2011/03/01

LGk Playstation 3 kontsola Europan ez banatzea lortu du

Hagak LGk Blu-rayaren patenteak urratzeagatik Sonyren aurka aurkeztutako argudioak onartu ditu eta datozen 10 egunetan banaketa gelditzea agindu du.

Hagako epaitegi zibilak datozen 10 egunetan PlayStation 3 kontsola Europan banatzea debekatzeko agindua eman du. Epaitegiak LGk Blu-rayaren patenteak urratzeagatik Sonyren aurka aurkeztutako argudioak onartu ditu. Europako aduanazainek kontinentean egingo duten PlayStation 3 kontsolaren banaketa geldiarazteko agindua dute.

Sonyk eta LGk patenteekin erlazionatutako hainbat auzi dituzte. Guztira, zazpi auzi dituzte bi enpresek epaitegietan. Auzi horietako bat, LGk Sonyri PlayStation 3an Blu-ray sistema erabiltzeagatik egindako salaketa da. LGk Hagako epaitegiak kasua aztertzea eta agindu judiziala ematea lortu du.

Datozen 10 egunetan, aduanazainek topatzen dituzten PlayStation 3 kontsola guztiak konfiskatuko dituzte. Epailearen aginduaren ondorioz, agenteek Sonyk Europan dituen biltegietara joan eta kontsolen banaketa geldiaraztea eragin dute. Holandan, Sonyk Europan duen biltegi handienetako bat geldiarazi dute eta milaka gailu bertan gelditu dira.

LGk egindako akusazioek Sonyk bere kontsoletan erabilitako Blu-rayaren lau patenterekin erlazionatuta daude. Konpainia korearrak hainbat instituziotan akusazio bera egin du, baita erakunde estatubatuarretan ere. Salaketa horiek aztertu dituen lehena Hagako epaitegi zibila izan da.

Adituek LGk esandakoa egia dela baieztatzen badu, ondorioak Sonyrentzat oso kaltegarriak izan daitezke; izan ere, LGk kontsolak suntsitzea edo, bestela, indemnizazio ordaintzea eska lezake. Bigarren kasuan, Sonyk saldutako kontsola bakoitzaren dirua ordaindu beharko lioke LGri eta konpainiarentzat gastu ikaragarria izango litzateke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario