2010/08/10

Heldulekuak identifikatzen dituen robota sortu dute EHUko ikerlariek

EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen taldeak A kategoria jaso berri du.

EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen Taldeak ateetako heldulekuak identifikatzen dituen robota sortu du, kontzienteak diren makinak sortzeko bidean. Izan ere, EHUko talde honek A kategoria jaso berri du.

Beren buruaren jabe diren makinak osatzea da gaur egungo robotika autonomoaren joera. "Robotak kontziente izan behar du egiten ari denaz, eta, gero eta gehiago, gai izan beharko luke bere portaera hobetzeko, ikasteko".

Hala esan du Basilio Sierra UPV/EHUko Informatika Fakultateko Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa-Taldeko arduradunak. Robotika kognitiboa izena hartu du joera horrek, eta alor horretan bidea urratzen dihardu Sierraren taldeak. Informatikariak, estatistikan adituak diren matematikariak eta ingeniariren bat
osatzen dute talde hori.

Berriki, ateak ikusteko gaitasuna eman diote robot bati, eta hura hobetzeko lanean dabiltza orain. Elena Lazkano taldekideak eman ditu Tartalo robotari buruzko xehetasunak:

"Robotak eskurik ez dauka, baina ate bat ikusten duenean, suabe-suabe bertara gerturatzen da, kolpe batzuk ematen ditu eta esaten du: 'Atea ireki, mesedez'. Eta itxaron egiten du, ea norbaitek irekitzen dion".

Hori egiteko, heldulekuak identifikatzeko programa txertatu diote robotari. Horrek baditu zailtasun batzuk: "Heldulekuak oso forma desberdinetakoak izan daitezke; orduan, sistema orokor bat behar duzu, eta ez helduleku jakin bat bakarrik identifikatuko duena".

Garatu duten sistema "nahiko sendoa" dela frogatu dute. Izan ere, Informatika Fakultatea berriki eraldatu dute, ateetako heldulekuak tartean, eta, hala ere, itxura ona hartu diete bertan egindako probei.

Horrez gain, Tekniker zentroarekin garatu dute, xede komertzialagoa duen proiektu bat, nahiz eta orain geldirik dagoen: NOA gurpildun aulkia da. Hain zuzen ere, espaloiak igotzeko duen sistema hobetu diote aulki horri.

Izan ere, aulkiak angelu perpendikular ia perfektuan hartu behar du espaloia, igotzeko sistema eraginkorra izango bada, eta, hori ahalbidetzeko, ikerketa-taldeak sentsoreak gehitu dizkie gurpilei.

"Pertsona elbarritua espaloira hurbiltzen da, eta igo behar duenean botoi bat sakatzen du. Aulki horiek elektrikoak izaten dira, eta jarri genizkien sentsoreen bidez igotzen dute espaloia", azaldu du Sierrak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario