2011/01/20

Internet garestia dela iritzi diotenek gora egin dute Euskadin

Gainera, Espainiako internauten % 63k konexioa "motela" dela deritzo. Operadorea uzteko orduan, % 40ak arazoak izaten dituela salatu du

Konexioaren abiadura kontutan izanda, Internet zerbitzua garestia dela uste dutenen kopuruak gora egin du Euskadin. Horixe da aurten euskal herritarren % 62k adierazi duena; 2009an, berriz, kopuru hori %60koa zen.

Datuak Ocio Networks blog sareak egindako ikerketan agertzen dira. Ocio Networksek zazpi milioi erabiltzaile ditu hilean eta ikerketa horretarako 1.875 pertsona elkarrizketatu ditu.

Inkesta horren arabera, Estatu mailan internauten % 61ak 2010ean Internet zerbitzuagatik gehiegi ordaindu zutela uste du.

Bestalde, 2010ean espainiarrek aurreko urtean baino denbora gehiago egon ziren Internetera konektatuta. Hori da, behintzat, inkestan parte hartutakoen % 52ak adierazi duena. % 40, berriz, denbora bera egon zen konektatuta eta % 8k ordu gutxiago igaro zituen Interneten. Hala ere, nahiz eta Interneten denbora gehiago eman, % 63ak konexioa oso motela dela salatzen du.

Mugikorren bidezko konexioa, gora

Bestaldetik, internauten % 29k Interneten nabigatzeko sakelako telefonoa erabili zuen 2010ean. 2009 urtean, berriz, % 20k egin zuen. Mugikorren bidezko Internet erabilerak gorakada nabarmena izan du 16 eta 30 urte bitarteko gazteen artean eta 41 eta 50 urte bitartekoen artean. Euskadin, sakelako telefonoaren bidezko Interneteko erabilera iraunkorra mantendu egin da 2009an, % 25arekin.

Harpidetza uzteko zailtasunak

Ocio Network webguneak inkestatu dituen erabiltzaileen % 40k Internet zerbitzua uzteko zailtasunak izan dituztela baieztatu du. Halaber, % 39k Internet zerbitzariarekin gustura ez dagoela adierazi du. Gainontzeko % 61, ostera, pozik dago. Internet zerbitzarien artean, Telefonica da gehiengoak aukeratu duena (% 44), jarraian Ono eta Jazztel (% 20 eta % 12, hurrenez hurren).

No hay comentarios:

Publicar un comentario