2009/11/25

Irrika 05 aldizkariak opari musikal bat du esklusiban gazteentzat

QR kodea (QR-Code) informazioa gordetzeko puntu matrizea da, barra-kodearen antzekoa, baina bi dimentsiokoa. Jatorrian autogintzako piezen jarraipena egiteko erabili zen arren, izugarri ari da zabaltzen. Japonian, adibidez, aldizkarietan eta publizitatean erabiltzen da. Hemen ere zabalduko da, seguru, eta Irrikak baliabide hori erabiltzen lehenengoetakoa izan nahi du (edo lehena).

Baina ez du erabiliko kodea publizitatea egiteko, opari bat egiteko baizik: GOSEren azken diskoko Surik bai abestiaren bideoa. Oparia eskuratzeko, Irrika 05-a 32. orritik zabaldu behar da, mugikorra Internetera konektatu, kodea irakurri, eta GOSEren bideoa mugikorrean agertuko da.

Hain zuzen, Irrika aldizkariaren 5. zenbakiak GOSE musika-taldeko Ines Osinagari eginiko elkarrizketa dakar, beste elkarrizketa, artikulu, albiste eta bitxikeria askoren artean. Bada, GOSEk esklusiban eskaini dio bideo hori Irrikari, eta Irrikak bere irakurleekin partekatu nahi du.

Irrika aldizkaria 15-18 urteko gazteei zuzenduta dago, eta zientzia-, teknologia- eta gizarte-zientzietako gaiekiko irrika pizteko helburua du. Aldizkariaz gain, proiektuak badu webgune bat: www.irrika.net. Gune horretan, are informazio gehiago aurki dezakete gazteek, hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa), eta parte hartzeko aukera ere badute. Horretarako, sare sozialak ere erabiltzen ditu Irrikak: Facebook eta Tuenti.

Irrika proiektua EHU/UPVren ekimenez sortua da, eta Elhuyar Fundazioak lantzen ditu eduki guztiak. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien babesa du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario