2009/11/25

Mexikon dagoen Teleskopio Milimetriko Handia hizpide, Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren urriko alean

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariak Mexikoko Puebla estatuko Teleskopio Milimetriko Handia izango du hizpide argitaratu berri den urriko alean. Gisa horretako teleskopiorik handiena izango da martxan jartzen dutenean, eta espaziotik datozen uhin milimetrikoak jasoko ditu. Itziar Aretxaga bilbotarrak han egiten du lan, eta teleskopio honen inguruko xehetasunen berri emango digu azken alean.

Honako gai hauek ere landu dira Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian: Mundu digitala atalean, Google Wave-ri buruz hitz egin du Igor Leturia informatikari eta ikertzaileak. Posta elektronikoa aurretik eramango duen olatua izateko jaio da Google-ren produktu berri hau, eta haren ezaugarriak aztertu ditu; Euskal Herrian egin diren petrolio-zundaketen aztarnei ere jarraitu diegu. Askok uste baino zundaketa gehiago egin ziren garai batean Euskal Herrian, gehien-gehienak Araban, eta, gaur egun arrasto handirik geratzen ez den arren, orduko argazkietan jasota gelditu ziren lan haiek. Bestalde, arrano arrantzalea berreskuratzeko ahaleginetan hasi dira Urdaibain. Pase-garaian ohiko bisitaria da hegazti hau, baina aspaldi utzi zion gure artean bizitzeari. Urdaibaiko, Andaluziako eta Eskoziako esperientziak ekarri ditugu zenbaki honetara. Analisien atalean, botiken eta elikagaien arteko mugaz hausnartu dute Gorka Orive eta Jon Zarate UPV/EHUko farmazia-ikertzaileek, eta material harrigarri batzuk aurkeztu dizkigu Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iñigo Ederra ikertzaileak: metamaterialak.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia
aldizkariaren urriko zenbakia dagoeneko salgai duzue liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org/edizioak webgunean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario