2010/09/08

Sare sozialetan adituak diren euskal profesionalen topaketa, Bilbon

Besteak beste, Facebookek azken hilabeteetan eitb.com-en eragin dituen aldaketak azalduko dira. Ehun lagun inguruk hartuko dute parte ekimenean.Sare sozialetan aditu diren ehun bat euskal profesionalek bilera-topaketa egingo dute ostegun honetan, irailak 9, Bilbon, FEIS-food ekimenaren aitzakian. Antolatzaileen esanetan, "egunero-egunero Facebookeko ekosistema osatzen dugun pertsonon networkingerako bideratuta dagoen ekimena" da FEIS-food, "maiztasun batekin eta hiri ezberdinetan ospatuko dena".

Berrikuntzetako bat, ekimena "gai zehatz baten giran" ibiltzea izango da. Aurten, The Dubliners Bilboko pub irlandarrean ospatzen denez, Irlandako produktu gastronomikoekin egindako pintxo eta gutiziak probatu ahal izango dira. Menua egiteko, Michelin izarra duen Etxanobe Jatetxearen I+D taldearen lankidetza izan dute antolatzaileek. Ekimenak eitb.com-en eta Bodegas Viña Laguardiaren babesa du.

WIFI eta Facebook bidezko streaminga izango da bertan, lokalean egongo den pantaila handi baten bidez (Facebook Live) jarraitu ahal izango delarik guztia. Erabat interaktiboa izango da topaketa eta fisikoki pubean ez daudenek ere bertan baleude bezala parte hartu ahal izango dute. Sarreran identifikatzeko, berriz, Facebookeko perfila erakutsi beharko da sakelako telefonoaren bitartez.

Bigarren aldia da topaketa hau antolatzen dela. Lehena apirilean izan zen. FEIS-foodek networkingaren ekimen izarra bihurtu nahi du, Facebookeko ekosistema osoa bilduz, bazkari, luntx, afari... edo jana erabiliz lotune gisa. Egunero Facebooken aritzen den jendea biltzea da helburua, maiztasun bat ematea eta hiriburu ezberdinetan errepikatzea.

FEIS-foodek, jarraikortasun ikur gisa, 5 minutuko tarte edo mikroponentzia izaten du ekimen guztietan; "Feisbuk Esperientzia" deitu dutena, alegia. Oraingoan, Facebookek EITBn (Euskal Irrati Telebista) eragin duen aldaketa azalduko du Lontzo Sainz eitb.com-en Networking arduradunak.



FEIS-food ekimenaren logoa

No hay comentarios:

Publicar un comentario