2011/03/31

Googlek 'Atsegin dut' funtzioa izango du, Facebookek bezala

Funtzio berriak edukiak gomendatzeko balioko du. Zenbat eta boto gehiago jaso, esteka horrek garrantzi gehiago izango du bilatzaileka emango dituen emaitzetan.

Googlek "+1" izeneko funtzio berria aurkeztu du. Horrela, bilatzaileak Facebookek duen "Atsegin dut" funtzioaren antzeko erreminta izango du hemendik aurrera, konpainiak bere blogean adierazi duenaren arabera.

Datozen egunetan, Googlen profila duten erabiltzaileek "+1" funtzioaren ikonoa topatuko dute bilaketa bat egin ostean azalduko diren emaitzen ondoan eta botoi horrek edukiak gomendatzeko aukera emango du.

Estrategia berri honekin, Googlek Facebookekin lehiatu nahi duela uste dute analistek eta, horrela, sare sozialak bezala, erabiltzaileen laguntzarekin Sarean garrantzia duten edukiak identifikatuko dituzte.

Sistema honekin, Googlen profila dutenek euren "lagunei" gustuko dituzten edukien berri emateko aukera emango die.

"+1" ikonoa Interneteko iragarkietan ere erabili ahal izango da eta, konpainiak aurreratu duenaren arabera, etorkizunean kontsultatu ostean gomendatu diren webguneetan ere ikusiko da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario