2009/12/02

Teknoskopioa 2009-2010 berritua martxan da

Elhuyar Fundazioak, Innobasquek eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Teknoskopioa 2009-2010 gazteentzako ideia-lehiaketa jarri dute abian. Hezkuntza-sistemaren beharretara hobeto egokitzeko, aurtengo lehiaketak 6 hilabeteko iraupena izango du —2009ko abendutik 2010eko maiatza bitartera— eta “Darwin eta eboluzioa” izango du ardatz. Lehiaketaren helburua da zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna eta jarrera ekintzailea sustatzea gazteen artean, eta ikasleek gai zientifiko eta teknologikoen inguruan duten motibazioa eta parte-hartzea bultzatzea. Horregatik, lehiaketak irauten duen bitartean, gazteak ikertzaile, asmatzaile eta sortzaile bihurtuko dira.

Teknoskopioan, hamalau urtetik hemezortzira bitarteko neska-mutilek har dezakete parte, gehienez hiru laguneko taldetan antolatuta. DBHko bigarren zikloko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ziklo ertaineko ikasketak egiten ari diren ikasleentzat prestatutako lehiaketa da, eta aurtengoak seigarren edizioa du. Edizio honetan, parte-hartzaileak zientzialari bihurtuko dira: Darwin-ek bere garaian egindako bidaia biziko dute, giza eboluzioaren beste teoria batzuk aztertuko dituzte eta beren eboluzio-teoria proposatuko dute lurrera meteorito bat eroriko litzatekeen kasua irudikatuta. Horretarako, beren blog propioa sortzeko plataforma izango dute prest.

Lehiaketak irauten dituen sei hilabeteak hiru fasetan banatuta egongo dira: lehenengo faseak abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra bitarte iraungo du; bigarren faseak otsailaren 1etik martxoaren 31ra bitarte; eta hirugarren eta azkenak, apirilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarte. Parte-hartzaileei fase bakoitzera edo lehiaketa osora apuntatzeko aukera emango zaie. Hiru faseetako bakoitzean, blog bat sarituko da, eta egileek ordenagailu ultraeramangarri bana jasoko dute.

Ideia-lehiaketa honi buruzko informazio guztia www.zientzia.net/teknoskopioa webgunean dago. Hor, lehiaketaren xehetasunak aurkitzeaz gain, antolatzaileek gaiari buruz prestatutako material didaktiko osagarria dute eskuragarri parte-hartzaileek. Webgune berean, aurreko edizioetako probak ere ikus daitezke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario