2010/10/08

Adingabeen % 18 Internet bidez ezagutu dituzten lagunekin elkartu dira

Ikerketan Euskadiko Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako 350 ikaslek parte hartu dute. Horien % 60k Messenger programa erabiltzen dute lagunekin hitz egiteko.Hamabi urte baino gutxiagoko neska-mutikoen % 89,6 aritzen dira Interneten, eta horietatik % 36,4k 8-10 urte zituztenetik egiten dute, gaur Ana Collia Eusko Jaurlaritzako Kontsumo zuzendariak aurkeztu duen ikerketa baten arabera. Ikerketa horrek jakitera eman duenez, gaztetxo horien % 76,3k Interneten nabigatzea arriskutsua izan daitekeela jakin arren, horien % 37k ez dute uste Internet bidez ezagututako norbaiti datu pertsonalak ematea arriskutsua izan daitekeenik eta % 18,4k (53 haur) ezezagun batekin elkartu izana onartu dute. Haur horien arteko % 26,4k (14 haur) ez zieten hitzordu horren berri eman ez gurasoei ez lagunei.

"Adingabeak eta teknologia berria. Erabilera ohiturak eta arriskuak" izeneko ikerketa 2010eko urtarrila eta apirila bitartean egin dute eta ekimenean EAEko Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako 350 ikaslek eta 103 gurasok parte hartu dute.

Internetera konektatzen diren 12 urtetik beherako gaztetxo horien guztien % 38 baino gehiago "maiz" konektatzen dira, eta % 50 "batzuetan". % 89,1 etxetik konektatzen dira, 79,7k ikasketekin zerikusia duen informazioa bilatzeko egiten du eta % 60k Messenger programa erabiltzen du lagunekin hitz egiteko.

Horrez gain, seme-alabek Internet erabiltzeko moduaz gurasoek duten kontrola ere neurtu du. Euren esanetan, gurasoen % 92k kontrolatu egiten dute seme-alabek Interneten ematen duten denbora, % 97k badakite seme-alabek Internet zertarako erabiltzen duten eta % 50ek baino gehiagok ez dute eduki-iragazkirik jarri.

Ikerketak sakelako telefonoaren erabilera ere aztertu du. Dirudienez, hamabi urtetik beherako neska-mutikoen % 63k telefonoa dute eta % 43k hamar urte izan aurretik lortu dute. Sakelakoaren erabileraren inguruan gurasoek duten kezka handiena seme-alabek telefono zenbakia ezezagunei ematea da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario