2010/07/09

Euskara 2.0 jardunaldiak izango dira EHUko Uda Ikastaroetan

web-20-bubbleLehenik eta behin barkamenak guztioi. Hilabeteak daramatzat idatzi gabe. Kazetaritza lanak utzia naiz eta beste proiektu batean buru-belarri sartuta nabil. Orain Iametza Interaktiboa enpresako kudeatzailea naiz eta erredakzio lanetan baino, proiektu kudeaketa lanetan nabil.


Edozein modutara, web munduarekin oso lotua jarraitzen du, Iametzaren ogibidea horixe delako, web garapenak eta komunikazioa.


Duela hilabete batzuk datorren astelehen eta asteartean (uztailak 12 eta 13), EHUko Uda Ikastaroen baitan,  izango diren Euskara 2.0 jardunaldien koordinazio lanak eramateko enkargua jaso nuen eta onartu ere bai. Horren berri ematera natorkizue.


EHUk Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarekin batera antolatu dituen jardunaldi horien helburua, 2.0 izenez bataiatzen dugun mundu birtual horretako joko arau berrietan, eremu urriko hizkuntzek zer paper jokatu behar duten aztertzea da, aukerak eta zailtasunak ebaluatzea eta ondorio batzuk ateratzea.


Horretarako esperientzia handiko hizlariak izango dira mahaian, Euskal Herrikoak eta kanpokoak: Jeremy Evas, Maite Goñi, Gorka Julio, Luis Angel Fernández Hermana eta Unai Fernández de Betoño.


Aurten, beste ikastaroekin egiten ari diren moduan, streaming bidezko bideo jarraipena egingo da eta EHUko Uda Ikastaroen historian lehen aldiz, Twitter bidez ere hitzaldiak jarraitu ahal izango dira.


Twitter bidez mezuak idazteko hastag edo gakoa honakoa da: #eu20


Erabiltzaile izena berriz hau: @euskara2puntu0


Jardunaldi hauetarako prestatu den ataria: www.euskadi.net/euskara2puntu0


Jarraian hizlarien curriculum labur batzuk:


Jeremy Evas: Galestar hau Frantses eta Galestar Filologian lizentziatua eta Hizkuntza Soziologiako doktoratua da. Bere doktorego tesiaren izenburua da “Zailtasunak eleaniztasuna lortzeko bidean”. Gales hizkuntza helduei irakasten ibilia da eta 2003. urtetik Gales Hizkuntzako Batzordean Ikerketa, Beka eta Teknologia saileko zuzendari kargua dauka. Bere ardura da besteak beste, gales hizkuntzaren aldeko informazio teknologien politika ezartzea. Microsoft enpresaren hainbat lokalizazio proiektutan parte hartu du: Office 2003, 2007, Windows XP, Vista eta Windows 7. Gaur egun Google-en translator toolkit itzulpen tresnaren garapenean laguntzen ari da. Bere hitzaldian horri buruz ere hitz egingo du.


Maite Goñi: Euskal eta Ingeles Filologian lizentziatua da. Azken urteetan buru-belarri murgilduta dabil IKTak eta hizkuntzen irakaskuntza alorrean. Horren lekuko dira bere parte hartzea IKTeroak blogean (Interneteko ARGIA saria jaso zuen 2007an) eta Euskaljakintza egitasmoaren barnean. Egitasmo horren baitan kokatzen den Euskaljakintza blogak hainbat sari jaso ditu (2007an Estatu mailako I. Espiral Saria gelako blog onenari eta 2008an Diariovasco.com Saria Gipuzkoako pertsona/elkarte webgune onenari). Irailean bere jardun profesionalean aro berri bati hasiera emango dio. Mondragon Unibertsitatean hasiko da lanean, baina Euskaljakintza egitasmoan egin beharreko lanekin uztartuko du.


Gorka Julio: Informatika Ingeniari teknikoa da. Elurnet enpresan egiten du lan, garatzaile eta formatzaile bezala. Formatzaile moduan EHU, UEU eta Asmoz Fundazioko irakasle izan da, baita Enpresa Digitalak antolatutako beste hainbat ikastaroetakoa ere. Aurrera atera dituen edo parte hartzen duen egitasmo eta proiektuak ugariak dira. Batzuk aipatuko ditugu. Blogari blog plataforma, ZutaGu sare soziala, Bildu, Txioka, Bloinfluence, microblogging nanoformats, gauzeninternet.com eta itzalagunea.com. Hedabideekin ere lotura handia dauka. Indymedia Euskal Herriaren sorkuntzan egon zen, Ttan-Ttakun irrati librean parte hartu du, Radio Euskadiko blogger tertulian kolaboratu du, Gaztezulon kolaboratzaile izan da, Berria egunkarian Irlen Sarea zutabea idazten du, baita Bizkaiko Ikastolen Elkarteko Kontaizu aldizkari elektronikoan ere.


Luis Ángel Fernández Hermana: Kataluniar hau kazetaria, irakaslea eta IKT arloko aholkularia da. Gaur egun Citilab Ezagutzaren Gizartearen Laborategiko zuzendaria da. Aditua da beraz, ezagutzaren kudeaketan, sare birtualetan eta testuinguru birtualetan ematen diren irakaskuntza prozesuetan.  Kazetari bezala ere, curriculum zabala dauka, Latinamerikako, Londresko eta Bartzelonako hainbat komunikabidetan egin du lan. Batzuk aipatzearren;  BBC, Cambio 16, El Periódico de Catalunya, La Vanguardia, Radio Porteña, Siete Días.. .Interneten ezagun bihurtu zen egitasmo baten sortzailea eta zuzendaria izan zen 1996tik 2004an itxi zen arte. Enredando.com proiektuari buruz ari gara.  Egitasmo horren baitan Komunikazio Digitaleko hiru Master zuzendu eta 425 artikulu baino gehiago idatzi zituen. Luis Ángel Fernández Hermanaren curriculum osoa irakurri.


Unai Fernández de Betoño: Gasteiztar hau arkitektoa da 2002ko azarotik. Gaur egun EHUko arduraldi laburreko irakaslea da, Hirigintza eta Lurralde Antolakuntzakoa eta Udako Euskal Unibertsitateko kidea. Internet mundura euskal Wikipediaren eskutik iritsi da, edo behintzat eta nagusiki testuinguru horretan ezagutzen dugu. 2007tik bertan parte hartu du eta 2009tik bertako administratzailea da. Euskal Wikipediak Interneteko ARGIA saria irabazi zuen 2008an.

No hay comentarios:

Publicar un comentario