2010/09/15

Twitter sare soziala berritu egin dute

Diseinu errazagoa eta bideoak eta argazkiak igotzeko aukera dira sare sozial honen sortzaileek aurkeztu dituzten berrikuntzetako batzuk.

Twitterrek, Interneteko sare sozial arrakastatsuenetako batek, ustekabea eman du eta mezuen plataforma berritu dutela jakinarazi du. Enpresak adierazi duenez, aldaketa horien helburua erabiltzaileentzat zerbitzua "erabiltzeko errazagoa, azkarragoa eta aberatsagoa izatea da". Konpainia kaliforniarrak komunikabideak deitu ditu San Franciskoko (AEB) egoitzan eta, hasiera batean, Googlek Twitter eskuratu duela pentsatu dute bertaratu direnek, baina, azkenean, agerraldian Twitterren egin diren aldaketen berri besterik ez dute eman.

Sare sozialaren sortzaileek mezuen lerroaren diseinua sinplifikatu dute eta "tweet" bakoitzari erlazionatutako informazio gehiago eskainiko dute; egileari buruzko xehetasunak, jatorria eta edukiak erabiltzaileen artean izan duen hedapena, alegia.

Horrez gain, Twitter berritu horretan, erabiltzaileak bideoak eta argazkiak sartzeko aukera izango du. Horrela,  YouTube, Vimeo, TwitPic, Ustream edo Flickr webguneei esker erabiltzaileek ez dute Twitterretik atera beharko.

Beste berrikuntzen artean, webgunean nabigatu gabe sare sozialeko beste erabiltzaile batzuk bilatzeko sistema da. Informazio horretan kontu horretara erlazionatutako oinarrizko informazioa, datu biografikoak edo azken "tweetak" eskainiko dituzte. Pixkanaka, aldaketa horiek Twitterreko kontu guztietara iritsiko dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario