2009/11/25

Makinei hitz egiten nola irakasten zaien aztertu dugu Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren azaroko zenbakian

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian, makinen eta gizakien arteko komunikazioaren gaia sakon jorratu dugu azaroko zenbakian. Robot batek hitz egiteko zer zailtasun dituen eta makinei hitz egiten nola irakasten zaien aztertzen da, eta hizkuntza prozesatzeko beharrezkoak diren corpus handien inguruko informazioa ematen da. Gainera, zenbait hizkuntzalari, ingeniari eta informatikariekin elkartu gara, makina hiztunak nola egiten diren ezagutzeko.

Beste artikulu hauek ere argitaratu ditugu argitaratu berri dugun aldizkarian:

Etxe orratzak, non dago muga? Burj Dubai amaitzeko azken ukituak egiten ari dira hilabete hauetan. Munduko eraikin altuena da: zortziehun metro baino gehiago ditu. Eta dagoeneko mila metroak gainditu nahi dituzten hiru proiektu daude munduan.

Bestalde, urriaren hasieran jakin genuen nortzuek jasoko dituzten Nobel sariak 2009an. Obamari emandakoak eraman ditu izenburu eta kritika gehienak; guk medikuntza edo fisiologiakoaren, fisikakoaren eta kimikakoaren berri jaso dugu.

Infinituaz ere egin dugu gogoeta zenbaki honetan, Cantor eta infinituaren izua izeneko artikuluan. Izan ere, infinitua ez da intuizioz uler daitekeen kontzeptu bat. Intuiziotik haratago joan behar da ulertzen hasteko. Bada, Georg Cantor matematikaria abiatu zen intuizioaz haratagoko bidaia horretan, eta ospitale psikiatriko batean hil zen, garaiko matematikari askoren kritiken artean eta zalantza filosofikoz beteta.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren azaroko zenbakia dagoeneko salgai duzue liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org/edizioak webgunean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario