2010/08/31

Googlek 'garrantziaren arabera' sailkatuko ditu Gmaileko mezuak

"Priority mails" aplikazioa gaurtik aurrera egongo da erabilgarri eta, teknologia adituen ustez, denbora aurrezteko aukera emango dio erabiltzaileari.

Gmail posta zerbitzuaren erabiltzaileek denbora aurreztuko dute gaurtik aurrera korreoa begiratzeko orduan, Googlek "garrantziaren arabera" sailkatuko baititu mezuak, aplikazio berri bati esker.

"Priority mails" izeneko aplikazio honek automatikoki sailkatuko du posta elektronikoa. Modu horretan, erabiltzailearentzat garrantzitsuenak diren mezuak sarrerako ontziaren goialdean azalduko dira.

Hori lortzeko, Gmailek jatorriaren arabera banatuko ditu mezuak. Hau da, erabiltzaileak gehien erantzuten dituen mezuen igorleak lehen tokietan kokatuko ditu eta normalean ezabatuak izaten diren mezuak, berriz, azkenerako utziko ditu. Dena den, erabiltzaileak sailkapen irizpideak aldatzeko aukera izango du.

"Priority mail" aplikazioa postaren menuan agertuko da, sarrerako ontziaren ondoan, eta Googlek aurreikusitakoaren arabera, zerbitzu berri honekin denbora asko aurreztuko da mezuak irakurtzerakoan.

Aplikazio berri hau gaurtik aurrera egongo da erabilgarri mundu osoan, halere, arazo teknikoak direla eta, askok ezingo dute oraindik erabili.


No hay comentarios:

Publicar un comentario