2011/04/06

Argazkiak eta bideoak igotzeko eitb.com-en erreminta berria, abian

Probetan egongo da eta orain arte 150.000 argazki jaso dituen Eguraldiblog ordezkatuko du. Gai askotako argazki eta bideoak igo ahalko dira aurrerantzean.

eitb.com-en erabiltzaileek argazkiak eta bideoak igotzeko erreminta berria dute. Atariak, beta fasean, 150.000 argazki dituen Eguraldiblog, EITBren eguraldiari buruzko argazkien bloga, ordezkatuko du.

Diseinu erakargarri batekin, argazkiak igotzeko aukera ematen du erremintak eta atarian ere, erosotasun osoz ikus daitezke (eitb.com/erabiltzaileak/argazkiak). Hala, Eguraldiblogen izena emanda dauden 5.000 lagun pasatxo horientzat (automatikoki erreminta berri honetan erregistratuta egongo dira) bistakoak izango dira hobekuntzak: hainbat argazki igo ahalko dira aldi berean (galeria moduan), tamaina orijinalean eta irudi bakoitzaren datu teknikoekin... Era berean, eguraldiarekin lotutakoez gain, beste hainbat gairen inguruko argazkiak igo daitezke; hala nola, oporrak, kirolak, erretratuak...

Argazkiak ez ezik, bideoak bidaltzea ere posible izango da (eitb.com/erabiltzaileak/bideoak). Klik gutxi eginda, etxean egindako bideoak eta muntaiak beste batzuekin partekatuko ditu erabiltzaileak. Egun, argazkiekin gertatzen den bezala, bideoak ETBren "Eguraldia" atalean erakutsi ahal izango dira, eta, interes informatiboa balute, albistegietan.

Sobera ezagun diren bi webguneren aplikazioak erabili ditu eitb.com-ek atarion oinarri: Flickr (argazkietarako) eta Youtube (bideoetarako). Euren fidagarritasuna eta sistemen egonkortasunari esker, erremintak hobeto funtzionatuko du.

Izena eman ondoren, bere profileko datuak aldatu ditzake erabiltzaileak. Hartara, datu pertsonalak, darabilen kameraren ingurukoak edota ordezkatuko duen irudia eransteko aukera izango du. Beste erabiltzaile batzuen edukien inguruko iruzkina egin eta eurekin harremanetan jarri ahalko da. Are, erabiltzaile bakoitzak bere orrialdea izango du, eta bertan agertu dira igo dituen argazki eta bideoak. Horrez gain, eduki gehien bidali dituzten erabiltzaileak atariaren orrialde nagusian agertuko dira, erabiltzaile aktiboenen zerrendan.

Etorkizunean, audioak eta albisteak ere igotzea izango da erreminta honekin.

Eguraldiblogen gabezia batzuk konpondu dira erreminta berrian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario