2009/11/25

Klima-aldaketari buruzko monografikoa landu du Elhuyar aldizkariaren ekaineko aleak

Ekainaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta, aurten, klima-aldaketa izango du gai nagusia. Hain zuzen ere, Your Planet Needs You — Unite to Combat Climate Change (Planetak behar zaitu; batu klima-aldaketari aurre egiteko) leloa aukeratu du Nazio Batuen Erakundeak, klima-aldaketari aurre egin beharraz hausnarketa eginarazteko. Hori aitzakiatzat harturik, Elhuyar aldizkariko erredaktore-taldeak klima-aldaketari buruzko monografiko bat landu du ekaineko alean. Izan ere, alde guztietatik iristen zaizkigu klima-aldaketaren hotsak, eta edonon ikusten ditugu klima-aldaketaren irudiak. Hainbeste, azkenerako, zaila egiten baitzaigu jakitea benetan zer gertatzen ari den, edo zer dakigun gertatzen ari denaz.

Ekaineko zenbakian zailtasun horietan barrena mugitzeko tresnak landu nahi izan ditu Elhuyar aldizkariak, eta galdera hauek erantzun: Nola neurtzen da? Zenbateraino gaude ziur? Nork neurtzen du? Zer da hainbestetan aditzen den IPCC erakundea? Eta Euskal Herrian sortutako BC3 zentroa? Nola egiten dute lan? Funtsik ba al dute zientzialari eszeptikoen argudioek? C02-a da dena? Sortu da negoziorik klima-aldaketaren epeletan? Isurketa-eskubideen burtsaren kontu hori zer da? Klima-aldaketa eragozteko itsasoak burdinez ongarritzeak edo Lurraren inguruan ezkutu islatzaile bat jartzeak ba al du zentzurik? Eta zilegi da? Zein da gure ardura? Ez ote genuke hasi beharko neurri zorrotzak hartzen populazioa kontrolatzeko? Eta galdezka hasi garela, zer salbatu nahi dugu egiaz, eta zer dago benetan arriskuan? Planeta... geu? Bestalde, gogorarazten dizut maiatzean Elhuyar zientzia eta teknologia aldizkaria eraberritu dela. Itxura aldetik, diseinu eta formatu berriak ditu aldizkari berrian, eta edukietan ere badira aldaketak: informazioa eskaintzeaz gain, zientziako eta teknologiako gaiei buruz hausnarketa egiteko aukera ematen zaio irakurleari. Ekaineko alean, klima-aldaketari buruz hausnartu ahal izango du irakurleak, hain zuzen ere. Elhuyar aldizkariaren ekaineko alea dagoeneko kalean da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario