2009/11/25

Webgune, atal eta dekoratu berrituarekin dator Teknopolis saioa denboraldi berrian

Teknopolis saioak hainbat aldaketa egin ditu denboraldi berriari begira. Atal berriak estreinatuko ditu, ‘Vlog’, ‘Climate Trackers’ eta ‘Flash’ izeneko atal berriak, hain zuzen. Webgunean ere (http://teknopolis.elhuyar.org) hainbat moldapen egin dira, eta sareak eskaintzen dituen 2.0 tresnak gehitu zaizkio: erabiltzaileak Teknopolis-eko erreportajeak jaitsi eta blogetan txertatzeko aukera izango du, bideoak sare sozialetan partekatzeko aukera izango du eta, gainera, erreportaje bakoitzean iruzkinak egin ahal izango ditu. Iruzkinen bidez, ikusleen iritzia jaso nahi da eta erantzuteko aukera izan. Hala ere, erreportajeek Teknopolis saioaren eduki nagusia izaten jarraituko dute. Euskal Herrian(gaztelaniaz Euskadi ageri da) nahiz hemendik kanpo egiten diren ikerketa zientifiko eta teknologikoei erreparatuz jarraituko du Teknopolis-eko lantaldeak gaiak sakon aztertzeko. Hori guztia dekoratu berri bat estreinatuz egingo du ", asteazken honetatik aurrera, ETBn.


Denboraldi berriaren aurkezpena astearte honetan, urriaren 13an, egin da Elhuyarren egoitzan, Usurbilen, eta bertan Miguel Angel Idigoras Euskal Telebistako zuzendariak, Itziar Nogeras Elhuyarreko zuzendariak eta Maider Egües Teknopolis-en zuzendari eta aurkezleak parte hartu dute. Saioa babesten duten erakundeetako ordezkariak ere egon dira. Honako babesleen laguntza du saioak: Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.


‘Vlog’ izango da Teknopolis-ek estreinatuko duen atal berrietako bat. Hamabostean behin emango den bi minutuko tartea da. Haritz Rodriguez kazetariaren eskutik, gadget teknologikoei buruz hitz egingo dute, eta Interneteko azken joeren berri emango. Kalean grabatuko da, gertutasuna bilatzeko, eta praktikoa izatea du xede.


‘Climate Trackers’ tarteak, berriz, klima-aldaketaren ondorioei erreparatuko die. Europar Batasunak babestutako serie bat da eta klima-aldaketak mundu osoko faunan duen eragina aztertzen du. Atal bakoitzak animalia bat izango du protagonista.
Horrez gainera, ‘Flash’ izeneko sail berria izango da ikusgai. Argazki bati ematen zaio tartea. Argazki ikusgarri eta kuriosoak hartzen ditu, eta Elhuyar aldizkariaren ‘Flash’ atala du oinarri. Horri lotuta, sariketa bat jarriko da abian eta hilean behin ordenagailu ultraeramangarri bat banatuko da.


Aste honetako gaiak


'Erne: birusak!' erreportajearekin zabalduko dute denboraldi honetako lehen saioa. Azkenaldian, alerta-egoera asko sortu dira hainbat birusen inguruan: hegazti-gripearen birusa, A gripearen birusa, SARS koronabirusa.... Donostia Ospitaleko mikrobiologia-laborategia Euskal Autonomia Erkidegoko erreferentziazko laborategia da gripe kontutan eta bertan izan dira, baita Basurtuko Ospitalean ere: patogeno bereziak kalitate-kontrolarekin aztertzeko Europako Batasunean dauden erreferentziazko laborategietako bat dago Basurtuko ospitalean. Hainbat gaixoren testigantzak ere jaso dituzte erreportajean.


Erreportajearen gaiari lotuta eta birusen aurkako txertoez hitz egiteko, platoan Miren Basaras EHUko mikrobiologia-irakaslea elkarrizketatuko du Maider Egüesek.

‘Vlog’ atalean Haritz Rodriguez kazetariak "2.0" kontzeptua azalduko du Zarauzko azokatik.
‘Pilula’ tartean sexu-identitateaz arituko dira. Munduko Atletismo Txapelketan 800 metroko errekorra hautsi ostean, Caster Semenya kirolariaren sexu-identitatea azterbidean dago. Zergatik jartzen da zalantzan haren sexu-identitatea? Zer gertatzen da korrikalariaren kromosometan? Hori guztia argitzen saiatu dira.
‘Climate Trackers’ sailak azeri artikoa aztertuko du. Artikoan eta tundran tenperatura igotzearen ondorioz, azeri gorria iparralderantz mugitzen hasi da, eta azeri artikoa baino handiagoa izaki haren gordelekuak okupatzen ari da pixkanaka. Elikagai berberengatik borrokatzeaz gainera, azeri artikoaren kumeak harrapatzen ditu azeri gorriak. Gupidarik gabeko konpetentzia hori dela eta, azeri artikoa desagertzen ari da azeri arruntak hartutako lurralde artikoetatik. Horrez gainera, ‘Flash’ argazkian Yellowstoneko parkea erakutsiko dute.


36 atal izango ditu denboraldi berriak. Lehen emanaldia asteazketan ETB-3n izango da ordutegi nagusian 21:30ean, eta igandeetan ETB-1 eta ETB-2n izango da ikusgai, gaztelaniaz 11:30ean eta euskaraz 20:00etan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario