2010/10/21

BTEK, 2009ko kultura-eraikinik onena ArchDaily-ren arabera

BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroa, 2009ko Kultura Eraikinik Onena aukeratu dute ArchDaily-n, munduan bisita gehien jasotzen dituen arkitekturari buruzko webgunean. Duela bi urte arkitekturari buruzko informazioa eskaintzeko sortutako webgune honek urte hasieran jarri zuen martxan 2009ko munduko eraikinik onenak aukeratzeko lehiaketa, zenbait kategoriatan: kultura, erlijioa, hezkuntza eta kirola, besteak beste. Bozketa Facebook eta Twitter sare sozialen bidez egin da soilik, eta Kultura Eraikinen kategorian BTEKek jaso du botorik gehien (irabazleen zerrenda).

Bizkaiko Parke Teknologikoan izango du egoitzaBTEKek, Teknologiaren Interpretazio Zentroak, eta hilabete gutxi barru da inauguratzekoa. Inauguratu aurretik, dagoeneko hiru aintzatespen jaso ditu: ArchDailyk antolatutakoa, lehena; bigarrena, Sao Pauloko Nazioarteko Arkitektura bienalean, eta, hirugarrena, jakin berri dugunez, Ohorezko Aipamena AR Awards 2009, Britania Handiko The Architectural Review aldizkari ospetsuak antolatutako lehiaketan.

BTEK eraikina Gonzalo Carro arkitektuak (ACXT) ari da eraikitzen, paisaian txertatutako erreferentziazko bi piramide-bolumen gisara. Itxuraz, ez dute elkarrekin loturarik eraikin biek, baina, sestrapetik, uztartuta daude. Lehenbiziko eraikina beltza da, lurretik sortua, bestea baino egitura astun eta itxiagokoa hiru fatxada metalikoak direla eta. Estalkia, berriz, eguzki-panelez egina du erabat. Energia garbi eta berriztagarrien aldeko irizpide hori eraikineko gainerako bazterretan ere ikusten da: instalazio geotermikoa, materialak, erakusketen edukia...

Bigarren eraikinak, lehenbizikoak ez bezala, bi errezel-horma eta soropil artifizialeko estalkia ditu; lurraren luzapen gisara ageri da, eta lursail osoa hartzen du haren zabalerak, eraikititako eremuaren mugaraino.

Zientzia eta Teknologia gizarteratzea du helburu nagusi BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroak. Haren lehen urratsak 2005ean eman zituen Bizkaiko Teknologia Parkeak, proiektuaren oinarriak finkatu eta aurreproiektua egin zuenean. 2009an amaitu zen eraikuntza-lana eta, gaur egun, arlo museografikoa ari dira amaitzen (moduluak eraikitzen, alegia), Elhuyar Fundazioaren gidaritzapean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario