2009/11/25

Sakelako baterien gaia landu du Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariak uztail-abuztuetako alean

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren erredakzio-taldeak sakelako baterien gaia landu du, sakonki, argitaratu berri den uztail-abuztuetako alean. Haririk gabeko gailu eramangarriek askatasuna ematen dute bateriei esker, baina bateriak nahi baino maizago agortzen dira. Horregatik, udarako ale honetan, gure ordenagailu, telefono mugikor, argazki-kamera eta abarretako bateriak nolakoak diren jaso da erreportaje batean, eta baterien arloan lanean dabiltzanei galdetu zaie noiz eta nola iritsiko den hurrengo iraultzatxoa.

Gainera, beste artikulu hauek ere irakurri ahal izango dira ale honetan: Vladimir Hachinski neurologo Alzheimerrean adituari egindako elkarrizketa; Jan Smit geologo eta detektibearen ikerketa-lanak, dinosauroak meteorito baten talkak suntsitu zituela esan zuten lehenengo ikertzaileetako batenak; Iguazuko ur-jauziei buruzko argazki-erreportajea; denborak paperean egiten dituen margolari-lanak; baztangaren txertoaren istorio harrigarria; zientziari, sasizientziei eta gizarte irekiari buruzko hausnarketa, Juan Ignacio Perez Iglesiasen eskutik; transgenikoak landatzeko araudiari buruzko artikulua, Leire Escajedo eta Mertxe de Renobales ikertzaileen eskutik; eta mikroformatuei buruzko artikulu bat, Mundu digitalaren txokoan.

Bestalde, Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariak orrialde bat erregistratu du Facebook-en, non zientzia eta teknologiaren zaleek gai horiei buruzko hausnarketa eta iritzia elkarbanatzeko aukera izango duten. Gainera, argazki-lehiaketa bat ere abiatu du aldizkariak: parte-hartzaileek udara honetan ateratako zientzia eta teknologiari buruzko argazkiak igo beharko dituzte, eta zaleei gehien gustatu zaien argazkiaren egileak argazki-kamera bat eta motxila bat irabaziko ditu.

Informazioa guztia Elhuyar Aldizkariaren Facebook-eko orrialdean dago.

No hay comentarios:

Publicar un comentario