2010/09/30

Irundar batek Euskal Herria Matt Hardingek bezala erakutsi du YouTuben

Iñaki Goikoetxea urtebete aritu da Euskal Herriko 100 txoko baino gehiago erakusten dituen bideo bat egiten. Lana Matt Harding YouTuben hain ospetsua egin zen australiarrak egiten dituenen modukoa da.

Matt Hardingen ideia originalean oinarrituta, Iñaki Goikoetxeak 21 hilabete behar izan ditu "Euskal Herrian Dantzan" bideoa egiteko. "Euskal Herriko irudia zabaltzeko", ehun txoko baino gehiagotako irudiak bildu ditu; izna ere, egilearen ustez, "leku zoragarriak ikusteko ez dugu munduko beste puntaraino joan behar".

Ez da Goikoetxeak horrelako lan bat egin duen lehen aldia, baina bai behin betikoa. "Batzuetan lotsa pasa dugu, dantzan hasten ginenean jendea begira hasten zelako. Hala ere, parte hartu duen jendeak, lagunek eta senideek, bazekiten zertan ari ginen eta ondo pasa dugu", azaldu du irundarrak.

Goikoetxeak aste honetan bertan amaitu du bideoa osatzen: "Musika estudio txiki batean zuzenean jotzen dugun musika grabatu genuen. Guztira, hilabete inguru aritu naiz bideoa editatzen".

Horrela. Goikoetxeak Euskal Herriko mendiak, hiriak, festak eta txokorik bitxienak erakutsi nahi izan ditu. "Txikitan ezagututako lekuak gogoratu ditut, jendeak pentsa dezake dantza egitera joan naizela, baina asko mugitzen gara eta irudiak grabatzeko aprobetxatu dugu", azaldu du.

Leku publikoetan grabatzeko ez du arazorik izan irundarrak. Batzuetan, ezezagunek ere koreografian parte hartu dute: "Hondarribian izan ginenean, ezkontzako argazkiak ateratzen ari zen bikote batek zertan ari ginen galdetu zigun eta, azkenean, dantzan hasi ziren".
 


No hay comentarios:

Publicar un comentario