2010/09/14

Gatesek eta Buffettek aberatsak lasaitu dituzte, Txinara joan aurretik

Enpresariek Txinako handi-mandiekin afaria antolatu dute, Pekinen, "esperientziak partekatzeko".

Bill Gates eta Warren Buffet filantropo estatubatuarrek Txinako handi-mandiekin afaria antolatu dute, Pekinen, eta bileraren helburua "esperientziak partekatzea" dela argitu dute; izan ere, bertara gonbidatu dituzten aberats txinatarrek dirua eskatuko zietela pentsatu zuten hasiera batean.

Bi enpresari estatubatuarrek Xinhua berri-agentzia ofizialera bidalitako eskutitz batean, Txinara egingo duten bidaia ez dela inori dirua eskatzeko azaldu dute, eta euren helburua "ikastea, entzutea eta bizitako esperientziei buruz jakin nahi dutenei erantzutea" dela adierazi dute.

Eskutitza Txinako komunikabideetan sortu den iskanbilaren ostean iritsi da; izan ere, bi enpresari estatubatuarrek irailaren 29rako antolatutako afarira herrialde asiarreko 50 pertsonarik aberatsenak gonbidatu dituzte eta horietako bik baino ez dute baiezkoa eman.

Aurten, bi filantropoek "Givin Pledge" proiektuarekin Ameriketako Estatu Batuetako 40 aberats garrantzitsuk euren dirutzaren erdia ongintzako ekintzetarako uztea lortu dute. Txinatarrei bidalitako eskutitzean, berriz, Txinan eta AEBetan ez dutela egoera berdina argitu dute.

Proiektu hori "filantropia ikusteko era bat besterik ez da, eta ez dakigu Txinarentzat egokia den".

Hala ere, estatubatuarren esanetan, "gaur egun Txinan dauden enpresari arrakastatsuek aukera ona dute hurrengo belaunaldietako herritarrentzat eredugarriak izateko". Bestalde, herrialde asiarrak dirua emateko ohitura aspalditik duela gogorarazi dute.



Bill Gatesen artxiboko irudia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario