2011/01/28

Sare sozialetan pribatutasuna mantentzeko gida berria osatu dute

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak gaztetxoenei ohartarazi die soslaietako datuekin etorkizuna baldintzatu dezaketela, baina uste du gizarteak ere egoera berrira egokitu behar duela.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak ikus-entzunezko gida bat osatu du gazteek Interneteko sare sozialetan pribatutasuna nola mantendu ikas dezaten.

Iñaki Vicuña Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariak prentsaurrekoa eman du material berria aurkezteko. Gaurtik aurrera erakundearen webgunean egongo da gida eskuragarri.

Aurkezpenean Maria Antonia Ozcariz Hezkuntza sailburuordea ere izan da, gida hori material didaktiko gisa erabil baitaiteke eskoletan.

Bertan, Twitter, Tuenti, Facebook eta gainontzeko sare sozialetako erabiltzaileei, eta bereziki gazteei, zuzendutako gomendioak daude bilduta, euren profiletan datu pribaturik edo etorkizuna, esaterako, lana bilatzerako orduan, baldintza lezaketen daturik jar ez dezaten.

Beraz, tutoretzetan argazki pertsonalen deskarga ez ahalbidetzeko gomendioa egiten zaie, baita telefono pribatuaren zenbakia beste erabiltzaile batzuen eskura ez jartzea ere, besteak beste.

Bereziki gazteei zuzenduta dago, izan ere, Vicuñaren hitzetan eurei gustatzen zaie, batik bat, "euren gaitasunak erakustea", baita "azken parrandak" ere.

Jarrera horiek ez dira belaunaldi honi bakarrik dagozkinak bere ustez. Azaldu duenez, aurreko belaunaldiek ere horrelako gauzak egin eta harrotuta zabaltzen zuten baina bazen ezberdintasun bat: ezin zuten Interneten zabaldu, "denak marka uzten duen tokian", alegia.

Dena dela, gazteek gero eta argiago omen dute euren pribatutasuna gorde beharra daukatela; eta gizarteak ere bere esfortzua egin beharko du teknologia berri hauetara moldatzeko.

"Demagun pertsona bat lan bila ari denean, elkarrizketan, parranda batean ateratako argazki bat erakusten diotela (egunen batean sare sozial batera igo zuena); horrelako gauza bat gertatzen bada, elkarrizketatua pertsona normala dela pentsatu beharko genuke" esan du.

Sailburuordeak, bere aldetik, txalotu egin du ekimen hau eta Hezkuntza Sailak bere lan plangintzan sartuko duela esan du, bai irakasle baita guraso elkarteen esku jarriz.

Nola hackeatzen dituzte pertsonaia ospetsuen Facebookeko kontuak?

Arriskuetako bat pertsonaia ospetsuen kontuak marketingeko langileek kudeatzen dituztela da.

Aste honetan bertan Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen eta Mark Zuckerberg sare sozialaren sortzailearen Facebookeko kontuak hackeatu dituzte. G Data Interneteko segurtasuneko enpresak bere blogean argitaratu duenez, horrelako erasoak egiteko teknika oso errazak erabili daitezke.

Dirudienez, arriskuetako bat pertsonaia ospetsuen kontuak marketingeko langileek kudeatzen dituztela da. Langile guztiek ez dituzte pasahitz seguruak erabiltzen eta Facebookera sartzerakoan ez dute arduratsu jokatzen, ez baitituzte WiFi sareak irekita daudela kontuan hartzen.

Giza akats baten eta hodeiaren ondorioa omen da arazoa; izan ere, sistemak ez du argi izaten nor den nor, hodeiak ez duelako erabiltzailea fisikoki ezagutzen.

Gertakari hauen ostean, Facebook arazo hauek konpontzeko irtenbideak bilatzen ari da orain.

2011/01/25

Eusko Jaurlaritzako webguneak parte hartzea sustatuko du 2011an

Irekia webguneak lehen urteurrena ospatu du. 2011rako gardentasunean sakontzea izango du helburu. Gainera, politika azaltzeko aplikazio berriak garatzen jarraituko dute.

2011 urte bitartean "gardentasunean sakontzea eta herritarraren eta kudeatzailearen parte hartze erlazioa arinago egitea" izango ditu helburu Irekia Eusko Jaurlaritzako webguneak, Nagore de los Rios Eusko Jaurlaritzako Gobernu Irekia eta Interneteko Komunikazio Arduradunak jakitera eman duenez.

Irekiak, Eusko Jaurlaritzako webguneak, lehen urteurrena ospatu du eta honen harira, lehen urteko balantzea egin du Gobernuak. Gobernu Irekiaren eta Interneteko Komunikazioaren zuzendariak Irekiaren oinarri diren hiru zutabeak gogoratu ditu: gardentasuna, parte hartzea eta lankidetza.

"Administrazioa prestatzen eman dugu lehen urte hau, herritarren parte hartzea jasotzen eta bideratzen hasteko gai izan dadin", azaldu du De los Riosek. "Gaur hasten dugun bigarren urte honetan barne iraultzarekin jarraituko dugu, euskal administrazioko kideak lagunduz eta heziz", erantsi du.

Eusko Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, 2011an emango dituzten pausu berriek "informazio kopuru handiagoa eskaintzea izango dute helburu, betiere era ordenatuan, egunero herritarrek ikuspegi errealistagoa izan dezaten Gobernua denaz eta egiten duenaz".

Nagore de los Rios. Argazkia: Irekia.euskadi.net

Aurpegiak identifikatzeko sistema berri bat izango du Facebookek

Aplikazio hau ez dago oraindik eskuragarri. Helburua, argazkiak modu errazgoan "etiketatzea" izango da.

Teknologia berriek ahozabalik uzten gaituzte askotan. Facebookek, adibidez, zerbitzu berri bat abiatuko du aurki: aurpegiak identifikatzeko sistema adimendua, hain zuzen. Modu horretan, sare sozial honek argazki guztiak identifikatu eta erabiltzailea ezagutu ahal izango du.

Esan bezala, oraindik ez dago eskuragarri aplikazio hau, baina, dagoeneko konfigurazio aukeren artean aurki dezakegu, "Beste batzuek konpartitzen dituzten gauzak" atalean.

Halere, "argazki bat azaltzen denean nire izena iradoki" aukera ez da oraindik zerrenda horretan agertzen. Eskuragarri dagoenean, erabiltzaileak berak aukeratu ahal izango du zerbitzua aktibatu nahi duen ala ez. Aktibatzea aukeratzen duen kasuetan, Facebookek erabiltzailearen izena iradokiko die argazki bat igotzen duten lagunei.

Besteak beste, argazkiak modu errazagoan "etiketatzeko" balioko du funtzio berri honek.

2011/01/24

Nicolas Sarkozyren Facebookeko kontua hackeatu dute

Pirata informatikoek Sarkozy 2012ko hauteskundeetara aurkeztuko ez dela esaten zuen mezua argitaratu zuten sare sozialean.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen Facebookeko kontua hackeatu dute pirata informatikoek eta 2012kon hauteskundeetara aurkezteko asmorik ez zuela jasotzen zuen mezua argitaratu zuten.

Frantziako hainbat komunikabidek argitaratu dutenez, hainbat ordutan izan zen profila piraten esku eta Sarkozyk berak idatzitako mezu bat izango balitz bezlaa, presidenteak datorren hauteskundeetara aurkeztuko ez zela adierazten zuen.

Piratek agurra egiteko festa batera gonbidatzen zituen beste kontu batera bidali dituzte erabiltzaileak. Bigarren kontu horrek 200.000 jarraitzaile lortu ditu, Sarean.

Gobernuko informatika zerbitzuek azkar erantzun diote erasoari eta lehenbailehen mezua ezabatu dute. Ondoren, Facebookeko kontua hackeatu diotela adierazten zuen Sarkozyren beste mezu bat argitaratu dute, Hitz horietan, presidenteak sistema guztiek dituzten akatsak ezagutzeko aukera izan duela adierazi du.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea. EFE

2011/01/21

Larry Page Google konpainiako buruzagia izango da apiriletik aurrera

Googleko sortzaileak Eric Schmidt kontseilari delegatu gisa ordezkatuko du. Schmidtek kargua utziko du hamar urte lan horretan eman ostean eta presidente exekutibo izatera pasako da.Larry Page Googleko sortzaileak Eric Schmidt kontseilari delegatu gisa ordezkatuko du apirilaren 4tik aurrera. Schmidtek kargua utziko du hamar urte lan horretan eman ostean eta presidente exekutibo izatera pasako da, konpainiak berak jakitera eman duenez.

Schmidten arabera, helburua enpresaren kudeaketa sinplifikatzea da. "Google hazi egin denez, negozioa kudeatzea zailagoa bihurtu da", azaldu du Schmidtek komunikatu baten bidez.

"Zenbait aldaketa egiteko une egokia dela erabaki dugu", adierazi du komunikatuan. Zuzendari bakoitzaren rolak definitzearen aldeko apustua egin dute eta "erantzukizun argiagoak sortuko" dituzte.

Bestalde, Schmidtek "azken hamarkadan" egindako lana eskertu du Pagek, izan ere, "emaitzek berez hitz egiten dute". Pagen esanetan, "Eric buruzagi handia da". "Asko ikasi dut berarekin. Bere aholkuak eta esfortzuak baliagarriak izango dira erantzukizun berri honi aurre egiteko", erantsi du.




Larry Page Google konpainiako sortzailea. Argazkia: EFE

2011/01/20

Internet garestia dela iritzi diotenek gora egin dute Euskadin

Gainera, Espainiako internauten % 63k konexioa "motela" dela deritzo. Operadorea uzteko orduan, % 40ak arazoak izaten dituela salatu du

Konexioaren abiadura kontutan izanda, Internet zerbitzua garestia dela uste dutenen kopuruak gora egin du Euskadin. Horixe da aurten euskal herritarren % 62k adierazi duena; 2009an, berriz, kopuru hori %60koa zen.

Datuak Ocio Networks blog sareak egindako ikerketan agertzen dira. Ocio Networksek zazpi milioi erabiltzaile ditu hilean eta ikerketa horretarako 1.875 pertsona elkarrizketatu ditu.

Inkesta horren arabera, Estatu mailan internauten % 61ak 2010ean Internet zerbitzuagatik gehiegi ordaindu zutela uste du.

Bestalde, 2010ean espainiarrek aurreko urtean baino denbora gehiago egon ziren Internetera konektatuta. Hori da, behintzat, inkestan parte hartutakoen % 52ak adierazi duena. % 40, berriz, denbora bera egon zen konektatuta eta % 8k ordu gutxiago igaro zituen Interneten. Hala ere, nahiz eta Interneten denbora gehiago eman, % 63ak konexioa oso motela dela salatzen du.

Mugikorren bidezko konexioa, gora

Bestaldetik, internauten % 29k Interneten nabigatzeko sakelako telefonoa erabili zuen 2010ean. 2009 urtean, berriz, % 20k egin zuen. Mugikorren bidezko Internet erabilerak gorakada nabarmena izan du 16 eta 30 urte bitarteko gazteen artean eta 41 eta 50 urte bitartekoen artean. Euskadin, sakelako telefonoaren bidezko Interneteko erabilera iraunkorra mantendu egin da 2009an, % 25arekin.

Harpidetza uzteko zailtasunak

Ocio Network webguneak inkestatu dituen erabiltzaileen % 40k Internet zerbitzua uzteko zailtasunak izan dituztela baieztatu du. Halaber, % 39k Internet zerbitzariarekin gustura ez dagoela adierazi du. Gainontzeko % 61, ostera, pozik dago. Internet zerbitzarien artean, Telefonica da gehiengoak aukeratu duena (% 44), jarraian Ono eta Jazztel (% 20 eta % 12, hurrenez hurren).

Google Maps berritu du Googlek

Google Mapsek aplikazio berri bat du pantailaren goiko aldean, eskuinean. Satelite bidezko irudietatik mapetara edota kaleko ikuspegira (street view) jotzeko aukera eskaintzen du.Googlek aldaketa garrantzitsua egin du Google Mapsen, bere produktu izarretako batean. Mundua esploratzeko zerbitzuak aplikazio berri bat du orain. Pantailaren goiko aldean, eskuinaldean, kokatu dute aplikazioa. Erabiltzaileei satelite bidezko irudietatik mapetara edota kaleko ikuspegira (street view) txandakatzeko aukera eskaintzen die.

Hala, erabiltzaileak Google Mapseko bista bere gustuetara molda dezake. Aplikazio horri esker, aukeratutako tokiaren argazkiak eta web kamera bidezko irudiak ikusteko aukera izango du. Horrez gain, bertara heltzeko edota bizikletaz egiteko bideak ere kontsulta daitezke.

Google Maps-etik hartutako irudia.

Google Auzitegi Nazionalean eseri da

Hainbat pertsonak euren datuak agertzen diren webgune batzuk ez indexatzeko eskatu diote bilatzaileari, eta Datuen Babeserako Espainiar Agentziak auzitara jo du.

Googlek errefusatu egin du indexatzen dituen edukietan nolabaiteko erantzukizuna izatea, eta uko egin dio informazioa kentzeari, hori egitea "zentsura" litzatekeelako.

Google akusatuen aulkian eseri zen atzo. Izan ere, bost pertsonak euren datuak agertzen diren webgune batzuk ez indexatzeko eskatu diote bilatzaileari, eta Datuen Babeserako Espainiar Agentziak auzitara jo du, haien ordez.

Hori horrela, Luis Javier Aparicio Salom Googleren abokatuak gogorarazi du bilatzaileak "lotura" baino ez direla informazioarekin, eta beraz, ez dutela erantzukizunik edukietan. Hortaz, aipatu pertsonen salaketak datuak publikatu dituzten editoreen aurkakoak izan beharko liratekeela argudiatu du.

Konpainiak aitortu egin du datuak ken ditzakeela, baina uko egin dio egiteari, informazio eskubidea urratzea litzatekeelakoan. "Bilatzaileei era arbitrarioan datuak kentzeko eskatzea oso arriskutsua da", ohartarazi du.

Bere aldetik, alde akusatzailearen abokatuak uste du Googlek baduela erantzukizuna indexatzen dituen edukietan.

Azaldu duenez, hasieran, Datuen Babeserako Agentziak informazioa publikatu zuten editoreengana jo zuen, baina datuak publika zitzaketela egiaztatu zuenean, bilatzailearengana jo zuen.

Gainera, abokatuak gogorarazi du AEBetako epai batzuen arabera, bilatzaileek erantzukizuna badutela indexatzen dituzten edukietan, eta indexatzen dituzten edukiei esker Googlek publizitate mozkinak dituela.

2011/01/19

Nintendo 3DS kontsola aurkeztu dute

Nintendok kontsola berria aurkeztu du, hiru dimentsioak zuzenean ikusteko aukera izango da, horretarako betaurreko berezirik erabili behar izan gabe.

Nintendok kontsola berria aurkeztu du gaur Amsterdamen: Nintendo 3DS eramangarria. DS kontsola arrakastatsua ordezkatuko du, eta betaurreko berezirik gabe hiru dimentsiotan jolasteko aukera emango du.

Teknologia berri horrekin, Nintendo Europak bideo-jokoen mundua goitik behera aldatzeko asmoa du. Martxoaren 25ean jarriko dute salgai, eta 3DSrako bereziki egindako 25 joko baino gehiagorekin batera kaleratuko dute.

Kontsola berriak 230 gramo pisatuko ditu, eta Nintendo DSren jokoekin bateragarria izango da.

Berrikuntza nagusietako "Street pass" izango da, kontsolaren erabiltzaileek informazioa elkarrekin trukatzeko aukera emango duen konexio automatikoa, hain zuzen. Sare sozial bat sortuko da horrela.

Oraingoz ez dute baieztatu Nintendo 3DS kontsolak merkaturatzean izango duen prezioa, baina, iturri ez ofizialen arabera, 180 euro inguru balioko ditu.


Appleren etekinak ia bikoiztu egin ziren Jobsek baja hartu aurretik

6.004 milio dolarreko mozkin garbia lortu zuen 2010eko azken hiruhilekoan, 2009ko epe berean baino % 77,5 gehiago.

Apple teknologia enpresa multinazionalak 6.004 milioi dolarreko mozkin garbia lortu zuen 2010eko azken hiruhilekoan, hau da, 2009ko epe berean baino % 77,5 gehiago irabazi zuen, Silicon Valleyko enpresak jakitera eman duenez.

iPhoneren sortzaileek irabazien marka guztiak ondu zituzten, izan ere, 26.741 milioi dolarreko diru-sarrerak izan zituzten 2010eko urria eta abendua artean, 2009an baino % 70,5 gehiago.

"Oso hiruhileko ona izan dugu; Macen, iPhoneen eta iPaden salmentetan errekorra lortu dugu", adierazi du Steve Jobs Appleren zuzendariak prentsa-agiri batean.

Emaitza horien argitalpenak bultzada berri bat eman die Appleren akzioei, izan ere, Nasdaqen burtsa saioan % 2,25 murriztu ziren Steve Jobsek osasun arazoengatik baja hartu duela jakin ondoren.

Urria eta abendua artean, Applek 4,13 milioi Mac ordenagailu saldu zituen, aurreko urtean baino % 23 gehiago, 16,24 milioi iPhone (% 86 gehiago) eta iPaden salmentek ere gora egin zuten.

2011/01/17

Steve Jobsek Apple utziko du denboraldi batez osasun arazoengatik

Enpresako sortzailekide eta kontseilari delegatuak IPhone, MacBook edo iPad produktuen iragarkiak egin ditu.

Osasun arazoak direla eta, kargua denboraldi batez utziko duela iragarri du astelehen honetan Steve Jobs, Apple enpresako sortzailekide eta kontseilari delegatuak.

"Nik eskatuta, zuzendaritza batzordeak nire osasun arazoetan arreta jartzeko lan-utzialdia hartzen utzi dit. Appleeko kontseilari delegatua izaten jarraituko dut eta konpainiaren erabaki estrategikoetan esku hartuko dut", azaldu du Steve Jobsek Apple konpainiako langileei bidalitako gutunean.

"Hormona-desoreka" bati aurre egiteko tratamenduan zegoela jakinarazi zuen 2009ko urtarrilean. Horren ondorioz, Steve Jobs asko argaldu zen 2008an, baina ez zuen bere kargua utzi.

Enpresako sortzailekide eta kontseilari delegatuak IPhone, MacBook edo iPad produktuen iragarkiak egin ditu 1998tik.


Steve Jobs iPhone berriaren aurkezpenean, 2009ko urtarrilaren 9an. EFEren artxiboko irudia.

Gamerland bideo-jokoen azoka azaroan itzuliko da Barakaldora

Bigarren edizio hau azaroaren 10etik aurrera egingo da BECen.

Barakaldok Gamerland Nazioarteko Bideo-jokoen Azokaren edizio berri bat hartuko du azaroaren 10etik 13ra bitartean.

Ohar baten bidez antolatzaileek jakinarazi dutenez, 10.000 lagun inguru bildu zituen iaz azoka honek. Microsoft, Sony eta Nintendo enpresek beraien nobedadeak aurkeztu zituzten bertan.

Oraindik ez dituzte bigarren edizioak izango dituen berrikuntzak aurkeztu, baina, iaz bezala, hitzaldiek leku garrantzitsua beteko dute Gamerlanden.

2011/01/14

Wikipedia entziklopedia digitalak hamar urte bete ditu

Martxan jarri zutenetik entziklopedia horren funtzionamendua nahiko eztabaidagarria izan da. Hala ere, hamargarren urteurrenean 400.000 erabiltzaile lortu ditu.

Wikipediak, XXI mendeko entziklopedia digitalak, hamar urte bete ditu. Interneteko partehartzearen eta ezagutza unibertsalaren paradigmak 400 milioi erabiltzaile eta 271 hizkuntzatan idatzitako 26 milioi artikulu bildu ditu eta, hortaz, informazioa eskuratzeko eredua guztiz aldatu du.

Wikipediaren aburuz, bere zerbitzua "Interneten dagoen entziklopediarik handiena eta ezagunena da eta, gainera, eleanitza eta eskuragarria da". 2001ko urtarrilaren 15ean jarri zuten martxan eta, horregatik, ekitaldiak antolatu dituzte mundu osoan zehar.

Zalantzarik gabe, arrakastaz betetako hamarkada izan du Interneteko historian. Hala ere, aditu askok ez dute Wikipediak informazioa jasotzeko duen modua begi honekin ikusten; izan ere, Sareko edozein erabiltzailek editatu dezake informazio hori.

"Wikipediak Sareko demokratizazioaren ideia islatzen du; 2.0 webgunearen arrakasta, alegia", esan du Jorge Sierra Wikimedia Españako arduradunak. Sierraren ustez, iraultzaileena "erabiltzailea irakurlea eta eduki sortzailea izan ahal izatea da".

Arduradunak adierazi duenez, entziklopedia horren filosofiak informazioa edonork eskaini dezakeela eta ezaguera gizateriaren ondasun bat dela defendatzen du. Alderdi demokratiko hori da, hain zuzen ere, akademikoen alorrak Wikipedian konfiantzarik ez izatea eragiten duena.

Fidagarritasuna, zalantzan

Aina Lopez Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Soziologia irakasleak esan duenaren arabera, ezaguera "ez da demokratikoa, kontrolen bitartez arautu beharreko zerbait baizik", batez ere ezaguera zientifikoa.

Joan den ekainean aurkeztutako ikerketa batek onartu zuenez, Wikipedia erabilgarria da, baina "batzuetan bakarrik" izaten da fidagarria; izan ere, "akats dezente" izaten ditu eta fidagarritasun gutxiko iturriek sortzen duten informazioa biltzen du.

"Interneten irakurtzen dugun guztia egiaztatu behar da", esan du Sierrak. Soziologia irakasleak, bestalde, Wikipedia "orientazio" bezala erabili daitekeela azaldu du.

Wikipediaren sortzailea nor izan zen zehazteko "iskanbila" izan da beti. Hala ere, Jimbo Wales aipatzen du 2000ko Nupediaren sortzaile bezala.

Proiektuaren garapena motela izan delako, 2001ean "wiki" bat sortu zuten, 1994an programatzaile estatubatuar batek sortu zuen informazioa sortzeko, hartu-emateko eta begiztatzeko zerbitzu bat.

Wikipedia "wiki" hori eta grekeraz "hezkuntza" esan nahi duen "pedia" atzizkia batzearen emaitza da. Gaur egun, hilean 400 milioi erabiltzaile ditu eta 271 hizkuntzatan erabili daiteke. Horrez gain, 26 milioi sarrera ditu. Ingelesezko edizioak bakarrik 500 orrialdeetako 1.500 liburu beharko lirateke. Gazteleraz, Wikipedia 2001eko maiatzean jaio zen eta 700.000 artikulu biltzen ditu, munduko zazpigarrena da. 2009tik, gainera, milioi bat erabiltzaileko kopurua gainditu ostean, erabiltzaile gehieneko bigarrena da.

Lehen hamarkada bete ostean, munduko helburuak 2015rako 1.000 milioi erabiltzaile lortzea, argazkiak jartzea erraztuko duen interfazea sortzea eta Indian bulego bat irekitzea dira.

Mugikorreko hizketaldiak automatikoki itzuliko ditu Googlek

Botoi bati sakatuta, bi hizkuntza ezberdin hitz egiten duten erabiltzaileen arteko solasaldiak itzuliko ditu zerbitzu berri honek.

Googlek sakelako telefonoentzat duen itzultzailearen bertsio berrienak nobedadeak ditu: ahotsa automatikoki itzuliko du, bi hizkuntza ezberdin hitz egiten duten erabiltzaileen arteko elkarrizketak errazteko.

Oraindik funtzio berri honekin probak egiten dabil konpainia eta momentuz ingelesa eta gaztelera arteko itzulketak soilik egiten ditu. Dena den, Googlek emandako informazioaren arabera, Android sistemarentzako prest dago jada itzulpen zerbitzua berri hau.

Bertsio berria

Orain arteko bertsioak hitz solteak itzultzen zituen, baina, zerbitzu berriak elkarrizketa arinak ahalbidetzen ditu.

Itzultzaileak 53 hizkuntza menperatzen ditu eta erabilera oso erraza da: hizketaldia hasten denean mikrofonoaren ikurra duen botoia sakatuta, itzultzaileak automatikoki itzultzen du solasaldia.


2011/01/11

500 bat langile kaleratuko dituzte MySpace sare sozialetik

Iaz, langilegoaren herena kaleratu zuen MySpaceko zuzendaritzak, enpresaren murrizketa plana zela medio.

MySpace sare sozialeko zuzendaritzak 500 bat langile kaleratuko ditu gaur bertan, The Wall Street Journal egunkariak jakinarazi duenez. Erabaki horren bitartez, plantila osoaren erdia botako dute.

Iaz, langilegoaren herena kaleratu zuen MySpaceko zuzendaritzak, enpresaren murrizketa plana zela medio.

Sare soziala hondotik ateratzeko plana sortu du enpresak. Iragan urritik aurrera Facebookeko konpetentzia izateari uztea erabaki zuten MySpaceko jabeek.

Abenduan 154 milioi erabiltzaile bakar izan zituen Facebook-ek; MySpacek, berriz, kopuru horren herena lortu zuen.

Google Goggles berria azkarragoa da eta Sudokuak ebazten ditu

Google Gogglesen 1.3 bertsio berriak markak eta produktuak ezagutzeko sistema berritu du.

Sudoku bat amaitzeko gaitasunik ez baduzu, Googlek laguntzaile ikaragarria sortu du zuretzt. Google Gogglesen 1.3 bertsioa kaleratu du konpainiak. Oraingo honetan, aplikazioa azkarragoa izateaz gain, sudokuari argazkia ateratzea besterik ez du behar ebazpena ateratzeko.

Googlek bere blog ofizialean argitaratu duenaren arabera, Google Gogglek "sudoku bat azkarrago ebazten lagunduko dizu". Sudokua hasi gabeari edo hasi berriari argazkia atera ostean, Googlek bost segundotan ebazpena erakusten du.

Sudokuak ebazteaz gain, Goggle aplikazioarekin erabiltzaileak produktu desberdinen eskaneatzeari esker, non saltzen diren jakiteko aukera izango du. Aplikazioak segundo bat besterik ez du behar emaitzak eskaintzeko eta ez da botoirik sakatu behar. Ondoren, erabiltzaileak prezioak konparatu eta komentarioak ikusteko aukera du.

Gainera, bertsio berri horrek markak eta produktuak egunkarietan ezagutzeko sistema berritu du.

Iruzur bat birusa balitz bezala hedatu da Facebooken

Maularen biktimak izan diren erabiltzaileei telefono mugikorraren zenbakia eskatu diete eta, horrela, gastu handiko zerbitzu berri batean izena eman dute.

Iruzur berri bat iritsi da Facebook sare sozialera. Birusa balitz bezala hedatzen ari da eta gaur egun erabiltzaileek oso gustuko duten aplikazio erreal bat tankera du. Gainera, inkesta faltsu bat ere du.

Shopos konpainiaren aburuz, erabiltzaileen hormetan azaltzen ari diren mezuek Facebookeko kideen egoeraren berriztapena partekatzea eskatzen du.

Erabiltzaileek esteka horretan klik egiten badute, aplikazio gaizto batera eramango dituzte. Aplikazio horrek profilera sartzeko baimena eskatzen dute eta Sareko gaizkileei kaltetutako kontuan mezu hori argitaratzeko aukera ematen die. Gainera, erabiltzaileak inkesta bat jasotzen duen webgune batera eramaten ditu.

2011/01/07

Facebookek 2012ko apirilean burtsan kotizatzeko asmoa du

Konpainiak 500 akzionista baino gehiago biltzen dituenean enpresaren finantzen berri eman beharko du eta, orduan, burtsan kotizatzen hasteko aprobetxatuko du.

Facebookek burtsan kotizatuko duela baieztatu dute. Konpainiak Goldman Sachsekin akordioa sinatuko du eta, gainera, 2011n 500 akziodun baino gehiago bilduko dituela aurrikusi du. Urtea amaitzean, egoera finantzarioa aurkezteko eta burtsan kotizatzen hasteko 120 eguneko epea izango du sare sozialak. Horrela, 2012ko apirilean iritsiko litzateke Facebook Wall Streetera.

Konpainiak 500 akziodunak gainditzen dituenean, enpresaren informazio finantzarioa eskaini beharko du eta, une horretan, burtsan kotizatzen hasteko aprobetxatuko du. Bidea prestatzen hasteko, konpainiak akziodun eraginkorrenei buruzko ehun orrialdeko txostena aurkeztu du.

Goldmanen partehartzearekin eta Facebooken beste operazio batzuekin 500 akziodunak gaindituko ditu sare sozialak. Ameriketako Estatu Batuetako legediaren arabera, kopuru hori gainditzen duten konpainiek egoera finantzarioaren berri eman behar dute administrazioak eta agintariek enpresa horien garapena kontrolatu dezaten.

Facebookek eta Goldman Sachsek duten akordioa 1.500 dolar ingurukoa (1.143 milioi euro inguru) omen da eta sare sozialaren balioa 50.000 milioi dolar (38.100 milioi euro) ingurukoa da. Datu horiekin, Facebooken arrakasta konfirmatu egiten da, baina konpainiak zuhurra izan nahi du.

2011/01/06

Movistar, kalitate-preziorik onena duen enpresa 2009an Euskadin

Txostena egiteko hainbat datu izan ditu EHKBk kontuan, esaterako, linea berria jartzeko denbora, matxuren kopurua, matxurak konpontzen emandako denbora, huts egindako deiak eta erreklamazio kopurua.

Movistar telekomunikazio operadorea kalitate-preziorik onena duen enpresa bihurtu da 2009an Euskadin, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunak (EHKB) egindako txostenean agertzen denez.

Linea berria jartzeko denbora, matxuren kopurua, konpontzeko denbora, huts egindako deiak (nazio barrukoak, nazioartekoak eta mugikorretara egindakoak) eta erreklamazioen frekuentzia izan dute kontuan txostena garatzerako orduan.

Horren ildotik, ONO eta Movistar dira linea berria jartzen denbora gutxien ematen dutenak, 15 eta 18 egun, hurrenez hurren. Telecable da matxura abisu gutxien jaso dituen enpresa eta, jasotzekotan, guztiek eskaintzen dute konponbideren bat lehenengo 48 orduetan, Orangek izan ezik.

Telefonoaren zerbitzuari dagokionez, movistar, Euskaltek eta R dira herrialde barruan huts egindako dei gutxien dituztenak. Nazioarteko deietan egonkortasun gehien duten enpresak Movistar, Euskaltel eta Orange dira, eta mugikorren arteko deietan Vodafone, Movistar eta R dira arazo gutxien ematen dituztenak.


2011/01/05

Wii kontsolarako tximinia batek arrakasta handia du mundu osoan

My Fireplace, 2010eko abenduaren 17an salgai jarritako jokoa, Wiirako bakarrik sortu zuten Continental Producciones Galiziako estudioetan.

Tximiniari egurra bota, sua eman...hori guztia egin ahal da My Fireplace jokoaren tximinia birtualari esker, Wii-rentzat bakarrik sortutako jokoa da hori Galiziako Continetal Producciones estudioetan.

WiiWaren, Wiiren Interneteko jokoak deskargatu daitezkeen dendan My Fireplace 10 joko salduenen artean dago. WiiWare dendek Espainia, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Italia, Belgika, eta Holandan funtzionatzen dute.

Sua norberak kontrola dezake, edo modu automatikoa aktiba daiteke, kontsolak egin dezan. Tximinia mota ere aukeratu daiteke jokoak eskaintzen dituen aukeren artean.

My Fireplace 2010eko abenduaren 17tik eros daiteke WiiWare dendetan, Nintendoko 500 puntu soilik behar dira eskuratzeko.


2011/01/04

Firefox da Europako nabigatzaile erabiliena

Orain arte Internet Explorer izan da erabiliena, baina, abenduko datuen arabera, europarrek Firefoxekin nabigatzea nahiago dute.

Historian aurrenekoz Firefox izan da Europako nabigatzaile erabiliena abenduan, StatCounter kontsultorak iragarri duenez. Orain arte Internet Explorer izan da erabiliena, baina abenduan bigarren postuan geratu da.

StatCounterrek zabaldutako txostenaren arabera, Firefoxek erabiltzaileen % 38,11 lortu zuen abenduan. Internet Explorerrek, berriz, % 37,52arekin gelditu da.

Adituen ustez, Google Chrome nabigatzaile berriaren sorrerak eragin ditu datuok. “Internet Explorerri erabiltzaileak kendu dizkio Google Chromek, eta ez Firefoxi”, adierazu dute StatCounter enpresatik.

Google-en nabigatzaileak erabiltzaileen % 14,58 eskuratu zituen abenduan, iaz baino bederatzi puntu gehiago.

Hala ere, Estatu Batuetan Internet Explorer da nabigatzaile nagusia. Bertan erabiltzaileen % 48,92k Explorer aukeratzen dute, Firefox (%26,7) eta Chrome-en (% 12,82) gainetik.

Comma, lehen osoko hezkuntza programa community management-ean

Comma ikastaro berritzailea jarriko da martxan Bilbon, 20-25 pertsonaz osatutako taldea community management lanetan hezteko asmoz. Izena emateko epea urtarrilaren 4tik 17ra arte egongo da zabalik.aerco-k (Asociación Española de Responsables de Comunidades Online), eitb.com-ek (Euskal Irrati Telebistaren webgunea) eta m4f-k (Media For Future) Comma proiektua jarri dute martxan, community managers (CM) adituak hezteko helburuarekin.

m4f-ren Bilboko egoitzan emango da programa 2011ko urtarriletik aurrera; 660 formazio ordu izango ditu eta CM guztiek eduki beharreko prestakuntza eta trebakuntzetatik egingo du ibilbidea. Zentsu horretan, ikasleek hainbat gauza ikasiko eta ezagutuko dituzte: CM baten medioa, edukien sorkuntza eta kudeaketa, online komunitateen sorrera...

Social media plan moduko proiektu finala egin behar izango dute ikasleek; halaber, inguru emankor batean hezkuntza praktikoa egiteko aukera izango dute (250 ordu gutxi gora-behera). Euskal Autonomia Erkidegoko lehen mailako enpresetan egingo dira praktika hauek: finantza entitateak, erakunde publikoak eta hainbat sektoretako enpresak.

Programa osoa amaitutakoan, aerco-k, eitb.com-ek eta m4f-k emandako "Community Manager Aditua" titulua jasoko dute parte-hartzaileek.

Matrikulak 3.500 euroko salneurria izango du pertsona bakoitzeko (zatika ordain daiteke) eta honako kontzeptu hauek barneratuko ditu:

- 115 ordu CM profila betetzeko beharrezkoak diren gaitasunak lortzeko.
- Lan pertsonaleko 295 ordu (ikastaroko irakasleak tutorizatuta).
- Hezkuntza praktikoko 250 ordu (sektoreko enpresa batean eta tutore bat gidatuta).

Urtarrilaren 4tik 17ra egongo da irekita izena emateko epea eta urtarrilaren 19an egingo da hautaketa. Ikasketak amaitu dituzten eta ibilbide profesionalaren hasieran dauden 20 eta 30 arteko pertsonei zuzenduta dago ikastaroa bereziki. Dena den, jarduera profesionala esparru horretara orientatu nahi duten pertsona edo profesionalei ere dago irekita ikastaroa.

Programan interesa duten pertsonek edo informazio gehiago nahi dutenek, www.ncomma.com webgunean sartu ahal dira, mezu elektroniko bat bidali info@ncomma.com helbidera edo 94 402 46 36 telefonora deitu.

Informazio gehiago aerco, eitb.com eta m4fri buruz

aerco

aerco ( Asociacion Española de Responsables de Comunidades Online) 2008an jaiotako irabazi asmorik gabeko entitate bat da eta komunitate birtualekin erlazionatutako profesionalez osatuta dago. Online komunitateen arduradunen beharrei erantzuna ematea da bere eginkizuna, kalitatezko zerbitzu sorta bat eskainiz; hala, garapen pertsonala zein profesionala ahalbidetzen da eta proiekzio hazgarri eta jasangarri bat proportzionatzen da.

eitb.com

EITBren (Euskal Irrati Telebista) webgunea da eitb.com-com. 10 urte baino gehiagoko ibilbide batekin, bere historiako urterik onena bete du 2010ean, batezbeste 725.000 erabiltzaile bakar dituela hilero. Telebista eta irratia zuzenean, multimedia eskaintza zabala eta informazioan, entretenimenduan eta zerbitzu publikoan oinarritutako edukiak eskaintzen ditu, parte-hartzea eta sare sozialen presentzia ere kontuan hartuz.

m4f

m4f 2008an sortutako enpresa bat da eta eduki digitalen kudeaketan berezituta dago. 80 profesional ditu, editore, programatzaile eta multimedia errealizadoreen artean. Gainera, hezkuntza lan handiak eramaten ditu aurrera komunikazio digitalaren munduko profesionalentzat.


Macauly Culkin eta Mila Kunisen banantzeak arrakasta du, Twitterren

Bikoteak harreman ona izaten jarraitzen du.

Macauly Culkin eta Mila Kunis aktoreek zortzi urte elkarrekin izan ostean, harremanari amaiera eman diote, artistaren agenteak adierazi eta People aldizkariak argitaratu duenez. Bikoteak Twitter sare sozialean eman du banantzearen berri.

Culkinek 30 urte ditu eta Kunisek, berriz, 27. Bikoteak harreman ona izaten jarraitzen omen du; izan ere, elkarrekin hazi dira. 2009an, Kunisek elkarrizketa batean adierazi zuenaren arabera, harremanak "gorabeherak" izan zituen, baina horiei aurre egiteko gai izan zirela azaldu zuen. Orain, badirudi bakoitzak bere bidea jarraitu nahi duela.

2011/01/03

Justin Bieber, Interneteko pertsonaiarik eraginkorrena

Artista gazteak Lady Gaga iskanbilatsua ere atzean utzi du.

2010eko artista ezagunenetako bat izan da Justin Bieber abeslari gaztea. Milioika jarraitzaile bildu ditu kanadarrak. Lortutako ospeak, gainera, Interneteko pertsonaiarik eraginkorrena bilakatu du eta Barak Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentea ere gainditu du.

Justin Bieber abeslariaren ospea Internetek eskaintzen dituen aukerei esker garatu da. San Franciscoko Klout konpainiak adierazi duenez, Bieber Sarean indar gehien duen artista da.

Ikerketa batek Interneten, sare sozialetan eta webguneetan izandako agerraldiak kontatu ditu.

Datuek adierazi dutenez, Bieberrek Dalai Lama eta Lady Gaga ere atzean utzi ditu.

Goldman Sachsek 338 milioi inbertitu ditu Facebooken

Diru-sarrera berriak produktu berriak garatzeko ahalmena emangon dio sare sozialari.

Goldman Sachsek eta Errusiako inbertitzaile batek 500 milioi dolar (338 milioi euro) ezarri ditu Facebooken. Horrela, Facebooken balioa eBay, Yahoo eta Time Warner atarien gainetik kokatu da.

Goldam Sachs Wall Streeteko inbertitzaile argienetako bat da eta ezarritako diruak Facebooken indarra azpimarratzen du.

Diru-sarrera berriak produktu berriak garatzeko ahalmena emangon dio sare sozialari.

Akordioaren arabera, Goldmanek 450 milioi ezarri ditu eta Digital Sky Technologiesek, 50 milioi, Portaltic atarian The New York Times egunkariak argitaratutakoaren berri eman duenaren arabera.

Out Military, AEBetako soldadu homosexualentzako sare sozial berria

Barack Obama presidente estatubatuarrak "ez galdetu, ez esan" izenarekin ezagutzen den araua baliogabetu ostean sortu dute webgune berria.

Bi hamarkada izan da indarrean "ez galdetu, ez esan" izenarekin ezagutzen den araua. Orain, soldadu estatubatuarrek "galdetu, esan" entzuten dute eta, are gehiago, "egin zaitez lagun" ere irakurri dezakete Out Military webgunean.

Duela aste bete jarri zuten martxan eta Barack Obama presidente estatubatuarrak "ez galdetu, ez esan" izenarekin ezagutzen den araua baliogabetu ostean sortu dute webgune berria.

1993an araututakoaren arabera, homosexualek ezin zuten Indar Armatuetan euren sexu-joerari buruz askatasunarekin hitz egin.

Oraingoz, Out Militaryk -soldadu homosexualentzako sare soziala- 53 kide besterik ez ditu, baina atariaren sortzaileek adierazi dutenaren arabera, datorren hilabeteetan joera hori aldatuko da.

"Komunikatzeko plataforma bat eskaintzen dugu", esan du Kristin Orta Floridako Goardia Nazionalaren lehen mailako soldaduak.

John McKinnon Out Military webgunearen sortzaileak homosexualentzako sare sozial bat bilatzen zuten soldaduentzat sortutako atari bat dela esan du.