2009/11/25

Zementuaren degradazioari buruzko lan batek irabazi du Basque Research webgunearen VII. Tesi Saria

Elhuyar Fundazioak, Basque Research webgunearen bitartez antolatzen duen VII Tesi Sariko saridunak jakinazi ditu. Aurten, 62 lan aurkeztu dira guztira sariketara, eta lehenengo aldiz edozein ikasketa-alorretako tesiak onartu dira. Lehenengo sariduna UPV/EHUko Juan José Gaitero Redondo ikerzailea izan da, Doctor, creo que mi casa tiene osteoporosis (Mediku jauna, nire etxeak osteoporosia duela uste dut) lanarengatik.

Gaitero fisikaria da, eta aurkeztutako lanean, zementutik abiatuta, material horren degradazio-prozesua eta hezurretako osteoporosia edo hezurren desmineralizazio orokorra alderatzen ditu, “oso modu erakargarrian”, epaimahaiaren aburuz. Laburpen horrengatik, ordenagailu eramangarri bat eta asteburu bateko egonaldi bat jaso ditu Juan José Gaiterok, Sistek Informática y Microsistemas eta Nekatur elkartearen laguntzari esker. Bigarren saria eta euskarazko laburpen onenari ematen zaion aipamen berezia pertsona berari egokitu zaizkio aurtengoan: Ekaitz Agirregoitia Marcos Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileari. Opioideak eta kannabinoideak: espermatozoideen mugikortasunaren zaindariak izeneko lana aurkeztu du Ekaitz Agirregoitia fisiologian doktoreak. Hain zuzen ere, gure gorputzean ditugun barne-opioideek eta barne-kannabinoideek espermatozoideen mugikortasunean nola eragin dezaketen ikertu du. Lan horrengatik, argazki-kamera digital bat, landetxe batean asteburu bat pasatzeko aukera (bigarren sariari dagozkion opariak) eta MP4 irakurgailu bat (aipamen bereziaren saria) irabazi ditu.

Sariketari buruzko albistea, lan irabazleak eta gainerako lan guztiak Basque Research webgunean (www.basqueresearch.com) daude ikusgai. Aurkeztu diren 62 lanetatik, 44 Euskal Herriko Unibertsitatekoak dira, 1 Mondragon Unibertsitatekoa, 2 Deustuko Unibertsitatekoak, 1 Nafarroako Unibertsitate Publikokoa eta 14 Nafarroako Unibertsitatekoak. VII. Tesi Sariko babeslea, Euskal Herriko Unibertsitatea izan da.

Tesi Sariari buruz

Elhuyar Fundazioak Basque Research webgunearen bidez antolatzen du sariketa hau, eta helburua da doktore-tesien laburpenak modu erakargarri eta ulergarrian gizarteratzea, hau da, ikerketa dibulgatzea. Epaimahaia bost pertsonak osatu dute, guztiak dibulgazioan adituak. Hain zuzen ere, honako pertsona hauek epaitu dituzte VII. Tesi Sarira aurkeztu diren lanak: Guillermo Roa Zubia, Kimikan doktorea eta Norteko Ferrokarrilla dibulgazio irratsaioko zuzendaria; Eider Carton Virto, Kimikan lizentziatua eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko zuzendaria; Garazi Andonegi Beristain, Ingeniaritza teknikoan lizentziatua eta Basque Research-eko arduraduna; Bego Zubia Gallastegi, Kazetaritzan lizentziatua eta Teknopolis telebista-saioko erredaktorea; Lucía Álvarez Busca, Komunikazioan lizentziatua eta UPV/EHUko prentsa-zerbitzuko erredaktorea.

* Argazki-oina: Juan José Gaitero eta Ekaitz Agirregoitia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario