2011/04/26

Pelikulak alokatzeko zerbitzu berria abian jarriko du Youtubek

Sony Pictures, Warner Brothers eta Universal Hollywoodeko ekoizle handiek bideo zerbitzu horretarako filmeen baimenak eman dituzte.

Hollywoodeko filma ekoizleetako pelikula arrakastatsuenak zuzenean ikusi ahal izateko sistema berria aurkeztuko du Youtubek laster, The Wrap webguneak iragarri duenez. Google konpainiaren bideo zerbitzuak ez du publikoki iragarri oraindik, baina datozen asteetan martxan izatea espero da.

Momentuz, Sony Pictures, Warner Brothers eta Universal Hollywoodeko ekoizle handiek bideo zerbitzu horretarako euren filmeen baimenak eman dituzte. Horrez gain, Lionsgate eta Kino Lorber estudio independenteek euren pelikulak igortzeko baimena eman dute. Paramount, Fox eta Disney ekoizleek, ostera, proposamenari uko egin diote.

YouTube Rentals filmak alokatzeko plataforma 2010eko urtarrilean jarri zuen martxan konpainiak. Bertan duela urte batzuk estreinatutako pelikulak eskaintzen dira, Scary Movie 4 eta El tren de las 3:10 esaterako.

Youtubeko katalogoan hiru ekoizle handi horien sarrerak AEBetan iTunes, Amazon edo Netflix enpresekin lehiatzeko orduan bultzada suposatuko du.

"Pelikulak alokatzeko zerbitzua abian jarri genuenetik filmeen kopuruak pixkanaka gora egin du eta orain milaka eskaintzen ditugu", Youtubeko bozeramaile batek ziurtatu duenez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario