2010/07/20

eitb.comek jarraipen berezia egingo dio Euskal Encounterri

Atari berezia eskainiko diogu informatikarien topagune honi. Egun horietako ekitaldiak erakusteaz gain, hitzaldiak zuzenean eskainiko ditugu. ETB3k, bestalde, saio berezia egingo du gauero.

Euskal Encounter ate joka dator. Bilbao Exhibiton Centrek hartuko du uztailaren 22tik 25era bitartean eta eitb.com han izango da, gertatzen denaren berri uneoro emateko. Hala, atari berezia eskainiko diogu Euskal Encounterri eta egun horietan, informatikazaleen festa handi honetan jazotzen den guztiaren berri emango dugu.

Modu horretan, Euskal Encounterreko atal ezberdinetako lehiaketak, ikastaroak, erakustaldiak... grabatuko ditu ETB3ko taldeak eta atari berezian eskegiko ditugu. Ez hori bakarrik! Egunotan 12:00etatik hasita 21:00ak arte OpenGunen izango diren hitzaldi guztiak zuzenean emango ditugu streaming bidez. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Nolan Bushnel Atariren sortzailearen eta Claude Comair DigiPenen lehendakariaren hitzaldiak. ETB3k bestalde, saio berezia emitituko du gauerdi inguruan eta egunean zehar izango diren ekitaldi nagusiei errepasoa egingo diote.

Euskal Encounterreko atal nagusiak

Eszena da, zalantzarik gabe, Euskal Encounterreko ekitaldirik garrantzitsuena. Sormena lantzeko lehiaketak antolatzen dituzte eta partehartzaileek (programatzaileek, musikariek...) euren abilezia erakutsi beharko dute. Horrez gainera, ordenagailuan eta bideo-kontsoletan jolasteko lehiaketak hartuko ditu Euskal Encounterrek. Aurreko edizioetan bezala, Hardware atalak ere badu bere tokia. Moddinga du oinarri, nork bere gustura ordenagailuak transformatzeko artea, hain zuzen. Eta nola ez, aurten ere, Euskal Encounterrek lekua egin dio Software libreari.

Horrez gainera, denetariko ekitaldiak antolatu dituzte egun hauetarako, besteak beste, maskota eta mozorro lehiaketak, zaku karrerak, frikitest, euskal klip... Bertara hurbiltzen direnek ez dute aspertzeko aukerarik izango!

Euskal Encounter

No hay comentarios:

Publicar un comentario