2010/09/09

Kinect probatzeko aukera, gaurtik aurrera hóPLAY Bideojoko Jaialdian

Irailaren 25era bitartean AlhondigaBilbaon egingo den Nazioarteko 1. Jaialdian joko elektronikoen eta arte interaktiboaren alde kulturalak, sozialak, teknologikoak eta industrialak aurkeztuko dituzte.

Irailaren 25era bitartean, hóPLAY'10, Bideojokoen Nazioarteko 1. Jaialdia egingo da AlhondigaBilbao kulturgunean. Azokaren helburua jendea bideo-jokoen mundura hurbiltzea da eta, bertan, joko elektronikoen eta arte interaktiboaren alde kulturalak, sozialak, teknologikoak eta industrialak aurkeztuko dituzte. Berrikuntza nagusia Kinect gailu berriari lotutakoa izango da. Microsoft etxeak Xbox kontsolarako merkaturatuko duen tramankulu berritzailea erabiltzeko aukera izango baita bai bertako jolas-gunean, baita EITBren Bilboko egoitzan ere. Gainera, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, film emanaldiak eta XBOX kontsolaren kustomizazio txapelketa ere izango dira bertan egun horietan.

EITBren babesarekin antolatutako hòPLAY jaialdiaren egunetan, AlhondigaBilbaora doazenek izango dute gailua merkaturatu baino hiru hilabete aurretik erabiltzeko aukera eta KinectAdventures, Kinect Animals, Kinect Joy Ride, KinectSports, Dance Central eta Your Shape Fitness Evolved jokoetan aritu ahal izango dute kulturguneren beheko solairuko erakusketa aretoan jarriko duten 42 metro koadroko pantailan. Baina, gainera, EITBren Bilboko egoitzan ere izango da aparailu berritzailea erabiltzeko aukera, Xbox kontsola eta Kinect agintea erabilgarri izango baitira bertan.

Halaber, EHUko Arte Ederretako ikasleek Xbox 360 kontsolarako egindako hamabost kustomizazioetatik hiruk sariak jasoko dituzte azokaren egunetan (1.500, 1.000 eta 500 eurokoak). Azokaren egun bakoitzean haurrei eta helduei zuzendutako lantegiak egingo dira, adituek, ikertzaileek eta sortzaileek hitzaldiak emango dituzte eta hainbat dokumental emango dituzte bideo-jokoen munduari eta gaur egungo egoerari buruz. Bestalde, musika elektroniko kontzertuak ere izango dira.

Kinect gailu berriaren Europako aurkezpen ofiziala abuztuaren27an egin zuten EITBren Bilboko egoitzan.

Egitarau osoa, albiste honi atxikita


Xbox 360 kontsola. Argazkia: Microsoft

No hay comentarios:

Publicar un comentario