2010/10/28

'Bideo-joko retroek jokoaren funtsa erakusten dute'

Jon Cortazar Relevo Videogames ekimenaren sortzailea da. Taldeak 8 biteko plataformetarako jokoak egiten ditu. 80ko hamarkadako jokoek indarra hartu dute industrian.Hainbat urtetan MSX sistemarako bideo-jokoak egiten aritu ostean, Jon Cortazarrek Relevo Videogames sortu zuen 2009an, 8 biteko plataformetarako (Spectrum ordenagailua, besteak beste) bideo-joko berriak sortzeko. Izan ere, hogei urte baino gehiago dituzten makina hauetarako zaletasuna handitu nahi du.

Zer da "retrogaminga"?
Retrogaminga hasiera-hasierako bideo-jokoekin disfrutatzea da, umeak ginen garaiko bideo-jokoekin disfrutatzea, orduan genituen eta batzuek oraindik ere ditugun ordenagailu edo kontsolak erabiliz.

Gaur egun merkatuan ditugun kontsola eta jokoekin, zergatik egiten duzue denboran atzera?
Azken belaunaldiko jokoek hasiera batean sortutako jokoek eskaintzen ez zuten moduko dibertsioa eskaintzen dute. Simulazio eta ikus-entzunezko esperientzia perfektua bilatzen dute gaur egunekoek; 80ko hamarkadakoek, berriz, irudimen, oroimen eta trebetasun handiagoa eskatzen zuten. Azken urteotako bideo-joko asko pelikuletako esperientziara gerturatzen dira, jokalariak denbora besterik ez du behar aurrera egiteko... Azken finean, bi joko formatu dira, desberdinak eta osagarriak.

Zein da gaur egun garatutako bideo-joko retro baten xarma?
Batetik, nostalgia eragiten du horiek probatzen dituzten zaleen artean; izan ere, umetako ordenagailu edo kontsoletarako joko klasikoez gain, gaur egun kalitate handiko jokoak egiten jarraitzen dute makina haietarako. Halaber, joko sinpleen plazerra ezagutzen dute, aurkezpen bideo luzerik eta orkestren soinu bandarik behar ez duten jokoen plazerra, tutoretza luzerik ez duten eta erabiltzen zailak ez diren joko sinpleek ematen duten plazerra.

Eta dagoeneko Spectrumik ez badut? Zer egin zuen jokoak erabiltzeko?
Gure jokoak plataforma klasikoetan erabiltzeko diseinatuta daude. Dena dela, gure jokoekin eta horiek jokatzeko eskaintzen duten esperientziaz disfrutatzeko emuladoreak daude gaur eguneko sistema gehienetarako. Emuladoreak jokoak interpretatzeko programak dira, MSX edo Spectrum sistemetarako jokoak PC, Mac, bideokontsola eramangarri eta beste formatu askotan erabiltzeko aukera ematen dutenak.

Nola egiten da gaur egun bideo-joko "retro" bat?
Relevo Videogamesen, jokoak sortzeko, proiektua konpilatzen dugu eta formatu jakin baterako sortu nahi dugun jokoaren artxibo funtzionalak egiten ditugu, PC bidez. Horrela, grafikoak, musika, soinu-efektuak eta programazioa ordenagailu bidez egiten ditugu. Mihiztatzaile bat erabiliz programatzen ditugu gure proiektu guztiak eta, ondoren, sistema bakoitzerako konpilatzen ditugu. Azken finean, gauza bera da joko bat azken belaunaldiko plataforma baterako zein 8 biteko ordenagailu baterako egitea.

Zein dira zuen bideo-joko ezagunenak?
Zalantza barik, gure joko arrakastatsuena La Corona Encantada izenekoa da. Relevo Videogamesen lehen proiektua 80ko hamarkadan Espainian egindako joko klasikoak omentzeko egin genuen; Azpiri ilustratzailearen kolaborazioa izan genuen jokoaren azala egiteko. Gure azken jokoa (Invasion of the Zombie Monsters) hamarkada bereko azken urteetako arkadeak omentzeko egin dugu. Oso harrera ona izan du. British Bob izenekoak ere arrakasta handia lortu du; Madrileko Game Fest azokan gure lanak ezagutzera joan ziren zaleen artean baloratuena izan zen.

Nola eskuratu dezakegu zuen jokoetako bat?
Gure joko guztiak relevovideogames.com webean deskargatu ahal dira doan, erabiltzaileak nahi duen lekuan jokatzeko, aurretik emuladore bat instalatu eta gero. Gainera, jokoa formatu fisikoan (kartoizko kutxan, manual eta guzti, eta hainbat estrarekin) eskuratu nahi baduzu, postaz bidaliko dizugu kasetea edo kartutxoa, erosi nahi duzun formatuaren arabera.

Bideo-joko retroen itzulera ikusten ari al gara orduan?
Nire ustez, bideo-joko retroak ez du sekula alde egin. Duela urte batzuk jende gutxik eta talde txikitan jarraitzen zuen mugimendua zen, baina orain enpresa handiak bideo-joko retroak (edo retro itxurakoak) ekoizten hasi dira, eta gero eta gehiago dira horrelakoekin disfrutatzen dutenak. Horrez gain, horrelakoen plataformak bizirik mantentzeko lanean ari ginenok serioago hartu dugu orain zeregin hori; lan prozedurak profesionalizatu ditugu eta gure lanaren kalitatea handitu dugu, gero eta gehiago eskatzen duten zaleei erantzuteko. Beraz, ez dut uste bideo-joko retroa itzuli denik, baina bai lozorroan zegoela, industrian baten bat horri garrantzia ematen hasi den arte.

Jon Cortazar Relevo Videogamesen sortzailea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario