2010/07/20

Euskara 2.0: ondorioak edo…

euskara-20-150Uztailaren 12an eta 13an EHUko Uda ikastaroen baitan egin ziren Euskara 2.0 jardunaldien ondorioak edo antzerako zerbait eman nahiko nuke hemen.


Iruditzen zait gai beraren inguruan behin eta berriz ideia berberak errepikatzen direla, baina jardunaldien amaierako mahai-inguruak zerrenda antzerako bat ateratzeko aukera eman zidan.


Eskerrak Unai Fernandez de Betoñori, Maite Goñiri eta Gorka Juliori, eurak izan ziren-eta mahai-inguruan parte hartu zutenak eta hitzaldi guztien ondoren zerrenda hau ateratzeko aukera eman zidatenak.


Jardunaldi hauei buruz idatzi duten bi blogari aurreratu zaizkit: Maite Goñi bera eta Unai Cuevas. Beraz hartu ezazue honako hau horien osagarri gisa.


Sareak zer aukera eskaintzen dizkio euskara bezalako hizkuntza bati? edo beste modu batera esanda, zer egin daiteke sarean euskara indartu dadin, ikusgarriago izan dadin munduaren aurrean?


1.- Edukiak euskaraz sortu behar dira, eduki berriak edo itzulpenak


Zer lortuko dugu horrekin? ERABILERA. Hizkuntza bat erabili egin behar da eta beraz, euskaraz gaizki idatzi edo hitz egingo dugunaren beldurra gainetik kendu behar da. Gainera, zeure nortasuna hizkuntza baten inguruan eraikitzen baduzu, nahiz eta nortasun digitala izan, segur aski “mundu fisikoa”n ere horrela zuzenduko dira zuregana.


Eta zer gehiago lortuko dugu? KOPURUA. Garrantzitsua da hizkuntza baten inguruan sortzen den eduki kopurua. Jeremy Evas filologoak argi erakutsi zigun itzulpen memorien garrantzia. Itzulpenak sortu eta partekatu beharraz hitz egin zuen hark, gero eta corpus handiagoa sortzeko. Hala,  itzulpenek gero eta kalitate gehiago izango dute eta hizkuntzak gero eta ikusgarritasun gehiago izango du.


2.- KULTURA LIBREA sustatu behar da


Software librea  eta lizentzia libreak (creative commons) erabiltzea garrantzitsua da. Zergatik? BALIABIDEAK behar ditugulako eta software libreak baliabideak azkar eta ugari ekoizteko aukera ematen digulako. Hala, softwareak aldi berean hizkuntza desberdinetara itzuliak izan ditzakegu, baita euskaraz ere, hizkuntzen artean parekotasun egoera emanez.


Beraz, edukiak eta baliabideak PARTEKATU behar dira, berrerabiltzeko aukera eman, ez gara gurpila etengabe asmatzen ibiliko, sortuta dauden gauzak hobetu ditzagun, kultura aberatsagoa sortuko dugu-eta.


3.- Hezkuntzan eragitea


Garrantzitsua da hasiera-hasieratik gure haurrak software desberdinekin aritzea, gauza desberdinak frogatzeko beldurra galtzea, partekatzeko kultura sustatzea, ikasteko motibazioa piztea… Maite Goñi seguru ikastaro bat baino gehiago emateko prest legokeela hori guztia azaltzeko, Jakintza ikastola esaten ari garen guzti honen laborategia baita.


4 .- EUS domeinua lortzea


Gaur egun ez dakit nola dagoen gaia, hasierako oinarriak ezarri ziren eta seguru lanean ari direla eta egunen batean iritsiko dela.


5.- Marketin gehiago


Gauza asko egiten dira, baina saltzen jakin behar dugu. Zertarako? ERREFERENTZIALTASUNA lortzeko


6.- Gauza txikiekin gauza handiak lortzen dira


Maite Goñik proposatu zuen honakoa: Eusko Jaurlaritza Google-ekin harremanetan jarri eta bilatzaileari eskatzea euskara hizkuntza bezala onar dezala.


7.-  Sare sozialak erabili


Bai produkzio esparruan (lanerako), zein aisialdian sare sozialak erabiltzeak elkarren artean KONEKTATUTA egotea ahalbidetzen digu, jende berria ezagutzea, harreman desberdinak osatzea…


8.- Militantzia sustatu behar da


Puntu hauek guztiek eragileak behar dituzte aurrera aterako badira, hau da, militanteak.


Azkenik, mahai-inguruan bota zituzten hiru esaldirekin geratzen naiz.



  • Maite Goñi: “Gauza txikiekin gauza handiak lorzen dira”

  • Gorka Julio: “Oztopoak erronka bihurtzen diren lekua da Internet”

  • Unai Fernández de Betoño: “Bakoitzak hizkuntzari bere gozagarritasuna bilatu behar dio”


Oharra: Argazkia Maite Goñiren blogetik hartu dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario