.

Teknopolisek 12 urte daramatza ETBko kateetan emititzen, eta atzo (urriak 13) egin zuten programaren aurkezpena Elhuyar Fundazioaren egoitzan. Elhuyarrek ETBrentzat ekoizten duen programa hau asteazkenero emango da ETB3n 21:30ean, eta igandero ETB2n 11:30etan eta ETB1en 20:00etan. Bestalde, aurreko denboraldietako programa guztiak eskuragarri daude http://teknopolis.elhuyar.org webgunean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario