2011/01/25

Eusko Jaurlaritzako webguneak parte hartzea sustatuko du 2011an

Irekia webguneak lehen urteurrena ospatu du. 2011rako gardentasunean sakontzea izango du helburu. Gainera, politika azaltzeko aplikazio berriak garatzen jarraituko dute.

2011 urte bitartean "gardentasunean sakontzea eta herritarraren eta kudeatzailearen parte hartze erlazioa arinago egitea" izango ditu helburu Irekia Eusko Jaurlaritzako webguneak, Nagore de los Rios Eusko Jaurlaritzako Gobernu Irekia eta Interneteko Komunikazio Arduradunak jakitera eman duenez.

Irekiak, Eusko Jaurlaritzako webguneak, lehen urteurrena ospatu du eta honen harira, lehen urteko balantzea egin du Gobernuak. Gobernu Irekiaren eta Interneteko Komunikazioaren zuzendariak Irekiaren oinarri diren hiru zutabeak gogoratu ditu: gardentasuna, parte hartzea eta lankidetza.

"Administrazioa prestatzen eman dugu lehen urte hau, herritarren parte hartzea jasotzen eta bideratzen hasteko gai izan dadin", azaldu du De los Riosek. "Gaur hasten dugun bigarren urte honetan barne iraultzarekin jarraituko dugu, euskal administrazioko kideak lagunduz eta heziz", erantsi du.

Eusko Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, 2011an emango dituzten pausu berriek "informazio kopuru handiagoa eskaintzea izango dute helburu, betiere era ordenatuan, egunero herritarrek ikuspegi errealistagoa izan dezaten Gobernua denaz eta egiten duenaz".

Nagore de los Rios. Argazkia: Irekia.euskadi.net

No hay comentarios:

Publicar un comentario