2010/08/19

Facebookek geolokalizazio zerbitzua du jada

Zerbitzu honekin, telefono mugikorretik konektatzen diren erabiltzaileek non aurkitzen diren adierazteko aukera izango dute. Oraingoz, AEBetara soilik iritsi da.

Zurrumurrua baieztatu da: Facebookek "Facebook Places" geolokalizazio zerbitzua kaleratu du. Oraingoz, AEBetan soilik erabili ahal izango dute aplikazio berri hau, sare sozial honen blog ofizialean azaldu denez.

Zerbitzu honekin, telefono mugikorretik konektatzen diren erabiltzaileek non aurkitzen diren adierazteko aukera izango dute.

Horretarako, Facebookek iPhonerako duen azken aplikazioa jaitsi behar izango da. Gainera, mugikorreko nabigatzailea HTML5ekin eta geolokalizazioarekin bateragarria bada, touch.facebook.com-etik ere sartu ahal izango dira "Places"-era erabiltzaileak.

Erabilera oso erraza da: iPhonetik "Places" aplikaziora edota touch.facebook.com helbidera sartu eta "Check In" botoia klikatu behar da. Behin hori eginda, zerrenda luze bat azalduko da eta bertan non aurkitzen den aukeratu beharko du erabiltzaileak. Leku hori zerrendan azaltzen ez bada, bilaketa egiteko edota tokiaren izena gaineratzeko aukera izango du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario