2010/06/16

Euskal Encounter BECn izango da uztailaren 22tik aurrera

Parte hartzaileek ohiko banda zabala baino 3.000 aldiz handiagoa den konexio abiaduraz gozatuko dute: 20 Gb/s-ko.

Estatuko informatika party handiena motorrak berotzen ari da jada. Datozen uztailaren 22, 23, 24 eta 25ean milaka ordenagailu eta informatika zale bilduko dituen Euskal Encounter 18 ospatuko da Bilbao Exhibition Centre-en. Bertan 20 Gb/s-ko konexio-abiadura ikaragarriaz disfrutatzeko aukera izango dute partaideek. Abiadura hori Estatuan ospatzen diren antzeko ekitaldietan eskaintzen dutena baino askoz ere handiagoa da, eta ohikoa den banda zabala baino 3.000 aldiz azkarragoa. Aurten, gainera, interes berezia izango du Euskal Encounter-ak, gerturatu nahi duen ororentzat irekiak egongo diren hainbat ekitaldi izango baititu, esaterako hitzaldiak eta Informatika Azoka.

Euskaltek Fundazioak antolatutako eta Eusko Jaurlaritzak, SPRIk, Bizkaiko Foru Aldundiak, Kutxak, Euskaltelek eta Pro Curve Networking-ek lagundutako Euskal Encounter adin-nagusitasunera iristen da aurten. Izandako ibilbide luze honen adierazgarri argia dira denbora honetan izandako aldaketak. 90ko hamarraldiaren hasieran ez zeuden martxan, oraindik, ez Google ez eta Yahoo ere, eta diskette batean Word artxibo bakarra gorde zitekeen. Orain, berriz, mila film baino gehiago bil ditzakegu Tera bateko diskoan. Garai horietan inork ez zekien zer ziren bideojokoak. Eta duela 18 urte jaio zen, Euskal Encounterrarekin batera, Pentium prozesadorea, 60 Mhz-ko abiadura zuena. Denbora azkar igarotzen bada, teknologiak oraindik azkarrago egiten du aurrera.

Teknologiak izandako aurrerapen honen adierazgarri da, hain justu, uztailaren 22an hasiko den topeketa. 4.096 ordenagailu batera konektatuko dira egun horretan, sare-klabeko 120 kilometro, kable elektrikoko 60 eta zuntz optikoko 10 kilometrori esker. Honela, 15 herrialdetako 6000 parte hartzailek behar duten guztia izango dute lau egunetan zehar teknologia aurreratuenaz gozatzeko.

Ekitaldirako egokituko diren 35.000 metro karratuak –San Mames-eko zelaia baino bost aldiz handiagoa den espazioa- jarduera anitzak bilduko dituzten hiru zonatan banatuko dira. Eremu zentrala Euskal Party-ari eskainiko zaio, eta bertan instalatuko dira ordenagailuak. Festako partaideek eskura izango dituzte arte digitaleko, hardwareko, softwareko eta FIFA 2010: Copa del Mundo, Mario Kart Wii edo Sing Star bezalako jokoen 14 lehiaketa baino gehiago. Era berean, zona horretan 40tik gora ekintza paralelo egingo dira; esaterako, argazkilaritza eta bikoizketa txapelketak eta partaideen antzezpen dohainak, rock gitarrista gisa, neurtzen dituen Air Guitar joko famatua.

Halaber, aurten ere BECen egongo den Blizzard marka bezalako etxeen azken joko eta teknologiak aurkezteko plataforma ere izango da Euskal Party-a.

Bigarren gunean, Gamegune, Bideojokoen Nazioarteko Txapelketa Profesionala jokatuko da. Zortzigarren ediziora iritsiko da aurten eta mundu mailako norgehiagoka famatuenen artean ezartzea lortu du jada. Duela urte gutxi arte pentsaezina zen gaming-eko jokalari eta ekipo profesionalak existitzea, baina errealitatea dira egun herrialde askotan. Interneteko hornitzaileek, hardware-fabrikatzaileek, teknologia-integratzaileek eta enpresari anitzek ekipoak eta torneoak babesten dituzte eta e-sports deituriko bideojoko lehiaketa horien hazkundea bultzatzen dute mundu osoan.

Hirugarren zona da aurtengo berrikuntza eta, bertan, party-ko parte hartzaileei zein publiko orokorrari irekitako Informatika Azoka ezarriko da. Eremu horretan informatikaren sektoreko enpresa askoren produktuak aurkeztuko dira eta, horrez gain, hitzaldiak eta egundo gaiei buruzko erakusketak eta tailerrak eskainiko dira, teknologia interesa duten guztiei gerturatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario