2011/02/11

Nokia eta Microsoft elkartu egin dira Apple eta Googleri aurre egiteko

Munduko sakelako telefono ekoizle handienak Windows Phonen oinarritutako sistema berri bat sortuko du iOS-ekin eta Androidekin lehiatzeko.

Nokia munduko sakelako telefono ekoizle handienak "akordio estrategiko zabala" iragarri du Microsoftekin Windows Phonen oinarritutako sistema berri bat osatzeko, Appleren iOS-i eta Googleren Androidi aurre egiteko.

Finlandiako konpainiak esan du Windows Phone izango dela sistema eragile nagusia bere sakelako telefono inteligenteetan eta bigarren mailan geratuko dela enpresak telefono ekoizleak berak sortutako MeeGo.

Nokiaren eta Microsoften aliantzarekin, aplikazio eta zerbitzuak garatuko dituzte elkarrekin, Appleren App Storerekin eta Googleren Android Marketekin lehiatzeko.

Nokiak mundu mailako lidergoa berreskuratu nahi du horrela, 2007an Applek iPhone sortu zuenetik berrikuntza alorrean atzera geratu baita.

Erraldoi finlandiarrak galera handiak izan ditu azken urteetan. Stephen Elop kontseilari ordezkariaren arabera, konpainiaren egoera "sutan dagoen petrolio plataforma batekin" konpara daiteke.

Era berean, Nokiaren estrategia berriaren ondorioz zuzendaritzan ere aldaketak egingo dituzte. Kaltetu nagusia Alberto Torres MeeGo garatu zuen ingeniaria izango da, kaleratu egin baitzuten bere lanak porrot egin zuelako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario