2010/07/19

Euskal Encounter 'onena' egin nahi dute

OpenGune tokia aurtengo berrikuntzetako bat da, euskararen erabilera sustatuko da lehiaketa baten bidez eta lehenengo Elkargune Solidario Digitala egingo dute.

Euskal Encounterraren arduradun nagusiak, Sabino San Vicentek, 18. edizioa "onena" bihurtzea hartu du helburu. Bilbao Exhibition Centren (BEC) egingo dute, uztailaren 22tik 25era, baina sarrerak orain dela hilabete bat agortu ziren.

San Vicentek "lanak eta artxiboak eta baita beren ezagutzak eta esperientziak ere konpartitzeko lagunen arteko elkargune bat bezala" definitu du munduko azkarrena den elkargune informatiko hau.

OpenGune tokian, aurtengo nobedadeetako batean, hitzaldiak, konferentziak eta tailerrak egingo dituzte. Horrez gain, Microsoft, Sony, Cannon, DigiPen, Institute of Technology bezalako konpainiek, SPRI enpresa eta Bizkaiko Foru Aldundiak besteak beste, beren standak jarriko dituzte bertan.

San Vicentek onartu duenez, enpresa ezberdinetako talentu berrien bila dabiltzaten pertsonak gerturatzen dira bertan aurkezten diren lanak ikustera eta hauen arduradunak ezagutzera.

Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko, Azkue eta BiscayTIK fundazioei esker, lehiaketa bat sortu dute. Bertan irudi estatikoak edo hiru dimentsiotakoak sortu behar izango dituzte euskara, gazteria eta Bizkaiko lurraldea kontutan harturik.

Beste aldetik, Kutxa Fundazioak, lehenengo Elkargune Solidario Digitala antolatu du. Partaideak "sare sozialen inguruko" webgune bat sortzeko ideiak aurkeztu behar izango dituzte. Saria 1.500 eurokoa izango da, eta beste 500 euro irabazleak aukeratutako GKE batera entregatuko dira.

Euskal Encounter (Argazkia: EFE)

No hay comentarios:

Publicar un comentario