2010/08/31

Googlek 'garrantziaren arabera' sailkatuko ditu Gmaileko mezuak

"Priority mails" aplikazioa gaurtik aurrera egongo da erabilgarri eta, teknologia adituen ustez, denbora aurrezteko aukera emango dio erabiltzaileari.

Gmail posta zerbitzuaren erabiltzaileek denbora aurreztuko dute gaurtik aurrera korreoa begiratzeko orduan, Googlek "garrantziaren arabera" sailkatuko baititu mezuak, aplikazio berri bati esker.

"Priority mails" izeneko aplikazio honek automatikoki sailkatuko du posta elektronikoa. Modu horretan, erabiltzailearentzat garrantzitsuenak diren mezuak sarrerako ontziaren goialdean azalduko dira.

Hori lortzeko, Gmailek jatorriaren arabera banatuko ditu mezuak. Hau da, erabiltzaileak gehien erantzuten dituen mezuen igorleak lehen tokietan kokatuko ditu eta normalean ezabatuak izaten diren mezuak, berriz, azkenerako utziko ditu. Dena den, erabiltzaileak sailkapen irizpideak aldatzeko aukera izango du.

"Priority mail" aplikazioa postaren menuan agertuko da, sarrerako ontziaren ondoan, eta Googlek aurreikusitakoaren arabera, zerbitzu berri honekin denbora asko aurreztuko da mezuak irakurtzerakoan.

Aplikazio berri hau gaurtik aurrera egongo da erabilgarri mundu osoan, halere, arazo teknikoak direla eta, askok ezingo dute oraindik erabili.


Telefonicak tarifa finkoari buruzko eztabaida ireki du berriro

Operadoreak erabiltzaile bakoitzaren araberako "tarifa malguak eta segmentatuak" proposatzen ditu.

Julio Linares Telefonicako kontseilari delegatuak, operadoreek, Interneten izan den datu-trafikoaren gorakadara moldatzeko, diru-sarrera berriak bilatu beharraren inguruko eztabaida piztu du berriro. Erabiltzaile bakoitzak benetan kontsumitzen duenaren arabera ordaintzea da proposamenetako bat, hau da, tarifak zerbitzu edo erabiltzaile motaren arabera bereiztea proposatu du UIMP Unibertsitatean (Santander) telekomunikazioei buruz antolatutako foro batean.

Konpainien arabera, datu-trafikoaren gorakadak gastuak eta inbertsioak eragiten ditu, baina diru-sarrerek, berriz, ez dute gora egiten. "Gastuek diru-sarrerak gainditzen badituzte,negozio eredu honek porrot egingo du. Baina inork ez du hori gertatzerik nahi", esan zuen Linaresek. Horrez gain, trafikoa eragiten duten tarifa finkoak dituzten erabiltzaileek eta publizitateari esker diru-sarrerak dituzten edukien hornitzaileek Interneteko sareak erabiltzeagatik ordaintzea proposatu beharko litzatekeela adierazi zuen. Horrela, deskargak, bideoak edo streamingak kontsumitzen dituztenek gehiago ordaindu beharko lukete.

Hala ere, Telefonicak aurretik ere sortu du inoiz gai honi buruzko eztabaida. Joan den otsailean, Cesar Alierta Telefonicako presidenteak aurreratu zuenez, operadoreak Interneteko bilatzaileei (Googleri, esaterako) kanon bat kobratzea aztertzen ari zen, "sareen gehiegizko erabileragatik".

Deskargak, bideoak edo streamingak

Uda honetan, beste operadore batzuek (Orange, tartean) eztabaida honekin bat egin dute, eta telekomunikazio sareen saturazioa saihesteko gero eta inbertsio handiagoak egin behar dituztela argudiatu dute.

Linaresen adierazpenek era guztietako iritziak eragin zituzten Sarean. Hori dela eta, kontseilari delegatuak bere hitzak azaldu behar izan zituen: "Telefonicak tarifa finkoa erabiltzen jarraituko du, arduratzen gaituen gauza bakarra bezero batzuek egiten duten erabilpen mugagabea da". Hala ere, saturazioari aurre egiteko, operadoreek erabiltzaile bakoitzaren araberako "tarifa malguak eta segmentatuak" proposatzen ditu.

2010/08/30

Youtubek aurreordainketa pelikula zerbitzua eskaini lezake

Urte bukaeran, Zerbitzu berria Ameriketako Estatu Batuetan kaleratuko lukete hasiera batean eta, ondoren, beste herrialde batzuetara zabalduko litzateke.

Googleren YouTube portala Hollywoodeko estudio batzuekin negozioa berri bat sortzeko hitz egiten ari da. Ekimen berri hori urte bukaeran aurreordainketa pelikula zerbitzu bat martxan jartzea izango litzateke. Horren berri eman du Financial Times egunkariak.

Negoziazio horiek ezagutzen dituzten pertsonak aipatu ditu egunkariak eta horien arabera hasiera batean zerbitzua Ameriketako Estatu Batuetan kaleratuko litzateke eta, ondoren, beste herrialde batzuetara zabalduko lukete.

Zerbitzu berri horri esker, erabiltzaileek 5 dolarren truke YouTuben estreinaldiak ikusteko aukera izango lukete. Pelikulak DVDan estreinatzen dituztenetik eta Appleren iTunesen eta Amazonen dendetan salgai jarriko luketen unetik izango lirateke eskuragarri.

The Financial Timesen arabera, negoziaketak azken hilabeteetan areagotu dira, izan ere, Applek aste honetan bertan haren telebista zerbitzuaren berri emateko asmoa omen du.

2010/08/27

Kinect: Xbox-en aginterik gabeko bideojokoen kontsola, EITBn

Bestalde, AlhondigaBilbaora hurbiltzen direnek Kinect gailua probatu ahal izango dute gaur arratsaldean (20:30-21:30), azaroaren 10ean salgai jarri aurretik.

hoPLAY Bideojokoen Nazioarteko Jaialdiak bere lehen edizioa egingo du 2010eko irailaren 9tik 25era, AlhondigaBilbaok antolatuta, hots, Bizkaiko hiriburuan kokatutako aisialdi, kultura eta ariketa fisikorako zentro berriak. Jaialdi horren babesle izango dira: BBK, EiTB, Euskaltel, Microsoft, Lan Ekintza Bilbao, Marca Player, fnac eta FX Interactive eta EHU. Joko-eremuak, erakusketak, tailerrak, hitzaldiak eta beste hainbat jarduera eskainiko dira.

Jaialdia sustatzeko egingo diren ekitaldien artean, gaur, ostirala, abuztuak 27, 20:30etik 21:30era, hoPLAY’10en antolatzaileek, Microsoftekin elkarlanean, irrikaz itxoindako Kinect horren erakusketa publiko bat egingo du AlhondigaBilbaon. Aurretik goizean hainbat lagun ezagunek probatu dute kontsola EITBko egoitzan.

Estatu mailan estreinakoz: aginterik gabe jokatzeko aukera ematen duen Xbox 360 bideokontsolarako gailua da. EITBko egoitzan Michael Jackson aktorea 'Forever King of pop' musikalean hezurmamitzen duten bi aktoreak; 'Chicago' musikaleko aktoreak eta Urko Aristi eta Miriam Duque ETBko aktoreak probatu ahal izan dute.

Aurkezpen berezi honen ondoren, herritarrek Kinect plataforma erabiltzen jarraitu ahal izango dute irailaren 9tik 12ra bitartean, hóPLAY Bideojokoen Nazioarteko Jaialdian.

Bilbotarrek Kinect gailua probatzeko ohorea izango dute Espainian salgai jarri baino bi hilabete eta erdi lehenago, azaroaren 10erako aurreikusita baitago. Ausartenak 'Kinect Adventures', 'Kinect Animals', 'Kinect Joy Ride' eta 'Kinect Sports' jokoetan ibil daitezke Bilboko Kultur Gunean instalatutako 42 metro koadroko pantaila erraldoian.

hó PLAY Jaialdia

Bideojokoen mundura egindako hurbilpen ludiko, sortzaile eta hezitzailea izango da hó PLAY Bideojokoen Nazioarteko I. Jaialdia. Joko elektronikoek eta arte elkarreragileek kultura, arte, gizarte, teknologia eta industriaren alorrean dituzten alderdi desberdinak aurkeztuko zaizkie herritar guztiei.

Jaialdiaren barruan bideojokoen nazioarteko txapelketa izango dugu, eta horren barruan, enpresa independenteen nahiz bideojokoak garatzen dituzten konpainia handien azken sorkuntza-lanak aurkeztuko dira lehiaketara, eta grafiko, musika, jokagarritasun eta jendearen sari handiari dagozkion kategorietan arituko dira lehian.

Halaber, tailerrak, adituen hitzaldiak eta dokumentalak ere eskainiko dira Jaialdian. hó Games gunean, berriz, parte hartzaileek joko onenak probatu ahal izango dituzte.

3Dn grabatuko duen lehen kamera irailean merkaturatuko dute

Fuji etxe japoniarrak salgai jarriko duen argazki-kamerak argazkiez gain, bideoak 3 dimentsiotan hartu ahal izango ditu dituen bi ojektiboei eta bi CCD sentsoreei esker.

3D teknologia guztion eskuetara iritsiko da. Fuji etxe japoniarrak FinePix REAL 3D W3 argazki-kamera merkaturatuko du irailean eta horri ezker, ohiko argazkiak ateratzeaz gain, 3 dimentsioko bideoak grabatu ahal izango ditugu eta berezimen handiarekin, gainera.

Fujiren kamera berriak  hainbat kliska egingo ditu aldi berean eta dauzkan bi objektiboei eta bi CCD sentsoreei esker, automatikoki elkartuko ditu sakontasuna daukaten irudiak sortzeko. Argazkiak teknologia lentikularraren bitartez inprimatu, Fujik daukan marko berezira pasatu edo kameran bertan ikusi ahal izango dira, 3,5 hazbeteko pantailan. Bideoei dagokienez, 720 p-ko erresoluzioa izango dute eta kameratik 3Dko telebistara pasatu ahal izango dira zuzenean HDMI 1.4 konexioaren bitartez. 

Hori bai, ohiko kamera baten funtzio bera ere izan dezake, hau da, 2 dimentsioko argazkiak eta bideoak hartu ahal izango ditu, botoi bat sakatze hutsarekin.

480 euro inguruko salneurria izango du.

FinePix REAL 3D W3 kamera. Argazkia: Fuji

2010/08/25

Gmail bidez deiak egiteko zerbitzua, Googleri esker

Interneteko konpainiak Skype enpresarekin lehiatu nahi du. Oraingoz, AEBetako erabiltzaileentzat baino ez da izango.Googlek jakinarazi duenez, txat bidez telefono deiak egiteko sistema jarri du abian Gmail posta elektronikoaren erabiltzaileentzat. Zerbitzu horrekin Skype enpresarekin lehiatu nahi du.

Datozen egunetan AEBetako erabiltzaileek zerbitzu berria erabiltzeko aukera izango dute, Googlek bere blogean jakinarazi duenez; zerbitzua doakoa izango da eta Kanadara deitzeko aukera emango du "2010eko bukaerara arte" behintzat. Gainera, beste herrialdeetara deitzeko "tarifa oso merkeak" izango dira.

"Erresuma Batura, Frantziara, Alemaniara, Txinara, Japoniara eta beste hainbat herrialdetara deitzeko tarifak merkatzeko lanean ari gara, eta minutuko bi zentabo kobratuko ditugu", esan du Robin Schrienman Googleko ingeniariak konpainiaren blogean.

Posta elektronikoko 200 milioi erabiltzaile dituen enpresak ez du esan, ordea, AEBetatik kanpo noiz zabalduko duen zerbitzu hori, baina "laster prest egoteko lanean ari gara".



Webgunea. HARRESIA JARRI DIOTE EUSKARARI

2010/08/19

Facebookek geolokalizazio zerbitzua du jada

Zerbitzu honekin, telefono mugikorretik konektatzen diren erabiltzaileek non aurkitzen diren adierazteko aukera izango dute. Oraingoz, AEBetara soilik iritsi da.

Zurrumurrua baieztatu da: Facebookek "Facebook Places" geolokalizazio zerbitzua kaleratu du. Oraingoz, AEBetan soilik erabili ahal izango dute aplikazio berri hau, sare sozial honen blog ofizialean azaldu denez.

Zerbitzu honekin, telefono mugikorretik konektatzen diren erabiltzaileek non aurkitzen diren adierazteko aukera izango dute.

Horretarako, Facebookek iPhonerako duen azken aplikazioa jaitsi behar izango da. Gainera, mugikorreko nabigatzailea HTML5ekin eta geolokalizazioarekin bateragarria bada, touch.facebook.com-etik ere sartu ahal izango dira "Places"-era erabiltzaileak.

Erabilera oso erraza da: iPhonetik "Places" aplikaziora edota touch.facebook.com helbidera sartu eta "Check In" botoia klikatu behar da. Behin hori eginda, zerrenda luze bat azalduko da eta bertan non aurkitzen den aukeratu beharko du erabiltzaileak. Leku hori zerrendan azaltzen ez bada, bilaketa egiteko edota tokiaren izena gaineratzeko aukera izango du.

2010/08/18

Facebookek 'Atsegin dut' botoiaren bertsio berria atera du

Kontagailu berria botoiaren eskuinaldean agertzen da sakatu ez denean, eta klik egindakoan, kontagailua lauki barrura sartuko da.

Facebookek webgune askotan, edukiak sare sozialarekin konektatzea erabaki dutenetan, dagoen "Atsegin dut" botoiaren bertsio berria konfirmatu du.

Kontagailu berria, edukia gustatzen zaien pertsona kopurua zehazten duena, botoiaren eskuinaldean agertzen da sakatu ez denean, baina klik egindakoan, kontagailua lauki barrura sartuko da (lehen botoia iluntzen zen eta zenbakia kanpoan gelditzen zen).

TechCrunch atariaren arabera, tamainak ere aldaketa txiki bat izan du. Horrek, Twitter edo Buzz zerbitzuek erabiltzen dituzten estandarretara egokitzeko aukera emango dio.

Facebooken bozeramaile baten esanetan, "erabiltzaileentzat errazagoa izateko atera dute bertsio berri hau, eta zehaztasun gehiago azalduko ditugu hurrengo asteotan".

Facebookek 'Gustatzen zait' botoiaren bertsio berria atera du

Kontagailu berria botoiaren eskuinaldean agertzen da sakatu ez denean, eta klik egindakoan, kontagailua lauki barrura sartuko da.

Facebookek webgune askotan, edukiak sare sozialarekin konektatzea erabaki dutenetan, dagoen "Gustatzen zait" botoiaren bertsio berria konfirmatu du.

Kontagailu berria, edukia gustatzen zaien pertsona kopurua zehazten duena, botoiaren eskuinaldean agertzen da sakatu ez denean, baina klik egindakoan, kontagailua lauki barrura sartuko da (lehen botoia iluntzen zen eta zenbakia kanpoan gelditzen zen).

TechCrunch atariaren arabera, tamainak ere aldaketa txiki bat izan du. Horrek, Twitter edo Buzz zerbitzuek erabiltzen dituzten estandarretara egokitzeko aukera emango dio.

Facebooken bozeramaile baten esanetan, "erabiltzaileentzat errazagoa izateko atera dute bertsio berri hau, eta zehaztasun gehiago azalduko ditugu hurrengo asteotan".

iPhonerako lehen aplikazioa euskaraz, Bilboko Aste Nagusiari buruz

Congrio Soft enpresak sortutako tresnarekin, jaietako ekitaldien egitarau osoa eskuratu ahal izango dute erabiltzaileek eta non izango diren jakin mapen bitartez.Bilboko Congrio Soft enpresak iPhonerako euskaraz egin den lehenengo aplikazioa sortu du, Aste Nagusia, sustatu webguneak zabaldu duenez.

Bertan, Bilboko Aste Nagusiari buruzko informazio guztia jarri dute eskuragarri. Gainera, egitarau osoa kontsultatu ahal da eta ekitaldien kokaleku zehatza erakusten du mapen bitartez.

Aplikazioa instalatzen dutenek opariak edo ezustekoak jasoko dituzte Pinpilinpauxa Konpartsaren partehartzeari esker. Haien txosnara joan eta aplikazioa instalatuta duela erakusten duenak "parranda egoera benetan dibertigarriak eta ezusteko galantak bizitzeko aukera" izango omen du.

IOS 4 sistemarako soilik

Appleren sakelako telefonoa erabiltzen dutenek sistema eragilearen laugarren bertsioa edo, iOS 4, izan beharko dute instalatuta Aste Nagusiaren aplikazioa jaitsi ahal izateko, beste baldintzarik ez da eskatzen, doakoa baita App Storen.

iPhonere aplikazioa. Argazkia: EITB

Tuentik partekatu botoia du jada

Sare sozialak orain ezarri du eta eitb.com-eko eduki guztiek jarri dute dagoeneko, eta aukera hau eskaintzen duen lehenengo webguneetariko bat da.

Tuentik edozein webgunean edukiak konpartitzeko bere botoia ezarri du dagoeneko. Eta eitb.com izan da lehenengoetako bat botoi hori jartzen. Espainian sortu zen sare sozial hau eta 8 milioi pertsona bildu ditu, batez ere gazteak.

Berez, ikusgai daukazue albiste honetan, titularraren azpian. Facebooken "Ezagutzera eman" eta Twitterren "Retweet" botoien ondoan daude Tuentiren logotipoa eta "Partekatu" botoia.

Tuentiko erabiltzaileek botoian klik egiten dutenean, bere egoera eguneratzea uzten dien webgunea irekiko zaie eta bere lagunei partekatu nahi dien edukia komentatuko die.

Orain arte, Tuentiren erabiltzaileak bere egoera eguneratzen zuenean, esteka barne, sistemak, erabil daitezkeen 140 karaktereetatik, aipatutako webgunearen helbideak (url) zituen karaktereak "gutxiagotzen" zizkion. Gainera, segurtasun arrazoiak direla eta, url-en laburketen erabilera mugatu zituen komunitatea babesteko.

Botoi berri honekin esteka bat konpartitu daiteke eta Egoera eguneratzeko dauden 140 karaktereak erabiltzeko aukera ere badago; lagunei zerbait interesgarria dela esan eta informazio hori konpartitu ere egin daiteke.

Besteak beste, Bilboko EiTBko egoitzan ospatu zen Nonick 2010 ekitaldian Zaryn Dentzel sortzailearen parte-hartzeak eta Tuentin sortutako Gaztearen orrialde ofizialak, eitb.com eta Tuentiren arteko lankidetza ona izatea eragin du azken hilabeteotan. Lankidetza hau mantendu egingo da laster izango dituen hobekuntza ezberdin eta jarraituak eta berrikuntzak direla eta.

2010/08/17

Sare pribatuen bidez datuak biltzea egotzi diote Google Espainiari

'Street View' izeneko zerbitzuak auto batzuk erabili ditu, antza, sare partikularretatik datuak bildu eta IP helbideak partikularren routerretatik hartzeko.

Madrileko Instrukzioko 45. epaitegiak Googlek Espainian duen ordezkaria deklaratzera deitu du. Honek 'Street View' zerbitzurako erabilitako kotxeek zer nolako datuak bildu dituzten argitu beharko du.

Googleko ordezkariak urriaren 4an epaitegira joan beharko du Raquel Fernandino epailearen aurrean deklaratzera. Beste gauza batzuen artean, sare partikularretatik izenik atera duten, Routerrei egokitako IP helbideak bildu edo erabiltzaileen inguruko datuak jaso dituzten argitu beharko dute.

Hori dela eta, Delitu Informatikoen Brigadak Googlen ekintzen inguruko informazioa eman beharko du.

Abuztuaren 5ean, Google bere aurrean aurkeztu beharra erabaki zuen epaileak Apedanicak aurkeztutako salaketa ikusi ondoren.

Gertakarien "garrantzi publikoa" eta "interesa" aztertu ondoren jarri zuen salaketa Apedanicak, Informatika eta Komunikazio Aurreratuetan Delituak, Gehiegikeriak eta Zabarkeriak Prebenitzeko eta Ikertzeko Elkarteak. Gainera, gertatutakoa "Googlek berak onartu du". Googlek barkamena eskatu behar izan zuen Alemanian ere datuak biltzeagatik eta Portugalek betoa jarri zion zerbitzuari.

Egozteak ez du zertan epaiketa batean amaitu behar

Madrileko Justizia Epaitegi Goreneko iturriek, ikerketak "hasi baino ez direla egin" azpimarratu nahi izan dute. Ondorioz, auziak ez du zertan epaiketa batean amaitu behar.

Espainiako Googlek esandakoaren arabera, "epaitegiaren deia ez zaigu ofizialki iritsi. Hala ere, salaketa egon badago, eta epailearen erabakia ere. Googlek ikerketan laguntzeko borondate osoa dauka".

"Gainontzeko herrialdeetan bezala", Googlen ordezkari batek "galdera guztiak" erantzungo ditu. "Helburua legeak derrigorrezko jotzen duena aintzat hartu eta datuak ezabatzea da", esan dute Googletik.

Datuak Babesteko Agentziak maiatzen ikerketa bat abian jarri zuen Googlek datuen babesaren legea eta herritarren eskubideak hausten dituen ala ez argitzeko.


Googlek enpresak arazoak ditu datuek biltzeko erabilitako sistemarekin. Argazkia: Efe.

Orain dela 28 urte historiako lehen disko trinkoa sortu zen

Sonyrekin batera, Philipsek soinua, iraunkortasuna eta erresistentzia elkartzen zituen musika-euskarri berria garatu zuen, eta ABBA taldearen "The visitors" diskoarentzat izan zen.

Orain dela 28 urte Philips konpainia holandesak historiako lehen disko trinkoa sortu zuela. ABBA taldearen "The visitors" diskoarentzat izan zen.

Sonyrekin batera, Philipsek soinua, iraunkortasuna eta erresistentzia elkartzen zituen musika-euskarri berria garatu zuen 1979an. Ordu bateko ahalmena zuen, baina geroago 74 minutura luzatu zen Beethovenen bederatzigarren sinfonia osorik sartu ahal izateko.

Formatu berri horrek, binilozko diskoen salmenten gainbehera ekarri zuen. Hori gertatzen ari zaio gaur CDari; erreproduzitzaile berrien mehatxuak jasan behar ditu.

2010/08/12

Gaztebizz jaio da, gazteentzako informazio eta zerbitzu atari berria

Interneteko atariaren aurkezpen ofiziala gaur izan da Bilbon, baina martxoan jarri zen martxan. Dagoeneko, martxotik uztailera arte 986.650 bisita jaso ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztebizz izeneko gazteentzako informazio eta zerbitzu atari berria martxan jarri du. Interneteko atariaren aurkezpen ofiziala gaur izan da Bilbon, baina martxoan jarri zen martxan.

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak prentsaurreko batean azaldu duenez, azken lau hilabetetan berritasunak gaineratu izan dira atarian, gazteei emandako zerbitzua hobeagoa izateko xedez. Atariak bidaiak, musika jaialdiak, euskara, unibertsitatea eta enpresetan praktikak egiteko inguruko sailak ditu, besteak beste.

Gaztediaren Nazioarteko Egunaren harira, ataria gazteentzako esparru "dinamikoa" eta "parte hartzailea" dela esan du Ariztondok.

Diputatuaren esanetan, atariak gazteen iritzia eta ohiturak kontuan izaten ditu eta, dagoeneko, martxotik uztailera arte 986.650 bisita jaso ditu.

Dagoeneko, martxotik uztailera arte 986.650 bisita jaso ditu atariak. Argazkia: Gaztebizz

Bideo-jokoen Nazioarteko hóPLAY'10 Azoka, AlhondigaBilbaon

Irailaren 9tik 25era izango da, baina aurretik, abuztuaren 27an, Xbox 360rako Kinect gailuaren aurkezpena egingo dute Bilbon. Aparailu berritzailea erabilgarri egongo da EITBren Bilboko egoitzan.

Irailaren 9tik 25era, Bideojokoen Nazioarteko hóPLAY'10 Azoka egingo da AlhondigaBilbao kulturgunean. Azokaren helburua bideo-jokoen jendea mundura hurbiltzea da eta, bertan, joko elektronikoen eta arte interaktiboaren alde kulturalak, sozialak, teknologikoak eta industrialak aurkeztuko dituzte. Antolatzaileen lorpen handiena Kinect gailu berriaren Europako aurkezpen ofiziala bertan egitea izan da. Abuztuaren 27an aurkeztuko dute Bilbon Xbox 360 kontsolarako gailu berria eta Microsoft enpresak gailu horretarako daukan arduraduna, Lidia Pitzalis, bertan izango da, bideo-jokotako zenbait pertsonaiarekin batera. Gainera, gailua azokan erabilgarri egongo da, bertaratuko diren guztien eskura.

Kinect gailuaren bitartez, bideo-jokoetako abenturetako protagonistabihurtzen da erabiltzailea, gorputza, besoak eta hankak erabiltzekoaukera baitauka. Erabili dutenek diotenez, "naturala eta intuitiboa" da eta ohiko aginteekin jolasteko dauden aukerak biderkatzen ditu. Los Angelesko Electronic Entertainment Expo azokan Steven Spielberg zinemagileak izan zuen aparailua aurkezteko ardura. Orain, Europa osoko lehen aurkezpena egingo da Bizkaiko hiriburuan.

EITBren babesarekin antolatutako hòPLAY Azokaren egunetan, AlhondigaBilbaora doazenek izango dute gailuamerkaturatu baino hiru hilabete aurretik erabiltzeko aukera eta KinectAdventures, Kinect Animals, Kinect Joy Ride, KinectSports, Dance Central eta Your Shape Fitness Evolved jokoetanaritu ahal izango dute kulturguneren beheko solairuko erakusketaaretoan jarriko dute 42 metro koadroko pantailan. Baina, gainera, EITBren Bilboko egoitzan ere izango da aparailu berritzailea erabiltzeko aukera. Xbox kontsola eta Kinect agintea erabilgarri izango dira EITBren egoitzako hall-ean.

Halaber, EHUko Arte Ederretako ikasleek Xbox 360 kontsolarako egindako hamabost pertsonalizazioetatik hiruk sariak jasoko dituzte azokaren egunetan (1.500, 1.000 eta 500 eurokoak). Azokaren egun bakoitzean haurrei eta helduei zuzendutako lantegiak egingo dira, adituek, ikertzaileek eta sortzaileek hitzaldiak emango dituzte eta hainbat dokumental emango dituzte bideo-jokoen munduari eta gaur egungo egoerari buruz.


Xbox 360 kontsola. Argazkia: Microsoft

iPhone telefonoaren jabeek 'sex-appeal' handiagoa daukate

Apple etxearen telefono ezagunaren erabiltzaileek bizitza sexual aktiboagoa omen daukate BlackBerrya, Androida edo bestelako telefono multimediak erabiltzen dituztenek baino.

iPhone telefonoaren erabiltzaileak pozik egoteko moduan daude. Eurak omen dira multimedia telefonoen erabiltzaileen artean sex-appeal handiena dutenak. Hori da, behintzat, teknologia ardatz duen CNET atariak egin duen ikerketaren emaitzek diotena. iPhonea erabiltzen dutenek Blackberry, Android edo bestelako telefonoen erabiltzaileek baino bizitza aktiboagoa daukate.

Hainbat sakelako telefono motaren 9.785 jaberi egin dioten inkestaren arabera, iPhonea daukaten 30 urteko emakumeak dira euren bizitzan bikote sexual gehien dauzkatenak, 12,3, alegia. Android telefonoaren erabiltzaileek, berriz, 6 bikote izan dituzte batez beste eta BlackBerrya daukatenek, aldiz, 8,8.

Gizonezkoei dagokienez ere, iPhone telefonoaren erabiltzaileek daukate bizitza sexual aktiboena eta, 30 urte dituztenek, batez beste, 10 bikote sexual izan dituzte euren bizitzan. Aldiz, Android eta BalckBerry telefonoen erabiltzaileek 8 eta 8,1 bikote izan dituzte, batez beste.

Baina sex-appel hori ez da 20 urteko erabiltzaileetara mugatzen, 18 eta 40 urte arteko iPhone jabeak baitira seduzitzaile onenak. 22-24 urte artean soilik hurbiltzen zaizkie Android eta BlackBerry telefonoen erabiltzaileak (hori bai, iPhonearen jabeak dira, adin tarte horretan ere, bizitza sexual aktiboagoa daukatenak).

GERIZPEAN. Kanoikada zuzenean emango dute Interneten

Kanoikada zuzenean emango dute Interneten

2010/08/10

Heldulekuak identifikatzen dituen robota sortu dute EHUko ikerlariek

EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen taldeak A kategoria jaso berri du.

EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen Taldeak ateetako heldulekuak identifikatzen dituen robota sortu du, kontzienteak diren makinak sortzeko bidean. Izan ere, EHUko talde honek A kategoria jaso berri du.

Beren buruaren jabe diren makinak osatzea da gaur egungo robotika autonomoaren joera. "Robotak kontziente izan behar du egiten ari denaz, eta, gero eta gehiago, gai izan beharko luke bere portaera hobetzeko, ikasteko".

Hala esan du Basilio Sierra UPV/EHUko Informatika Fakultateko Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa-Taldeko arduradunak. Robotika kognitiboa izena hartu du joera horrek, eta alor horretan bidea urratzen dihardu Sierraren taldeak. Informatikariak, estatistikan adituak diren matematikariak eta ingeniariren bat
osatzen dute talde hori.

Berriki, ateak ikusteko gaitasuna eman diote robot bati, eta hura hobetzeko lanean dabiltza orain. Elena Lazkano taldekideak eman ditu Tartalo robotari buruzko xehetasunak:

"Robotak eskurik ez dauka, baina ate bat ikusten duenean, suabe-suabe bertara gerturatzen da, kolpe batzuk ematen ditu eta esaten du: 'Atea ireki, mesedez'. Eta itxaron egiten du, ea norbaitek irekitzen dion".

Hori egiteko, heldulekuak identifikatzeko programa txertatu diote robotari. Horrek baditu zailtasun batzuk: "Heldulekuak oso forma desberdinetakoak izan daitezke; orduan, sistema orokor bat behar duzu, eta ez helduleku jakin bat bakarrik identifikatuko duena".

Garatu duten sistema "nahiko sendoa" dela frogatu dute. Izan ere, Informatika Fakultatea berriki eraldatu dute, ateetako heldulekuak tartean, eta, hala ere, itxura ona hartu diete bertan egindako probei.

Horrez gain, Tekniker zentroarekin garatu dute, xede komertzialagoa duen proiektu bat, nahiz eta orain geldirik dagoen: NOA gurpildun aulkia da. Hain zuzen ere, espaloiak igotzeko duen sistema hobetu diote aulki horri.

Izan ere, aulkiak angelu perpendikular ia perfektuan hartu behar du espaloia, igotzeko sistema eraginkorra izango bada, eta, hori ahalbidetzeko, ikerketa-taldeak sentsoreak gehitu dizkie gurpilei.

"Pertsona elbarritua espaloira hurbiltzen da, eta igo behar duenean botoi bat sakatzen du. Aulki horiek elektrikoak izaten dira, eta jarri genizkien sentsoreen bidez igotzen dute espaloia", azaldu du Sierrak.

Annie B. Sweetek kontzertua eskainiko du Facebooken

365diasdefestivales ekimenak hainbat diskoetxe independienteren babesa du, Subterfuge edo Mushroom Pillow tartean.

Annie B. Sweet bakarlariak  365diasdefestivales jaialdiari hasiera eman dio. Emanaldi txikiak izango dira eta Facebook sare sozialaren bitartez ikusi ahal izango dira soilik. 

Nicko Nogués, ideiaren bozeramaileak jakinarazi duenez, "udako jaialdietan izaten den rollo onak urte osoan iraun dezan" egin dute.

Espainiako, Kolonbiako, Kosta Rikako edota Txileko artistek parte hartuko dute 365diasdefestivales delakoan eta Subterfuge edo Mushroom Pillow bezalako diskoetxe independienteren babesa du ekimenak.

Ekimenaren jarraikortasun ekonomikoa bermatzeko, eskumuturrekoak jarri dituzte salgai, 5 euroren truke, 365díasdefestivales.org webgunean.

2010/08/04

Telefonicak Tuenti sare sozialaren % 85 eskuratu du

Zaryn Dentzel sare sozialaren sortzaileak blogean argitaratu du "Telefonica bezalako aliatu estrategiko baten alde egin" dutela "milioika erabiltzaileen esperientzia hobetzeko".

Telefonicak Tuenti sare sozialaren kapital sozialean sartzeko akordio bat lortu du. Hala ere, bi konpainiek adierazi dutenez, sare sozialaren kudeaketak gaur egun duen zuzendaritzaren esku jarraituko du. Telefonicak eta Tuentik ez dute transakzioaren zenbatekoa zehaztu. Zaryn Dentzel Tuentiko sortzaileak, bestalde, Tuentiren blogean argitaratu du "konpainia bezala pausu bat aurreratzeko unea zela eta horregatik Telefonica bezalako aliatu estratégico baten alde apustu egin" dutela. Horrela, "milioika erabiltzaileen esperientzia hobetzea" du helburu sare sozialak.

Operazioa ezagutzen zuten iturriek argitu dutenaren arabera, 70 milioi eurotan erosi du Telefonicak Tuentiren % 85. Gainontzekoak, sare sozialaren esku jarraituko du.

Operatzaileak akzio gehienak izango dituen arren, sare sozialaren kudeaketak Zaryn Dentzel Tuentiren sortzailea buru duen zuzendaritza taldearen esku jarraituko du, "garapenari jarraipena emateko".

Operazioa egin arte, Polanco sendiak parte hartzen duen Qualitas Equity Partnersek Tuentiren sare sozialaren % 30 zuen.

2010/08/03

NASAren R-2 Robota, espaziotik twitteatzeko prest

Androideak 150 kilogramo pisatzen ditu eta giza itxura du, baina ahotsik ez duenez Twitter sare sozialeko 140 karaktereak erabiliko ditu abenturaren berri emateko.

Galaxietako Gerran bezala, NASAk diseinatu duen R-2 robota Nazioarteko Espazio Estazioaren tripulazioko kidea izango den lehen androidea izango da. Robota prest dago Twitter sare sozialaren bitartez biziko duen abenturaren berri emateko. Robonaut 2 NASAk eta General Motorsek 2007an hasi zen elkarlanean egindako proiektu baten emaitza da.

"Kaixo, nire izena Robonaut 2 - R2", twitteatu zuen androideak bere giza lankideen laguntzarekin.

Androideak 150 kilogramo pisatzen ditu eta buruz, soina, besoak eta hankak ditu eta ahotsik ez izan arren, Twitterreko 140 karaktereen bitartez Lurretik 400 kilometrotara biziko duen abenturaren berri emateko aukera izango du. Robota 2010eko maiatzaren 7an jaio zen eta giza itsura du. Urre koloreko kasko bat du eta bularrean NASAren ezkutua du.

Galaxietako Gerrako robot hunkigarria bezala, R2 izena jaso du robotak eta dagoeneko twitter@AstroRobonaut haren kontura komentarioak bidali ditu.

Robonaut Discoveryan bidaiatuko datorren udazkenean eta, ondoren, Nazioarteko Espazio Estazioan geldituko da NASAk gizakien eta roboten arteko harremana hobeto uler dezan.

NASAren R-2 robota. Argazkia: EFE

2010/08/02

Zero segundotako dei batengatik 1.000 euro kobratu dizkio Orangek

Erabiltzaileak bere mugikorrera egin zuen deia, telefonoa itzalita zegoen arren. Konpainiak "hanka-sartzea" onartu du.

Orangek 1.000 euro baino gehiago kobratu dizkio bezero bati zero segundotako dei batengatik. Erabiltzaileak, hegaldi batean, bere mugikorrera egin zuen deia, telefonoa itzalita egon arren. Horren berri eman du gaur Facuak.

Facuak adierazi du, kontsumitzaileen elkarteak aurkeztutako erreklamazioaren ostean, enpresak "hanka-sartzea" onartu duela eta ordainketa eskatzeari utzi dio.

Fakturan deiak uztailean egin zirela zehaztu zuen Orangek. Iraupena zero segundotakoa zen eta deien hartzailea bere mugikorra bera zen. Deietako baten balioa 1.022 eurokoa zen.

Google Street View mundu osoan ikergai, Antartikan salbu

-Googlen produktuek 33 epaiketa dituzte AEBetan.
-YouTube, Googleren bideo webgunea 19 herrialdetan debekatu edo mehatxatu dute.

Google mundu osoan ikertzen ari dira, guztira 60 ikerketa legal edo penal abian dira eta horietako ia erdia (28) Google Street Viewerekin harremana dute.

Google Street Vieweko autoek munduko herrietako eta hirietako argazkiak ateratzen dituzte eta ondoren, irudiok Google Mapsen ikusgai jartzen dituzte. Antartikak salbu, kontinente guztiek salaketak aurkeztu dituzte, hain zuzen, Europak (14), AEBek (11), Ozeaniak (2) eta Asiak (1).

Street Vieweko autoek haririk gabeko sareen datuak "nahigabe" hartu zituztela onartu zuen Googlek maiatzean eta horrenbestez, hainbat herrialdek, tartean Espainiak, ikerketak abiatu zituzten.

Horrez gain, Googlen produktuak debekuak edo debeku saiakerak izan dituzte gutxienez 23 herrialdetan eta Ameriketako Estatu Batuetan 33 epaiketa dituzte, Aqute Intelligenceko adituen datuen arabera.

YouTube 19 herrialdetan debekatu dute

Bestalde, YouTube, Googleren bideoen webgunea 19 herrialdetan herrialdetan debekatu edo mehatxatu dute.

Aurreko astean, Errusiako epaile batek webgunea blokeatu zuen bideo batean "gorroto etnikoa" sustatzeagatik. Googlek, bere aldetik, epaiak informazio askatasuna urratzen zuela adierazi zuen.



Erabiltzaileek Google Street Vieweko autoek pasieran zeudela argazkiak atera dizkietela salatu dute

Google Street View mundu osoan ikergai, Antartidan salbu

-Googlen produktuek 33 epaiketa dituzte AEBetan.
-YouTube, Googleren bideo webgunea 19 herrialdetan debekatu edo mehatxatu dute.

Informazio gehiago laster.

Europako 3Dko lehen telebista katea urrian emititzen hasiko da

Kate berriak kirolak zuzenean, pelikulak eta entretenimenduko saioak eskainiko ditu.

Datorren urriaren 1ean British Sky Broadcasting satelite bidezko telebistako plataformak (BSkyB), Europako hiru dimentsiotako lehen katea izango den Sky3D kaleratuko du.

Konpainiak adierazi duenez, Sky3D berriak kirolak zuzenean, estreineko pelikulak eta entretenimenduko saioak eskainiko ditu. Horrez gain, naziaorteko etxe handiek kaleratu dituzten 3Dko telebista guztiekin bateragarria izango da.

Horrela, 3D teknologia, bereizmen handiak egin zuen bezala, etxe guztietara iritsiko da. Europan, Skyren bezeroak horrelako irudiak telebistan jasoko dituzten lehenak izango diren arren, gainontzeko konpainiek ere laster aterako dituzte horrelako kateak.

Ryder Cup txapelketa edo marrazki bizidunetako hainbat filme izango dira kate berriak eskainiko dituen lehen edukietako batzuk.