2010/10/06

Krisiak ez ditu Interneteko eroslearen ohiturak aldatu

Interneteko hiru kontsumitzaileetatik bik saltoki berean erosten dute beti. Sareko salmenta bezeroen fideltasuna handitzeko modu on bat bilakatu da.

Interneteko kontsumitzailea ohiko eroslea baino fidelagoa da. TNS merkatuak ikertzen espezializatutako agentziak egindako ikerketa baten arabera, erosleen % 71 ez da drogeria edo norbere garbitasunerako produktuak erosteko bisitatzen duen bigarren denda bat aipatzeko gai. Hala ere, kontsumitzaile tradizionalen % 87k prezio onena lortzeko saltoki bat baino gehiago bisitatzeko ohitura duela onartu du.

Alde horiek Interneteko kontsumitzaileen kopurua oraindik ohikoena baino txikiagoa delako sortzen dira; izan ere, Interneten ditugun saltoki kopurua ere txikiagoa da.

Erosle gaztea

Sareko eroslea ohiko kontsumitzailea baino gazteagoa da; batez beste, 42 urte ditu.

Horrez gain, erosketak Internet bidez egiteko ohiturari dagokionez, ez dago alderik gizonezkoen (% 50,4) eta emakumezkoen (% 49,6) artean.

Interneteko erosleak garrantzia handia ematen dio eskaera etxera eramateko epea motza izateari eta produktua egoera onean jasotzeari. Kontsumitzaileak gehienbat eskaera jasotzeko ordutegia, erosgaien egoera eta puntualtasuna hartzen ditu kontuan.


No hay comentarios:

Publicar un comentario