2011/02/16

Abian da Metaposta, Interneterako gordailu elektroniko berria

Metaposta "Euskadi Informazio Gizartean 2010 Plana"ren barruan mamitutako proiektua da, Danimarka bezalako herrialdeetan arrakastaz diharduten antzeko ekimenetatik abiatuta.

Eusko Jaurlaritzak Metaposta Interneterako postontzi eta dokumentu gordailu elektronikoa inauguratu du gaur. Egitasmo honi esker, hiritarrek agiriak doan jaso eta gordetzeko aukera izango dute, segurtasunez eta legezko balioaz.

Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, EAEn agiriak sortaraz ditzaketen balizko 300 igorle baino gehiago daude: administrazioak, enpresak, banka, aseguruak, hezkuntza-erakundeak, elektrizitatea, gasa, ura eta telefonia alorreko banatzaileak, adibidez.

Metaposta "Euskadi Informazio Gizartean 2010 Plana"ren barruan mamitutako proiektua da, Danimarka bezalako herrialdeetan arrakastaz diharduten antzeko ekimenetatik abiatuta.

Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak eta Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazio sailburuak, Juan Goicolea Berrikuntza eta Teknologia sailburuorde eta Metapostako presidentearekin batera, dokumentu-gordailu elektronikoa eta sarean erabiltzeko moduko postontzia eskaintzen dituen zerbitzua aurkeztu dute gaur.

Ekitaldia Arabako Teknologia Parkeko erakusketa aretoan egin da, Miñaon.

Metaposta etxeko artxibategiaren ordezko gisa sortu da, euskal etxe askotan ohikoa den faktura, agiri eta paperen anabasari irtenbidea emateko asmoz, Metapostak euskal hiritarrek darabiltzaten etxe barruko kudeaketa-moduei buruz egin duen ikerketa antropologikoaren haritik.

Metapostak ohiko postontziari dagokion zerbitzua eskainiko du mundu elektronikoan. Hiritarrek sistema honen bidez jasoko dituzten dokumentu asko eta asko postontzi fisikoan jasotzen dituzten berberak izango dira: fakturak, kontu-laburpenak, egiaztagiriak, polizak, kontratuak, zitazioak, jakinarazpenak eta nominak.

Gaur arte, 18 erakundek bat egin dute Metaposta sistemarekin. Eusko Jaurlaritzaren estimazioen arabera, 300dik gora Metapostako zerbitzuez balia daitezkeen instituzio, erakunde eta organismoak.

Metaposta elkartea 2010ean eratu zen eta zortzi bazkide hauek osatzen dute: Ezten (SPRIren eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko arrisku-kapitaleko funtsa), EJIE (Jaurlaritzaren informatika-elkartea, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren menpekoa), Bilboko, Gipuzkoako eta Arabako Merkataritza Ganberak, Tecnalia Korporazioa, Gupost marketing zuzeneko enpresa eta Mondragón Inversiones delakoa.

Metapostaren aurkezpena. Argazkia: EFE

No hay comentarios:

Publicar un comentario