2009/11/25

XV. CAF-Elhuyar dibulgazio-sariak banatu dira gaur, eta bizidunen zahartzeari buruzko artikulu batek jaso du lehenengo saria

CAF-Elhuyar zientzia-dibulgazioko XV sariak banatu dira gaur arratsaldean, Miren Gaztañaga eta Gabriel Ocina aktoreek girotuta hamabost urte hauek ospatzeko egin den ekitaldi berezi batean.

Edizio honetako sariketara 16 dibulgazio-artikulu aurkeztu dira, eta hauek izan dira aurtengo sarituak:

1)Lehenengo saria: Xixareak, dortoka erraldoiak eta hidra hilezkorra izenburua duen lanarentzat izan da. Egilea Xabier Artaetxebarria Artieda donostiarra izan da. Saria: 1.200 € eta Imanol Andonegiren eskultura. Zahartzeari buruzko azterketa egin du egileak artikulu honetan. Oso erritmo desberdinetan zahartzen diren bizidunen adibideak jarri dizkigu lehenengo: efemeropteroen ordenako intsektuak ordu gutxi batzuk baino ez dira bizi, eta dortoka erraldoiak, berriz, berrehun urte bizitzera hel daitezke; baina kasurik muturrekoena hidrarena da, ez baita zahartzen. Zahartze-prozesuetan halako aldeak egotearen arrazoiak bilatu ditu zeluletan, geneetan, eta baita hautespen naturalean ere. Epaimahaiaren iritziz, “artikulu bizia eta aberatsa izateaz gain, egoki dakarzkigu bizitzari buruzko hausnarketa darwinistak, eta merezimendu osoz irabazi du lehen saria”.

2)Bigarren saria: Ardagaiak, basoak pizten dituzten txinpartak lanarentzat izan da. Egileak Ostaizka Aizpurua Arrieta zarauztarra eta Antton Alberdi Estibaritz elgoibartarra dira. Saria: 800 € eta Imanol Andonegiren eskultura. Ardagaiak dira artikulu honetako protagonistak; egileek argi utzi nahi izan dute leku garrantzitsu bat betetzen dutela basoetako ekosistemetan. Protagonista horien bidez, zuraren usteltzeari buruz hitz egin digute, eta horrek basoetako biodibertsitatean eta konplexutasunean duen eragin positiboaz.

3) Hirugarren saria: Polimeroak, minbiziaren aurkako terapiako Troiako Zaldiak izenburupean aurkeztutako lanarentzat izan da. Egileak Leire Perez Alvarez bilbotarra eta Maite Artetxe Pujana zeanuritarra dira. Saria: 600 € eta Imanol Andonegiren eskultura. Hidrogelak edo mikro/nanogelak aurkeztu dizkigu artikulu honek. Botikak garraiatzeko eta leku jakinetan askatzeko balio dute gel horiek, eta, horregatik, tresna baliagarriak izan daitezke minbiziaren tratamendurako.

4)Gazteentzako sari berezia: Haptika edo ukimenaren ustiapena izeneko artikuluarentzat izan da. Egilea Xabier Zabala Larrañaga errenteriarra izan da. Saria: 400 € eta Imanol Andonegiren eskultura. Artikulu honetan, ukimen bidezko komunikazio-sistemei buruz hitz egin digu egileak, hau da, haptikari buruz. Haptikaren hastapenak, aplikazioak eta etorkizunean izan dezakeen bilakaera aztertu ditu.

Aurten ere, lan irabazle guztiak apirileko Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian argitaratuko dira. Hamabost urte hauek biltzen zituen bideo-emanaldi batekin eman zaio hasiera ekitaldiari. Ondoren, aurkezleek, esketxen bitartez, zientzia eta teknologiaren dibulgazioaren inguruko parodia batzuk antzeztu dituzte, eta, azkenik, sari-banaketako ekitaldia egin da.

Epaimahaia eta aurkeztatutako lanak

XV. CAF-Elhuyar sarietara aurkeztu diren dibulgazio-artikulu gehienak medikuntzaren arlokoak izan dira, nahiz eta epaimahaiak beste gai batzuetako artikuluak ere irakurri ahal izan dituen, hala nola botanika, paleontologia, informatika, teknologia, elektronika…. Epaimahaia zientziaren eta euskararen arloan eskarmentu handia duten pertsonak osatu dute: Mikel Alvarez, medikua eta Gurutzetako Ospitaleko zuzendari nagusia; Joseba Etxebarria, ingeniaria eta Mondragon Unibertsitateko irakasle ohia; Koldo Nuñez, Geologian doktorea eta zientzia-dibulgatzailea; Txema Ramírez de la Piscina, Kazetaritzan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, eta Javier Duoandikoetxea, Matematikan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario