2010/10/07

Gaztelink sare soziala sortu dute

Gazteen, gazteria eragileen eta gizarte-mugimenduen topagune birtual izateko asmoz sortu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) gazteei eta gazte eragileei zuzendutako lehen sare soziala aurkeztu du:
Gaztelink. Elkarte-plataformak azaldu duenez, 2.0 web orrialde berri hau "gizarte mugimenduen topagune bat sortzeko abiatu da".

Facebook etaTuenti atarien antzeko funtzionamenduarekin baina "sare horiek jasaten duten informazio saturazioa pairatu gabe", Gaztelink “plaza birtual bat" izateko jaio da. Plaza horretan, gaur egun Interneteko txoko ezberdinetan sakabanatuta dauden informazio eta eragileak bildu nahi dira. Esaterako, gazte-elkarteek, sindikatuek edo instituzioetako gazteria-sailek antolatzen dituzten jarduera, ikastaro, lantalde edo mobilizazio deialdiak. Modu honetan, egitasmo honek eragile ezberdinen arteko “komunikazio eskasa” gainditu nahi du. “Nork ez du noizbait berritzat jotzen zuen proiektu bat martxan jarri eta, handik gutxira, proiektu hori horrezkero martxan zegoela deskubritu?; zenbatetan egon dira hiru hitzaldi arratsalde berean, eta hurrengo egunean, ordea, bat bera ere ez?; zenbat eragile ari dira gauza berean lanean eta, hala ere, ez dute elkar ezagutzen?; zenbat
lan bikoizten da?”, argitu du EGK-k. Elkarte-bilguneak azaldu duenez, “ideiak eta proiektuak elkarbanatzeko leku baten premia zegoen; alegia, sareak josteko eta elkartegintza-ehuna indartzeko toki bat: hori dela eta jaio da Gaztelink”.

Agenda, blogak eta eztabaidaguneak
Euskal Gazteriaren webgunea (atari berriaren leloari jarraituz), Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak piztu egin du, “baina aurrerantzean erabiltzaileen esku egongo da”. Horiek emango diote forma Gaztelink sareari. Horretarako, behin izena
eman eta gero (hau da, elkarteari edo erakundeari buruzko informazioa jasoko duen profil bat sortu eta gero), asko dira erabiltzaileek baliatu ditzaketen tresnak: blog bat sor dezakete, interes berdintsuak dituzten pertsonen lantaldeak sortu, eta
eztabaidaguneak ireki. Horrez gain, antolatu dituzten hitzaldi, ikastaro, tailer eta mobilizazioen inguruko informazioa agenda bateratu batean eskegi ditzakete.

Jarduera horiek guztiak lehen begi-kolpe batean ikusi ahal izango dira webgune honetan, mapa batean deialdi guztiak seinalatuko baitira. Bestalde, erabiltzaileak sare sozial berrira harpidetu daitezke (RSS bitartez); modu horetan, bilgune
birtualean eskegitzen diren berritasun guztiak jasoko ditu.

Dagoeneko 60 eragile baino gehiagok bere profila estreinatu dute. Besteak beste, hainbat ikasle-taldek (Larrunarri, Aviem
Medikuntza ikasleen elkartrukerako euskal elkartea), astialdi hezitzaileko zenbait eskola eta federaziok (Urtxintxa,
Euskalerriko Eskautak...), Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuek (AFS Euskadi-interkultura), sindikatuek (CC.OO
Gazteak, ESK), alderdi politikoen gazte-taldeek (Nuevas Generaciones, Iratzarri), Aldundi zein udaletxeek bultzatutako boluntariotza-agentziek (Bolunta...) eta gazteria-zerbitzuek (Tolosakoa, kasu) eman dute izena, bai eta zenbait norbanakok
ere.

Gaztelinken logoa. Argazkia: Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

No hay comentarios:

Publicar un comentario