2010/04/01

telefono mugikorraren faktura nola gutxitu

Lehenago ere idatzi izan det honelako gauzak, telefono mugikorraren faktura gutxitzeko asmoarekin.

Oraingo honetan, azterketatxo bat egitera noa, eta bukaeran kontatuko dizuet nire ustez gaur egun zein den tarifarik onena.

Lehenik eta behin, garrantzitsua da denok ondo ulertzea zer den fakturan kobratzen digutena, hau ulertuz, tresna gehiago izango ditugu guretzako eskaintzarik hoberena zein den jakiteko.

Zer da fakturan kobratzen digutena ?

  • Hileroko kuota minimoa, edo gutxienez ordaindu beharrekoa. Hau operadora eta tarifa bakoitzaren arabera aldatzen da, baina gehienetan gutxieneko bat egoten da: 6€, 9€, 10€ ,...., nahiz eta kasu batzuetan gutxienekorik ez dagoen. Zure hileko kontsumoan gutxieneko horretara ez bazara heltzen, berdin kobratuko dizute.
  • Deia ezartzea (erderaz: establecimiento). Zer dan hau ? Ba norbaiteri deitu, eta honek telefonoa hartzeagatik kobratzen dizutena. Normalean 0,15€ kobratzen dizute honegatik.
  • Deiaren iraupena, segundoetan tarifatuta. Demagun zure operadorak 0,08€ kobratzen dizula minutuko (minutu bat = 60 segundo ), eta 30 segundo hitz egin duzula: (0,08/60) * 30 = 0,04€ kobratu lizuke kontzeptu honetan.
Dena batuz, adibide honetan 30 segundoz hitz egiteagatik, ezarpena (0,15€) + hitz egin duzuna (0,04€), guztira 0,19€.
  • SMS-ak: Hemen ere prezioak asko mugitzen dira. Operadora merkeenak 0,08€ kobratzen ditu, eta garestienak 0,15€. Aldea dago ezta ? Mezu asko bidaltzen badituzu, kontutan izan beharrekoa da.

  • Tarifa desberdinak ordutegiaren arabera: hHonekin ere kontuz ibili behar gara. Kasu askotan, gure operadorak eskaintzen digun tarifak “tranpa” izan ditzake. Adibidez, agian tarifa bat kobratzen dizute arratsaldez deitzen duzunean, baina beste tarifa bat (askoz garestiagoa) goizez deitzen baduzu. Edo tarifa bat operadora berdinean dagoen telefono batera deitzen badezu, eta beste bat askoz garestiagoa beste operadora bateko beste mugikor batera deitzeagatik. Hau kontrolatzea gehienetan zaila da, nahikoa da ordutegi garestian dei bat egitea izan beharra, fakturan sekulako igoera izateko, eta bestalde, nik lagun bati deitu behar badiot, zer dakit nik zein operadorarekin dabilen, eta gainera bost axola, ez ? Nere laguna da eta kitto, nire operadorak esan behar al dit zeini deitu behar diodan eta zeini ez ? Ez horixe.

Iraupen konpromisoa

Erderaz “permanencia” moduan ezagutzen den kontzeptua da. Telefono terminala “oparitzen” edo “prezio onean” ematen dizute, eta honen truke konpromisoa hartzen duzu operadora horrekin denboraldi batean egongo zarela: normalean, 18 hilabetez. Konpromiso hau hausten badezu, izuna ordaindu beharko duzu. Azken finean, eman dizuten terminala ez da hain merke ateratzen, beraien tarifak jasan beharko dituzu epe luze horretan, eta kalkuluak atera ezkero, konturatuko zara agian  ez dela hasieran uste zenuen txollo hori.

Kontutan izan behar da ere eman dizuten telefono terminal hori ez dela librea, hau da, ezin izango duzu erabili beste konpania bateko SIM batekin. Adibidez, lagun batekin mendira zoaz eta zure lagunaren telefonoa bateria gabe geratzen da. Zure laguna dei baten zai dago, eta gustora utziko zenioke zure terminala, berak bere SIM txartela zure terminalean sartu eta bere linea martxan izateko. Ba zure laguna beste konpainia bateko bezeroa baldin bada, ezin izango du zure terminala erabili, zure terminala ez bait da librea, eman dizun konpainara lotuta dagoelako.

18 hilabeteko konpromisoa bukatzen denean, oso garrantzitsua da terminala liberatzea (operadorara deituz), horrela librea izanik, edozein operadorako SIM txartelekin erabili ahal izango duzu.

Operadorak

Ez dakit sailkapen zuzena izango den, baina nik hiru multzotan sailkatzen ditut operadorak:
  • Betikoak: Movistar, Vodafone, Orange: Sare propioa dute, eta normalean beraien tarifak ez dira merkeenak izaten. Normalean, telefono bat prezio berezian eskaintzen dizute, eta 18 hilabetez lotzen zaituzte
  • Birtualak (OMV): Hauek ez dute beraien sare propioa, besteen sarea erabiltzen dute egin dituzten akordioak erabiliz, eta nahiko prezio onak izaten dituzte. Ez dizute telefonoak hain prezio onean ematen, eta ez zaituzte lotzen: nahi duzunean alde egin dezakezu (adibidez eskaintza hobeago bat aurkitzen badezu).
  • Tartekoak: Bi kasu jarriko ditut hemen:
  • Yoigo: izatez, bere sarea duen operadora bat da, lehenengo multzoan egon beharko litzateke, baina tartean kokatzen det alde batetik, batzuetan besteen sarea erabiltzen duelako (Movistar), eta bestetik prezio hobeagoak dituelako. Hau izan da orain arte nire aukera.
  • Euskaltel: Vodafone-ren sarea erabiltzen du, beraz birtualen multzoan kokatuko genuke, baina hauek terminalak prezio berezian ematen dizute eta urte ta erdiz lotzen zaituzte, gainera prezioak garesti xamarrak dira.

Mugitu mugitu eta mugitu

Tarifen konparaketan hasi aurretik, mezu hau luzatu nahi dizuet: mugitu !!  agian ez zara beste operadora batera mugiko, baina estutu itzazu, eskatu tarifa hobeagoak, deskontu bereziak,terminal hobeago bat, ...., kontutan izan ezer eskatzen ez badezu berdin kobratuko dizutela. Aldiz, eskatzen badezu, seguru zerbait lortuko duzula.

Hemen azalduko ditudan datuak ikusirik zure zenbakia beste enpresa batera eramatea erabakitzen badezu (erderaz portabilidad moduan ezagutzen dena), lehendabizi gaur egun duzun terminala liberatu, horrela etorkizunean erabiltzeko aukera izango duzu.

Deien konparaketa

Orain operadora desberdinen tarifak alderatuko ditugu. Hau nahiko zaila izan daiteke, operadora bakoitzak tarifa desberdin asko dituelako. Nik datuak ateratzeko, baldintza hauek betetzen dituztenak aztertu ditut:
  • Interneten publikatuta dauden datuak hartu ditut kontuan
  • Tarifak: edozein operadorara (berdin dio mugikor batera edo finko batera) egiten diren deiak tarifa berdinean kobratzen duten tarifak.
  • Ordutegia: edozein ordutan egiten diren deiak, berdin dio goizez edo arratsaldez, astegunetan edo asteburuan, tarifa berdina dituzten eskaintzak hartu ditut kontutan.
  • Kontratuetako tarifak bakarrik hartu ditut. Txarteleko mugikorrak askoz ere tarifa altuagoak izaten dituzte, beraz tarifa hoberenak kontratuetako tarifak direnez, horiek hartu ditut kontuan.

Bataz bezteko iraupena: Operadora batzuek tarifa berezi batzuk izaten dituzte dei luzeak egiten dituzten bezeroentzat: minutu bat ordaindu eta 90 minutuz hitz egin. Tarifa hauek itxuraz politak dira, baina kontuz, kontutan izan dei gehienak minutu ta erditik beherakoak direla, beraz honelako tarifa bat hartu aurretik, begiratu ezazu zure faktura eta ondo aztertu ea zuk horrelako dei luzeak egiten dituzun ala ez.

Taula honetan datu hauek jarri ditut:
  • Enpresa bakoitzak eskaintzen digun tarifa konkretua
  • Tarifa honekin deia ezartzeagatik kobratzen digutena
  • Tarifa honekin minutu bakoitzeko kobratzen digutena
  • Tarifa honekin zein den hilean egin beharreko gutxieneko gastua
  • Tarifa hau kontratatzerakoan operadorak telefono bat doan ematen digun ala ez
  • Tarifa hau kontratatzeagatik ea 18 hilabeteko kopromesua bete behar ote degun operadora honekin.

Kolore desberdinez ere margotu det taula hau:
  • Gorriz: nire ustez, tarifa oso garestiak dira eta nik behintzat horietatik alde egingo nuke ahal bezain laister.
  • Laranjaz: Tartean daude, ez dira garestienak, baina badaude hobeagoak
  • Berdez: Dudarik gabe hoberenak dira, faktura murrizten lagunduko digute.

Ez ditut datu guztiak errepasatuko, baina komentario batzuk jarriko ditut.

  • Vodafone eta Movistar-en burruka operadora birtualei aurre egiteko: Enpresa handi hauek orain dela gutxi birtualei aurre egiteko Movistar Contrato Unico eta Vodafone Diminuto tarifak atera dituzte. Tarifa hauek beraien eskaintzako merkeenak dira, baina ez dizute telefonorik oparitzen. Birtualak egiten duten berdina egiten dute, baina prezio garestiagoak dituzte, eta hilean gutxieneko kontsumoa mantentzen dute. Movistar-en kasuan gainera, Yoigo-ra egiten diren deiak garestiago kobratzen dituzte.

  • Euskaltelen kasua ere harrigarria da, oso prezio garestiak ditu besteenakin alderatuz. Merkeenean, minutua 0,24€ kobratzen du eta hilean gutxienez 6€ gastatu behar ditugu. Hor ditugu beste eskaintza asko hilean gutxienekorik ez dituztenak, eta minutua 0,06€ – 0,08€ kobratzen digutenak. Euskaltelen tarifa onenean minutua 0,14€koa da, baina hortarako hilean gutxienez 50€ gastatu behar ditugu. Taulan dauden datuak ikusirik, esango nuke Euskaltelen eskaintzak merkatutik kanpo daudela.

Yoigo (movistar-en sarea erabiltzen du) eta Simyo (Orange-ko sarea erabiltzen du) nahiko ondo kotatuta daude, baina nire ustez hoberenak Eroski Movil eta Pepephone dira (biak Vodafone-ko sarea erabiltzen dute). Biak dute tarifa bat non 0,15€ kobratzen digute deia ezartzeagatik, eta gero minutu bakoitza 0,06€tan tarifikatzen dute, eta hasiera baten begia tarifa horietara joaten da, baina nire ustez, hainbat kalkulu atera ondoren, tarifa hoberenak deia ezartzeagatik 0,00€ kobratzen digutenak dira, batez ere kontutan izanik dei gehienak 90 segundutik beherakoak direla. Eta bi hauetatik, niretzat hoberena Pepephone Tarifa Movilonia izenekoa da. Ikus dezagun tarifa honen ezaugarriak:
  • Deia ezartzeagatik: 0,00 €
  • Hasierako hiru minutu eta erdiak (210 segundurarte): 0,13€ minutuko
  • Deia 210 segundutik gora luzatzen bada hortik aurrera automatikoki 0,07€ minutuko tarifikatzen dira hortik aurrera hitz egiten diren segunduak.

Ikusten den moduan Eroski Contrato Sin baino hobeto ateratzen da, alde batetik merkeago da, eta bestetik dei luzeetan (210 segundoetatik aurrera) askoz merkeagoa delako.

Hau hobeto ulertzeko, ondoren gure etxeko mugikor baten otsaileko faktura erakutsiko dizuet. Telefono honek Pepephone tarifa Movilonia dauka. Faktura hau zuen mugikorreko fakturarekin alderatzea eskatzen dizuet, eta animatzen bazarete, alderatu itzazue nik markatu dizkizuedan deiak antzerako iraupena duten zuen deiekin, eta alderatu guri kobratu digutena eta zuei kobratu dizutena, ea alderik dagoen.



Nik kalkuluak atera ditut, eta hau da otsaileko faktura konkretu horretan beste operadoren tarifekin alderatuz aurreztu dudan dirua.
  • Goi aldean ikusten duzue otsaileko fakturan nik ordaindu dudana: 6,17€
  • Beste tarifa batekin egon izan banintz ordainduko nukeena jartzen det, eta kenketa eginez zenbat aurreztu dudan, eurotan eta ehunekoan.


Adibidez, Euskatel Unika 6 tarifarekin alderatuz, ikusten degu otsailean egindako dei guzti horiek egiteagatik euskaltelek 18,16€ kobratuko zizkidala, beraz tarifa horrekiko izan dudan aurrezpena 11,99€koa izan da, %66.02a.


Doctor.sim web gunea

Esan behar da pertsona bakoitza desberdina den moduan, pertsona bakoitzak telefonoa era desberdin baten erabiltzen duela. Batzuk egun osoan SMSak bidaltzen egoten dira, beste batzuk dei oso luzeak egiten dizute, ..., beraz pertsona bakoitzak profil bat du eta oso zaila da konparaketak egitea. Batentzako ona dena, beste batentzako agian ez da hain ona.

Puntu honetan, Doctorsim.com webgunea guri laguntzera dator. Doako zerbitzu bat da, bertan kontu bat zabaldu, eta zure faktura elektronikoa igotzen badezu, automatikoki azterketa bat egingo du eta zure kontsumoaren arabera, gehien komeni zaizun operadora eta tarifa zein den esango dizu.

Nik zerbitzu hau probatu det, eta flipantea da, benetan. Oso erraza da, web gunean nola erabili behar duzun azaltzen dizute, eta arazo edo zalantzaren bat izan ezkero, posta elektronikoz nahiko azkar erantzuten dizute.

Bukatzeko, hauek dira nire aholkuak:
  • Gastatu 20 minutu eta Doctorsim.com webgunean zure faktura aztertu, zuretzako eskaintzarik interesgarriena zein den jakiteko.
  • Kontatu dizudana eta gero nik neure buruarentzat aukeratu dudan tarifa nahi badezu, hemendik kontratatu dezakezu. Ez ahaztu, gaur egun zerbitzua ematen dizun operadora laga aurretik, telefonoa liberatu.
Zure zenbakia ez duzu galtzen, operadora batetik bestera joateko prozesua (erderaz portabilidad deitzen dena) operadora berriak egingo du, beraz zure betiko zenbakia mantendu dezakezu.

Egia esan Pepephonek izena ez dauka oso serioa, baina atzetik enpresa handiak dituzte, eta gainera beraien dendan telefono libreak (normalak) prezio totorean dituze.

No hay comentarios:

Publicar un comentario